|
IV. EUSKAL ARKADIA ETA HERRIMINA
|
Arkadia eta herrimina denbora guztian elkarrekin doaz Ameriketara joan ziren gure migralariengan. Beharbada esango genuke lehenengoak suposatzen duen aberriaren, aberri txikiaren idealizapenak sorturiko herrimina normalean urruntasunaren Erosarekin loturiko zerbait dela. Hain zuzen ere, herriminari buruz hitzegiten dugunean bere indar zentrifugoa soilik hartzen dugulako kontutan, Lurretik urrundu den bihotza ostera lurrera erakartzen duena. Ahantzi egiten dugu herriminak berarekin daraman mugimendu diastolikoa: lurretik ateratzeko joera. Guk iradoki besterik egin ez baditugu ere, ekonomistek eta soziologoek esan egiten digute zeintzu diren migrazioaren arrazoiak. Baina hori ez da nahikoa edo, beharbada beste modu batetan esateko, horrek arazoaren alde niminoena besterik ez du argitzen, zenbakien eta porzentaien taula hotzetan gauzatzen dena. Horregatik, guk fenomenoaren azpian azaltzen dena azpimarratu nahi genuke, luzaroan pertsonaren bizikizunean askoz eragin handiagoa duena: migrazioaren emozionalpena, migrazioa emozionalki egokia den lurralde batetan ematen baita eta paradoxa baten pean: zernolako indarrez jalgitzen den migralariengan hain beharrezkotzat jotzen duten lurretik aldentzeko irritsa, nahiz eta gero urruntasunak inposatuko duen bere herrimin izugarria.
Askotan esan ohi izan da familietako seme-alaben gehiegizko ugaritasuna izan dela migraziorako motiborik garrantzitsuenetakoa. Hori ukaezina da baina, beharbada, bada beste argibide posibleren bat. Psikologiara jo beharko genuke horretarako, psikologia sakonera. Famili batetan, anai-arrebak beti konkurrenteak dira amaren maitasunean, beraiek markatzen dute lagun urkoaren lehen agerpena gizonaren bizitzan. Beharbada ez dugu erreparatu gizonaren bizitzan lagun urkoak egiten duen lehenengo agerpen honek etsai gisa, lehiakide gisa aurkezten digula bestea, nahiz eta anaiaren mozorropean izan. Gizonaren lehen zirrara amak babestua izatea bazen, bigarrena babes hori galtzearen beldurretik sortzen da, lehiakide dela eta.Errorea! Liburu-marka definitu gabe.
Beraz, migrazioa, emozionalki, amaren maitasunaren galera sinbolikoaren aurreko erreakzioa balitz?. Galdera moduan uzten dugu, baina arlo hontan bertan hori frogatzeko aukerarik izango dugulakoan gaude, barru barrutik, hondoenetik jo behar badugu ere gure analisian. Hau esaterakoan ezin dugu ahantzi "ama" gisa ulertzen duguna egiazko ama eta ama lurra... eta ama euskera bat egiten dituen arketipoa dela.
Baina motibapen sikologikoa aparte, urruntasuna eta herrimina funtsean daudela elkartuta esateko motiborik dagoela uste dugu. Bizitza hasieran haurrak munduarekin batasuna osatzen du eta batasun horretan ez dago ez barne mundurik ez kanpo mundurik. Dena bat eta bera da, nolabaiteko natura eta niaren intimitatea. Poliki poliki, burmuinaren formalizazioak, tajuketak, ireki egiten dio haurrari objetoen mundua eta jolastu egiten du gero lanabes izango diren objeto horiekin. Eta gauzen munduarekin batera pentsamendua aurkitzen du eta, pentsamenduarekin, lehen esan dugun bezala, herio potentziala. Baina objetoen mundua erdian jarri zaio, bere nitasunaren ispiluaren eta aurreko horizonte urdin haren artean. Ondorioz, gero eta lausotuago geldituko zaio amaren mundua.
Beharbada, aipatu dugun "errealitateen mundu objetiboak" izugarrizko urradura burutzen du haurraren mundu aurrelogikoan, ametsa eta errealitatea, nia eta inguruko mundua bat egiten ziren hartan. Eta mundu objetibo hori sartu egiten da,gorputz arrotz erraldoia bailitzan, bere egituraketa samurrean. Ondorioz beti dago halako sare bat, errealitatearen mundua inguratzen duena, mozorroa balitz bezala: sare hori, arkadiaren arlo guztiei aplika dakiekeena, nahiz lurra, nahiz euskera, nahiz arima, nahiz mitoak, nahiz natura, urruntasuna da, horizonte urdina. Horregatik dio Kunzek amarekiko lotura dela urruntasuna somatu ahal izateko baldintza ontogenikoa. Amarekiko, ama orokor horrekiko loturak elikatzen du, beraz, urruntasunaren Erosa.
Oraintxe bertan, hurbiltasunik izugarriena urruntasunik izugarriena bilakatuko da: horizontearen gailur urdinaren, oroimen zaharraren urruntasun kontsolagarria.
Urruntasunaren "urdintasun" hau da poeta asko eta asko, Emeterio Arrese adibidez, eta bertsolari gehienak, Amerikak egitera joan ziren guztiak esango genuke, beren intimitatetik besteengana bultzatu dituena. Bai Rilkerentzat, bai Novalisentzat, ezagunenak aipatzeagatik, lurraren sabelean bilatu behar den lore urdin zoragarria da maite izan dituzten emakumeen sinboloa.
Eta oker geundeke urruntasun urdin hori irudi poetikoa soilik dela uste izango bagenu. Heideggerek zerbaitegatik definitu du gizona "urruntasunaren izakia" gisa.
Guk atzerantz jotzen dugu. Haurtzaroko mundua urratu duen mundu errealaren irudia eta haurtzaroko munduaren magia bi arlotan zehazturik uzten duela konturatzen gara: bata, bere intimitaterik hurbilenean, zirraren munduan, eta bestea, halako sare sotil gisa, bizitzaren horizonte urdin eta urrutian. Bietan dago amaren irudia eta bi arloek desira dute nostalgikoki bat egitea.
Dudarik gabe, zenbait herrialdetan bi zati hauek bat egin nahi izan hori bestetan baino bortitzagoa da... eta Euskal Herrian izugarrizko indarrez somatzen da, aipatzen ari garen bertsolari migralariek adierazten duten bezala.
Horregatik, beste zenbait gizonengan poliki poliki atrofiatzen doan irritsak iraun egiten du gure migralariengan herriminaren indar izugarriaren bitartez. Maņex Etchamendy genuke adibiderik esanguratsuena. Beraz, ez da nostalgia etsipendu soilik baizik baita ere indar biltzaile, sortzaile, zentrifugatzaile, izakiaren kualitate gorenenaren, samurtasunaren, iturrian egongo dena.
Lanaren egiturari amore emateagatik, sailkapen bat egin beharrean aurkitu gara baina honek ez du esan nahi garrantziaren arabera egin dugunik, maiztasuna garrantziaren esponente adierazkor bada ere. Beraz, bost arlo ezberdinetan, beraien artean guztiz lotuta egon arren, tajutuko dugu arkadiaren herrimin hau:
A. Euskera eta arkadia.
B. Andrea arkadian.
C. Arkadia horretako natura.
D. Arkadia eta Euskal Lurra.
E. Herrimina.
|
A. EUSKERA ETA ARKADIA
a) Euskera arkadiaren seinale izango da:
"Emen ez det arkitu euskeraz mintzatzen den Arabarrik", (1) esango digu Zubillagak.
b) Migralariarentzat euskera nabarmendu egiten da hizkuntz guztien gainetik, denentzako "eredugarri" bihurtu arte.
" Orain ludi ontako gora-berak, garai artan baņo milla aldiz obetoago ezagutzen ditut, ta edozeņi esango nioke, euskaldunon mintzoa, ain antziņakoa izan arren, ederra bezain polita dala". (2)
c) Euskera, Euskal Herriarekin batera bizitzeko modurik egokienetakoa egin zaigu. Dabid Aranbururena da bertsoa.
" ... baņan oraindik nai nuke egon
Euskalerriyaz batera,
merezi du ta al dan moduan
gora dezagun euskera" (3)
|
d) Euskera eta fedea dira euskal arkadiaren osagarririk garrantzizkoenetakoak, eta biek elkarrekin joan behar dute. Hala dio Maņex Etchamendyk bere zenbait bertsotan. Guk bi bakarrik aitatuko ditugu:
"Frantzesik ez dakitener
frantzesez mintzatzea,
hori da guziz elizan
Jainkoaz trufatzea;
ezagun da aise zer den
lege horren xedea:
eskuara galduz dezagun
oro bat gal fedea" (4)
|
Esterenzubiko bertsolaria ez da beti hain gogor mintzatzen gure herriak erdararen partetik jasan behar izan duen kolonizazio izugarri horretaz, baina aipatzen duenean indarrez egiten du eta ikuspegi garbiz. Eta ez dugu uste Sabinoren eragin soilagatik izan zenik, hurrengo bertsoan euskera eta fedearen arteko formulazio nazionalista nabarian gelditzen bada ere.
"Elgarren estimua
atxiki dezagun.
Bake-amodioan
dautzuet nik egun.
Bai, izan gaiten beti
euskaldun-fededun,
zeruan ere elgar
ikusi dezagun". (5)
|
e) Euskera ez da soilik arkadiaren seinale, baizik bere lehen ezaugarria, denen artetik markatuena, nagusiena. Itxuragabe aniztu genitzake aipuak. Lau besterik ez ditugu ekarriko gogora.Bertsolari anonimoarena lehena.
"Zure txit antziņako
euskera gozoa
da nik amatxogandik
ikasitakoa,
izkuntza guzietan
paregabekoa,
noizbait leku askotan
itz egindakoa" (6)
|
Artzai batena bigarrena.
"... gure izkuntza degularik
biotzen barruan
ta esanaz: "Orlakorik
etzegok munduan" (7)
|
Luzaideko Juan Kruz Arrosagaraienak urrengo biak.
"Euskeraintzat izan dut beti anbizione,
holako mintza bideik ez baita nehon-e;
bainan pratikatzen du bakoitxak ber'alde,
zuzenki nork dakiten nik egin dut galde" (8)
|
Hizkuntzarekiko kezka azaltzen du garbi asko luzaidetarrak eta beharbada garbizaletasun izpi bat ere bai.Baina ez da bere kezka bakarra izango. Urrengo aipuan orain arte esan dugunarekin batera beste puntu guztiz garrantzizkoa ekarriko baitigu kontura.
f) Euskeraren batasunaren beharra. Bortizki deiadarkatzen du.
"Konpreni daite nonbait badela Euskeran falta handia,
herri batetik eta bertzera badugu diferentzia;
ainitz alditan gertatzen baita elgar ez konprenitzia,
abantil luke gure mintzaira orok berdin mintzatzia" (9)
|
Geroxeago hauxe digu:
"Lan hori utzi behar ginuke gizon inpartzialetan,
denborarikan galdu gabe hor ar diten lan horietan;
irakaspenak zabal ditzaten Euskaldunen herrietan,
ontsa finkatu arte betikotz gure buruko muinetan". (10)
|
g) Euskeraren jatorri ezezaguna aipatzen du Luzaideko bertsolariak euskal arkadiarekin identifikatu ahal izateko motiboetako bat bezala.
"... irakurtu dut mundu guzian ez daukela ez parerik,
jende abilek ezin dirote aurkitu honen errorik". (11)
|
h) Arrasogaraiek dioenez, euskera da hizkuntzik ederrena.
"Zabal dezagun gure mintzaira gabiltzan leku guzitan
ederragorik ez dugu uste jalgi dadin nihundikan". (12)
|
i) Euskeraren osagarri afektiboak aipatuko dizkigu urrengoz.
"Aita-amen ahotikan ikasi karesa beroz,
hain eztiki aditzean borondate amodioz;
zuk bakarrik kontsolatzen gu, hau eleka hasiz geroz,
ordutikan gurea zire eta izanen betikotz..." (13)
|
j) Jasaten duen erasoa izango da azken aurreko motiboa.
"... Badakigu atakatzen zaituztela aspaldian,
zu desegin nahiz ari dire jelosi handian..." (14)
|
k) Guzti horrek, euskera izatea euskal herrien lokarri estu eta egokiena egiten du.
"Biltzarretan, kasetetan, baita ere bertsolari,
zure alde errepikan aste guziz dire ari;
jarraikitzen badute hola, hasia duten lan hori,
euskera, zu izanen zire Euskal herrien lokarri" (15)
|
Bestalde, gauza zeharo bitxia da euskera, bertsolaritza eta arkadiaren artean egiten duten loturaz konturatzea, hirurak elkarrekin estu estu loturik egongo balira bezala, inola ere hautsi ezin daitekeen gorpuzdura berean.Juan Mari Lujanbiok, adibidez, gogo haundienez irrikitzen du behin atzerrira joan eta gero bertsotan aritu ahal izatea.
"Atzo goizian etorri zaizkit
etxera bertso berriyak,
Gipuzkoatik Argentinara
Txirritak berak jarriyak,
Mar del Plata-ko euskaldunentzat
dira txit gustagarriyak;
naiago nuke alkarren onduan
bizi bagiņake biyak,
nere buruan aldatutzeko
zure euskeraren giyak". (16)
|
Bertsolari berak jartzen digu bertsolaritza arkadiaren seinale garrantzizko gisa.
"Txirritarenak Otaņorekin
lenago Xenpelarrenak,
Ameriketan juzgatu diran
bertsolairik ederrenak;
ariyen markak iya jo ditu
gure anaia zarrenak,
Bakallero ta Udarregi´re
ez omen dira txarrenak,
iņor mendratzen ez det ari nai,
ederrak zerate denak" (17)
|
Azkenik, esan dezagun bertso-kanta denborapasa nostalgikotzat jotzen duela, aberria gai dutelarik.
Frantzes onek eman dit
Espaņako berri,
ezagututzen ditu
orko zenbait erri;
fonda batian sartu,
eserita jarri,
pasara eman dio
zenbait bertso zarri,
aspaldin kantatuak
Pellok Xenpelarri. (18)
|
Oharrak:
1 ZUBILLAGA, J.R.: Op. Cit. (1964), 143. Orr
2 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 185. orr.
3 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 278. orr.
4 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 50. orr.
5 Ibidem, 234. orr.
6 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 54. orr.
7 Ibidem, 129. orr.
8 ARROSAGARAY, J.C.: Op. cit. (1983), 66. orr.
9 Ibidem, 138. orr.
10 Ibidem, 139. orr.
11 Ibidem, 143. orr.
12 Ibidem, 144. orr.
13 Ibidem, 147. orr.
14 Ibidem, 147. orr.
15 Ibidem, 147. orr.
16 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 94. orr.
17 Ibidem, 95. orr.
18 Ibidem, 113. orr.
|
| |
 |
 |
|