|
B. ANDREA ARKADIAN
Ez dugu enfasi gehiegirik jarri nahi arlo honetan, agian bertan agertzen den andrearekiko ikuspegia ainitz aztertua dagoelako jadanik eta sarritan aipatu izan delako. Besterik gabe, hots, bertsolaritzan jaso izan ditugun aipuek azpimarratu egiten dutela gaiaz iritsi zaigun literatura esan dugu. Beharbada, zerbait nabarmentzekotan, hauxe nabarmendu nahiko genuke: ezkontzeko momentua heldu eta, aukera egin beharreko unean ere zernolako garrantzia duen herriminak, jada ezaguna den bizimodu nostalgiko baten deiak. Bestela ez da ulertzen zergatik halako insistentzia andreak euskalduna eta kristaua izan behar duen horretan. Apika, kontutan hartu beharko genituzke komunikazio arazoak ere: hizkuntza, bizitzari buruzko ikuspegi partaidetua, kultur erreferentziak, oinarriak... azken batez, filosofia postmodernoan "errelato haundiak" terminoarekin ezagutzen dugun guztia.
a) Amerikan eginiko ezkontza, arkadiara itzultzeko eragozpen besterik ez da. Hala dio Zubillagak bere Lardaxketan.
" Ezkontzeko izu ni egotea, etzan bada gauz arritzekoa. Esne-banaketan, ainbeste ibillaldi sukaldetik-sukaldera, sendi eta familiak ezagutzen ikasi nuen ongi, ta batez ere emengo andereņoak. Etzan ezkontzaren beldurra bakarrik nik neukana; emen ni ezkontzen banintzan, Euskalerrira itzuliko ez nintzan beldurrak menperatzen ninduan, ala egiten banu". (1)
b) Beraz, ezkontzeko aukeran, nahiago dute emakume baserritarra. Zubillagarena berarena da aipua:
" neskatxak laister erantzun zidan, bere baiezkoa esanda. Ona emen bere izen eta abizena: Mariana Saldubehere. Baņa bera ez kaletarra; euskal baserritar antzekoa baizik, Buenos Aires inguruko kanpoan jaio ta azia bere aita-amaren ondoan, 33 urte bete arteraņo." (2)
Gauza bera dio Maņex Etchamendyk.
"Izana gatik horgo andreak
eder eta pinpirina,
nik aditzea badaukat beti,
hobe dela euskalduna.
Nahi baduzu izan dezazun
lur huntako zoriona,
hauta zazu bai neska prestu bat
eta girixtino ona". (3)
|
c) Behin neska aukeratu eta gero ere, ezkontza egiteko momentuan migralariak arkadiako erara jotzen du, ezkontza euskaldunen modura egin dadin.
Hala dio Zubillagak:
"Geron ezkontza, Merlo-ko elizan ospatu zan, Euskalerriko oiturak betetzen diran bezelaxe" (4)
Juan Mari Lujanbiok, berriz, halako elkarte itxi moduko zerbait aurkezten digu, ghetoren antzekoa.
"Bi koņata badauzkak
etxian ezkongai,
Argentina'ra beira
nobiyuaren zai;
emen bazeudek zenbait
tambero ta artzai,
oraindik solteruak
aprendizak aur zai,
esan abek joan arte
egoteko lasai". (5)
|
Nikolas Lujanbioren bertsoa ere ez dabil aurrekoarenetik hain urrun.
"Auzotik nobiyorik
ezpada azaldu,
nik Amerika´tik bat
nai dizut bialdu;
erostun onarentzat
bagaude zein saldu,
Maria, etzazula
esperantzik galdu". (6)
|
d) Ez halako ideia askotan azaldu delako baina... ez da ezkontz berantiarraren alde azalduko den aipurik falta. Dudarik gabe, orduko giza eraketak bultzatu zuen ohitura izango litzateke, etxea eta dotea eduki behar izatea etabar. Bestalde, garbi asko ikusten da Amerikak egitera joan eta dirurik gabe itzuli behar izatea porrota besterik ez zela eta bertara joandakoak etzuela itzultzeko presarik, dirua egin arte behintzat. Horrek esplikatuko liguke ezkontzeko presa eza hori.
Juan Mari Lujanbiorena da bertsoa.
"...ark esango dizute
nola dan mundua,
damutu zitzaioken
gazteik ezkondua,
berrogei urterarte
ez da berandua". (7)
|
e) Juan Kruz Arrosagaraiek espezifikatu egiten digu nolakoa den euskal arkadiako andrea.
"Nere andrea leihal bere eginetan,
garbitasuna oso bazter guzietan;
ez du nagitasunik dakien gauzetan,
beti prest dago zuzen bere orduetan,
paregabia duzu dabilen lekutan.
|
Janaria egiten ere ontsa daki,
gostu ona du eta beti bada aski;
arrangurarik ez du finitziareki,
eskerrak emateko gu prest gira beti,
kozinerra satisfos guk erranareki". (8)
|
f)Luzaideko bertsolari beraren ahotik datorkigu ezkondu eta gero, familia osatzeko momentuan, zer moetako hezkuntza eman behar denaren berri.
"Zure ottok nahi du zu ontsa edukatzia,
jostaketak negurrian et´aunitz ikastia,
handitu ta errespetuz igaiteko bizia,
laite pare gabia.
|
Ottok eman kontseiluak hartu ontsa burian,
gau-egunak pasatzen tut orai zure guardian,
nahiz ontsa zu gidatu jendetasun moldian,
zerurako bidian". (9)
|
Oharrak:
1 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 204. orr.
2 Ibidem, 208-209. orr.
3 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 226. orr.
4 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 210. orr.
5 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 107. orr.
6 Ibidem, 121. orr.
7 Ibidem, 79. orr.
8 ARROSAGARAY, J.C.: Op. cit. (1983), 43. orr.
9 Ibidem, 47. orr.
|
| |
 |
 |
|