IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ameriketak eta bertsolariak »  c. Arkadiako natura

c. Arkadiako natura

C. ARKADIAKO NATURA



Edo paradisua esan beharko genuke agian?. Baina modu zabal batetan ulertutako paradisua, noski, migralariek posibilitateen paradisu gisa egiten baitute euskal arkadiako bizitzaren goralpena bere arlo guztietan, natura barne. Bizitzaren hasiera, mugarik gabeko abentura gisa azaltzen zaiola gizonari esan nahi dugu, posibilitateen horizonte amaigabe gisa. Baina une berean , aukera hauen arteko hautatu beharra azaltzen zaio, errealitate bihurtu ahal izateko. Giza fantasian bakarrik diran posibilitateak, bere aberastasun guztiarekin, bere ahalguztitze izugarriarekin.

Ez da batere harritzekoa, behin baino gehiagotan gizonok posibilitate betegabe horien paradisutik, jainkotzear dagoen natura horretatik atera nahi ez izatea, dena posible izanik, erabakitzea beharrezkoa ez zaion haurtzaroko munduari eustea. Dena da posible,baina ez hautatzea da ezinezkoa dena, denboratasuna geraraztea, haurtzaroko paradisuan jarraitzea. Hautaketa-askatasun infinitoa dugu aurrean, Kierkegaardek larrimin bihurtuko zuena, larrimina "askatasunaren posibilitate" edo " askatasunaren zorabio" gisa definitzeraino. Askatasunak, natura horrekiko komunio harremanak, gure migralariengan hain nabarmenki somatzen denak, zorabioa sortarazten digu, posibilitateen paradisutik irtetzera bortxatzen gaituelako hain zuzen ere.

Eta Kierkegaardek bezala, migralarien arteko bertsolari askok izengoitiaren pean idatziko du ala anonimatoan. Beti mozorroaren pean egotea azken batez garena baizik izatearen posibilitateari ezin uko egitea besterik ez da.

Posibilitateen paradisu bihurturiko natura horretan, Zubillagarentzat, xoriak izango dira arkadiako artearen eredu.

" Gaurko egiazko artea, basoko zugaitz gañean kantatzen duten egaztiak bakarrak dira noski" (1)

Bestalde, euskal arkadiako paradisuaren deskribapena ematerakoan, zenbait zeinu aurreratuko dizkigu Juan Mari Lujanbiok: sagarrak, intxaurrak, urrak... beraz, ugaritasunarekin zerikusirik duen oro. Horrela dio.

"Produkto onak omen ditu aurten
Gipuzkoa ortan lurrak,
danak betiak omen dirade
sagar, intxaur eta urrak;
aieri beira pozez zoratzen
aitona bizkar makurrak,
sagardoz berriz freskatu eta
lasaiturikan ezurrak;
gizon formalak abisatzen dit,
apenas dira gezurrak" (2)


Ez dugu uste kasualitatez aukeratu duenik bertsolariak sagarra, lehenengo fruitu bezala. Betidanik izan da berezia. Parisen haserrearen sagarra, Hesperidesen baratzeko urrezko sagarrak, hilezkortasunaren sinbolo, Adanek eta Ebak jan zuten sagarra eta Kanturik Ederrenean agertzen dena, Originesek zioenez Hitzaren emankortasuna adierazten duena.

Jakituriaren iturri, baina bizitzaren zuhaitzaren irudi haina gaitzaren zuhaitzarena, hilezkortasuna ematen diguna edo erorketa. Zelten artean bezala, gure herrian sagarra beti izan da, fruitu gisa ala sagardo bilakatuta, zientzia herritarraren, magiaren eta errebelazioaren fruitua. jaki zoragarria, edari nazionalaren oinarri eta sinbolo.

Sagarrondoa bera beste munduko zuhaitza izango da. Gaztetasuna mantentzen duen fruitua, berriztapen eta freskotasun amaigabearen ikur. Gervasiusek zera dio, nola Alejandro Haundiak, Indiara bizitzaren uraren bila abiatzean, apaizen bizitza 400 urtetaraino luzatzen zuten sagarrak aurkitu zituen. Eskandinabiarren artean ere, jainkoek sagarrak jan eta "ragna rök" arte, ziklo kosmikoaren amaia arte, gazte mantentzen ziren.

Bestalde esan dezagun, batzutan kontrajarketa prozesuen bitartez adierazten dutela arkadiako naturaren oparoa. Hau da, Ameriketek, batzuei, sortarazitako deslilurapena adierazteko " Ameriketan ere zakurrak oinutsik" esango badigute, orain guztiz alderantzizkoa deiadarkatuko digu Josetxo Yanzik alde batetik beren egoera tamalgarria salatzeko, bestetik hemengoen, euskal arkadiakoen, zoriona azpimarratzeko.

"... guk baño bizi obia
orko zakurrak". (3)


Baina arkadiako naturaren rola iradokitzeko, naturako osagarrien sinbolismo bortitzenaz baliatuko da Manex Etchamendy bertsolaria. Honela dio:

"... haizia musikan ari zait
beharrien goxoko;
badut ere gai begiko.
Enetzat mendiak berde
eta zelaiak kolore.
Enetzat iturriak argi
bai eta fresko ere,
ibaia dena kantore.


Enetzat urdin zerua
eta urre iguzkia.
Hori-gorri gau ederretan
erdi-lo ilargia,
enetzat argi guzia". (4)


Bost sinbolo erabili ditu, zein baino zein boteretsuagoak. Haizea, lehenik. Haizea, alde batetik Titanei dagokien indar elementala da, bere bortxakeria eta amore ez ematea medio dituelarik. Baina bestetik, hatsaren sinbolo da, Izpirituarena berez, zerutik sortu den eragin espiritualarena. Horregatik azaltzen dira haizeak mezulari jainkotiar gisa bai salmoetan bai Koranen.

Manu jainkoaren araberako kosmogonia indiarren tradizioek diotenez, haizea izpiritutik sortua da eta argia sortzen du. Pertsia zaharreko tradizio abestikoen arabera haizea da munduari eusten diona eta oreka kosmiko eta morala erregulatzen duena. Grekoen artean haizeak jainko urduri eta zurrunbiltsuak ziren, Eolia isletako harperik sakonenetan gorderik zeudenak eta Eolo, denen jainkoaz aparte, beste hauek ere bereizten zituzten: Ifar haizea (Akilon, Boreas), hego haizea ( Austro), eki haizea (Euro), arratseko eta mendebaldeko haizea (Zefiro); eta bakoitzak zuen bere ikonografia.

Druiden haizea beraiek elementoen gain duten boterearen arlo bat da eta, bitarteko magiko gisa, guztiz loturik dago hatsarekin.

Guk, berehala gure bertsolariekin bat eginez, Shelley olerkari ingelesak idatzitako bertsoak aipatuko genituzke, adierazi nahi den guztia adierazi ahal izateko.

"Oi Mendebaldeko haize basati,
espektroen xarmalari.
Edonon ari zaren izpiritu basati,
suntsitzaile eta salbatzaile: entzun, oi entzun!
Oi, kontrolaezin hori!
mendekaitz, azkar, harro!.
Izan zaitez, izpiritu bortitz hori,
nire izpiritu!. Izan zaitez ni, odol-beroko.
Eraman itzazu nire pentsamendu hilak
unibertsoaren gainetik
hosto lehorrak bailiran
sorkuntza berri bat azkartzearren.
Eta bertso honen xarmariari esker
zabal itzazu, sute itzalgaitzetik bezala,
errauts eta garrak, nire hitzak gizadian.
Izan zaitez nire ezpainen bitartez igorpen
baten turuta ondiño iratzarri ez dagoen
lurrarentzat.

Oi, haize, negua baletor, akaso hain urruti
ote dago udaberria?". (5)


Haizearen ondoren, iturriak aipatzen ditu. Mitologiak erakusten digunez, ur bizia darion iturriaren sinbolismoa lorategian sortzen den iturburuaren bitartez adierazten da hobekien. Iturburu hori Bizitzaren Zuhaitzaren oinetan sortzen da, paradisuaren erdian, gero espazioaren lau puntuetara abiatuko diren ibaiei bizitza ematen dielarik. Terminologien arabera, bizitzaren iturria da, hilezkortasunarena, gaztetasunarena eta jakituriarena.

Betidaniko tradizioak zuhaitz baten oinetan jarri izan du gaztetasunaren iturria. Etengabe aldatzen ari diren uren bitartez iturburuak ez hilezkortasuna, baizik amaigabeko birgaztetzea sinbolizatzen du. Edari jainkotiarrak, anbrosia, soma, hidroeztia gaztetasun iturri dira. Bertatik edaten duena denboratasunaren mugetatik libre gelditzen da eta etengabe berriztatzen ari den gaztetasunaren bitartez lortzen du zahartzaroa.

Mitologia irlandarrean, Mag Tured izeneko guda garaian osasun iturrian sartzen dira Tuatha De Danann, Dana jainkosaren leinuetako gizon zaurituak, hurrengo egunean berriro borrokarako prest egon daitezen. Gainera Diancecht, jainko sendakariak, Irlandan sortu diren belar sendakari guztietatik bat jarri du iturburu horretan. Eta sendatze - zentzu horrekin batera badu beste bat ere, garbiketarena hain zuzen.

Germaniarren artean Mimir iturriak jakituriaren ura zeukan. "Bere ura hain da ederra, bertara hurbildu ahal izateko Odinek begi baten eskaintza eskatzen baitu. Begia da jakituriaren, igarpenaren eta poesiaren uraren prezioa.

Beraz, ez da batere harrigarria, gure bertsolarien artean gertatzen den bezala, iturburuen sakralizazio bat egitea, ur birjinariarena.

Iturriekin estu estu lotuta, ibaiaren sinbolismoa ematen digu Mañex Etchamendyk. Ibaiak formen lasterketa, emankortasuna, heriotza eta berriztapena sinbolizatzen du. Emaria heriotzarena da eta bizitzarena. Askotan itsasorantz egiten duen jeisketa hartzen da kontutan, iturburuetaranzko bidaia bestetan, ertzetarainoko zeharketa sarritan. Jeisketa, uren batasun prozesua da beti, bereiztasun ezaranzko itzulera, Nirvanara jotzea. Igoketa, aldiz, Hastapeneranzko itzulera da, Iturburu jainkotiarrera. Zeharketa bi egoera bereizten dituen oztopoaren marka da, fenomenoen mundua eta baldintzapen ezaren munduarena. Huei- neng, zen-eko maisuak, erakusten duenez, beste ertza "paramita" da, izatetik eta ez izatetik haruntza dagoen egoera.

Bestalde ezin dugu ahantzi judutarren artean goiko ibaia zeruko mesede eta eraginena dela, munduaren ardatzaren arabera bertikalki jeisten dena. Erdigunetik horizontalki lau norantzetara zabaltzea ondorengo gauza izango da: paradisuko lau ibaiak dira.

Indiak ere badu bere goiko ibaia: Ganga (Ganges), Shivaren iletik behera etorriz, den dena purifikatzen duen ura. Askatasunaren eragile, beraz. Purifikapena askatasunerako izaten baita.

Aintzinako Txinan ibaia zeharkatzeak sinbolismo haundia zeukan: udaberriko ekainean burutzen zuten bikote gazteek, eta emankortasunerako purifikapenaren sinbolo beharrezkoa zen.

Esan beharrik ez dago greziarrentzat kulto-gai zirela ibaiak, jainkoak, Ozeanoren haurrak eta Ninfen gurasoak zirelako. Horregatik eskaintzen zitzaizkien sakrifizioak, bertan zezenak eta zaldiak ito edo erahilez. Baina, indar emankor ororekin gertatzen den bezala, ibaiak guztiz misteriotsuak ziren: urezta zezaketen, baina baita irentsi ere, txalupa eraman ala irauli. Horregatik zioen Hesiodok: "Ez itzazue emari eternaleko ibaien urak otoitz egin aurretik zeharkatu". Gogoratu ere nola infernuetako ibaien izenek bertako torturekin zerikusirik zuten: Akeronte (minak), Flegeton (erredurak), Kozito (lanturua), Styx (izua), Leteo (ahanztura).

Eguzkia izango da laugarrena. Polibalentea bezain kontraesanez betea agertzen zaigu eguzkiaren sinbologia. Eguzkia bera jainkoa ez bada ere, herri askorentzat jainkotasunaren agertaldia da: epifania uranikoa. Jainko gorenaren seme bezala hartu izan dute edo ostadarraren anaia gisa. Ernalkorra da baina erre egin dezake eta hil.

Eguzki hilezkorra egunero irteten da eta gauero jeisten hildakoen erreinura; berarekin eraman ditzake gizonak ilunabarrera eta akabatu, baina inpernuetan zehar gida ditzake ere eta urrengo egunsentiarekin bizitzara ekarri. Bikoitza beraz bere zeregina: sikoponpo erahilea; hierofante hastapenlaria. Upanishadek dioenez, eguzkiak sortu eta irentsi egiten ditu bere haurrak. Platonek bere Errepublikan ikusten diren gauzen arteko esferan ongiaren irudia dela dio. Orfikoentzat munduaren adimena izango da.

Argiaren, beroaren eta biziaren iturri eta, berarekin batera, agortearen eragile eta, horrexegatik, heriotzarena. Txinan soberako eguzkiak, geziz, behera bota zituzten. Hala dio beraien mitologiak.

Bestalde, eguzkia zeruaren erdian dago, bihotza izakiaren erdian dagoen bezala. Iguzki izpirituala da, munduaren bihotz edo munduaren begi deitzen zaiona, Purusha nahiz Brahmaren etxea.

Analogikoki errege ororen sinbolo izango da, inperioaren bihotza. Eta Han dinastiako Wu enperadorearen amak eguzkia bere erraietan sartua zela amestu ondoren erditu bazuen ere, eguzkia ez da ernaltzearen sinbolo bakarrik izango; batez ere sinbolo inperiala izango da. Loreek eta abereek sinbolizatuko dute eguzkia: krisantemok, lotoak, eguzkiloreak, arranoak, oreinak, lehoiak.

Aintzineko mexikarrek pentsatzen zutenaren arabera, guk bosgarren eguzkia bizi dugu, lehenengo lauak honako hauek izanik: tigrearena, haizearena, euria nahiz suarena eta urarena: Tezcatlipoca, Quetzalcoalt, Tlaloc eta Calchiuitlicue. Gurea, tximeleta baten bitartez errepresentatzen dena Xiuhtecutli izango da.

Eta azkenik, ilargia. Bere sinbolismoa beti eguzkiarekiko erlazioan markatzen da. Hauexek dira bere berezitasunik nabarmenenak: alde batetik, berezko argirik ez duenez, eguzkiaren islada dela; bestetik, fase erberdinak dituela eta itxura aldatu egiten duela. Horregatik sinbolizatzen du menpetasuna eta hastapen emea; horrekin batera, periodizitatea eta berriztapena. Arlo bikoitz honen arabera, itxuraldatze eta hazkuntza printzipio da.

Erritmo biologikoen sinbolo, bere bizitza sortze eta heriotzaren lege unibertsalaren pean dago; historia patetikoa du, gizonarena bezalakoa, baina bere heriotza ez da inoiz betikoa. Hastapen formetara egiten duen amaigabeko itzulera honek, amaigabeko periodizitate honek, ilargia bizitzaren erritmoen astroa izatea egiten du. Etorrera ziklikoarenpeko arlo kosmiko guztiak kontrolatzen ditu: urak, euria, landaretza, emankortasuna...

Horretaz gain, ilargia lehenengo hildakoa da. Ilabetero, hiru gauez, hilik bezala dager, desagertu egiten da... gero birsortu eta dirdira haundiagoa hartzeko. Horrelaxe sinesten da hildakoek bizimodu berria hartzen dutela. Gizonarentzat ilargia heriotzetik bizitzara iragatearen sinboloa da. Horregatik jainko ilargikor asko eta asko hilen jainkoak dira: Men, Persefone eta, seguraski, Hermes bera ere.

Zeharkako jakituriaren sinbolo da, jakituria diskurtsibo, progresibo, hotzarena. Metaforikoki edertasuna iradokitzen digu eta inmentsitate ilunean dagoen argia. Badu zerikusirik hontzarekin.

Ez dugu ahantzi behar judutarren tradizioan ilargia hebertar herriaren sinbolo dela, ezpairik gabe beren bizimodu nomadarekin lotuta. Gogoratu besterik ez dugu Hasiera liburuan esaten zaiguna:

" Baina hark eskua atzeratu eta anaia irten zen lehenago. Emaginak esan zuen: "Hik bai duala urratu irtenbidea". Horregatik, Peretz, "Urradura", eman zioten izen. Ondoren anaia irten zen, hari gorria eskuan zuela. Eta Zerah eman zioten izen".(38,28-30)

Gogoratu beharrean gaude, Tamar zela amaren izena, eta heberteraz Tamar izenak "palmondoa" esan nahi duela, non batera aurkitzen diren harra eta emea. Horregatik konparatuko dituzte eguzkia eta ilargiarekin Tamaren haurrak, ilargia atera egiten baita eta sartu berriro, Peretz haurra bezala, eguzkiari toki egiteko.

Beraz, ez da batere harritzekoa gure bertsolari izenge batek bere arkadiako natura babeslea dela kantatu izatea.

"Zure mendi biribill
politen artean,
artu nuen arnasa
mundura agertzean;
zure gaztaña, sagar
ta intxaur-ostopean
jolas egiñ oi nuen
aurtxo nintzanean". (6)


Babesle, hain zuzen ere, aldakorra delako eta gure bizitzaren egoera guztiak bere magalean gordetzeko gauza delako. Hala dio beste bertsolari izenge batek.

"Euskal-Erriko zelai,
baso ta mendiak,
aditu oi zituzten
kantu pozgarriak;
orain penaz beterik
gure alderdiak,
lutoz jantzita daude
kanpo ta erriak". (7)


Hain da babeslea, hurbila eta xamurra euskal arkadiako natura ezen bertan ez baita pizti arriskugarririk. Ez da batere harritzekoa Ipar Ameriketako mendietan artzaintzan zebilen gizonak hori nabarmentzea. Lehoiak, koioteak eta abar luze bat aipatu eta gero, zera esango digu artzain izengeak.

"... Orlako piztirik ez da
Urbia aldian,
iturri ederrak bai
mendi gaillurrian..." (8)


Oharrak:

1 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 189. orr.
2 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 95. orr.
3 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 251. orr.
4 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 74. orr.
5 SHELLEY, P.B.: "Ode to the West Wind". The poetical works. London, 1800, 453. orr.
6 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 53. orr.
7 Ibidem, 55. orr.
8 Ibidem, 129. orr.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org