|
D. ARKADIA ETA EUSKAL LURRA
Lau arlo ezberdinetan banatuko dugu lanaren zati hau, beharbada denen artean garrantzitsuena delako eta gure migralariek gehien landu dutena dudarik gabe. Berari eman dizkiote bersorik oparoenak eta, sarri, inspiratuenak, hizkuntzarekin eta fedearekin haina edo gehiago identifikatzen baita gizona lurrarekin. Oinarrizkoago fenomenoa da, hurbilagoa, ihesezinekoa.
D.1. Arkadia eta mitoak
Agian Northrop Frye-ri jarraituz hiru azepzio ezberdinetan har genezake mito hitza. Lehenik, hitzaren zentzu degradatuan, a posteriori eginiko emozionalizazioa nolabait, behin zirrararen arloan eta ez razionalki predikatua izan ondoren jendetza martxan jartzeko gai dena. Halakoetan ideia edo ideologia dator lehenik, gero mitifikazio prozesuan jarriko dena. Horrexegatik, hasieratik mito ez izateagatik, deitu dugu mito degradatua.
Halakoen artean jarriko genituzke Ilustraziotik sorturiko progresoarena, sistema marxistatik sorturiko proletalgoarena... gaur egun modan dagoen gizadiaren askatzaile gisa jotako gaztediarena.
Gure ustez, hau norberaren gogapenen ondoren pertsonalki erabaki behar den zerbait baldin bada ere, bada halakorik gure bertsolarien artean, azken batez beraiek bizi dutena gizarteak une espezifiko hartan bizi duenaren islada besterik ez izaki. Agian, nazionalismoaren sorreraren inguruan ausnartutako mitogintzari aplika diezaiokegula esan genezake edo foruen defentsaren inguruan sortutakoari. Horrekin ez dugu inola ere esan nahi txarra denik, edo beharrezkoa ez denik. Askotan herri batek bere nortasuna defenditu ahal izateko ezinbesteko izaten dugu mitogintza prozesua eta ez da herririk halako prozesuan sartu ez denik. Orohar, prozesu hori aspaldian egina duten estatu ahalguztidunek begi txarrez ikusten dutela ondiño estatu izateko bidean diren nazioek burutzen duten ahalegina gertatzen da, estremismoen artean sailkatuz. Boteretsuenen zinismo erraldoia. Baina lan hontan beste maila batetan mugitzen gara eta salaketatik urrun samar.
Beraz, benetazko mitoan bereiztapen bat egin beharra dugu, mito zaharra eta mito berriaren artekoa. Biek gauza bera dute amankomunean, hots, biak hastapenetik pentsamendu mitikoa izatearena eta ez mitifikatua. Zera honetan datza euren arteko diferentzia: mito zaharra historia baino lehenagokoa dela eta, jainkoen eta gizonen arteko oposizioan bezala, historiaren fondatzaile dela. Eta, dudarik gabe, berbizitua izan daiteke, berraktualizatua eta hori da, azken batez, klasiko ororen zentzua eta ez mito klasikoarena bakarrik. Gaurkotutako mito klasikoari "arketipo" deitzen diogu.
Mito modernoa historiaren barnean sortzen da, baina historia traszendituz ala historia traszenditzen saiatuz. Traszenditze hori modu ezberdinetan eman daiteke. Sinbolikoki burutu daiteke, era poetiko batetan ezarritako ordena ala desordena urratuz, hautsiz, trasgredituz. Absolutoki traszenditu nahiko du eta hauxe litzateke Faustoren kasua, zeinek Mefistotelesekiko hitzarmenaren bitartez berbizi egiten duen baina ez soilki errepikatu Prometeo, Luzifer, Luzbel. Bere profanazioa, eta profanazio positiboa gainera, zera honetan datza, bere infinitasun egarriaren bitartez, Jainkoarekiko berdinketaren hazainan aritu direla. Mito moderno hau "prototipo" deituko genuke. Prototipo, ez etimologikoki baizik zenbait eredu teknologiko berri eta entsaioekiko analogian (hegazkinak, adibidez); piloto-ereduak; orain arte emandakoaren desbideratze eta transgresioak, ez lehena berreskuratu baizik geroa igarri eta aurreratu nahi duten mitoak.
Bereiztapenak egin ondoren, berehala konturatuko gara tipologia honetako hiru esparruetatik edango duela gure arkadiaren mitogintza prozesuak, gehien bat lehenengo arloan ibiliko garen arren.
Aurkitu dugun lehenengoa Chahoren "Azti begia" liburuan jasotakoa dela esango genuke. Behintzat han aurkitu diogu erreferentzia ezagunena. Manex Etchamendyren eskutik datorkigu. Euskal Herriaren aintzinekotasunarena eta, ondorioz, herri guztien ama gisa joa izatearena. Honela dio Esterenzubiko olerkari-bertsolariak.
"Bai, Euskal-herri maitea
Herri guzien ama da". (1)
|
Bigarren aipua, aspaldiko kontuari dagokio, ez euskaldunen artean bakarrik baizik, adibidez, castellano zaharren arteko "odol garbitasunarena". Odolaren erreferentzia, eguzkiarekin zerikusirik duten suaren, beroaren eta bizitzaren balore solidario guztiak sinbolizatzen dituen odolarena. Ederra, noblea, bihotz zabala eta gorena den oro hartzen duen odolarena.
Unibertsalki, bizitzaren garraio gisa hartzen da. Odola bizitza da, dio Bibliak. Kaldearren tradizioaren arabera lurrarekin nahasiriko odolak bizitza ematen die izakiei.
Beste zenbait herrialdeentzat arimaren garraiobide da. Horregatik jartzen zuten halako arreta biktimen odol tanta bakar bat ere lurrera eror ez zedin, Salomon uharteetako jendeen artean esate baterako. Zelanda Berrian, berriz, buruzagi baten odol tanta besterik ez bazen ere hartzen zuena, automatikoki sagaraturik gelditzen zen.
Honela dio Ameriketako bertsolari izengeak:
"Adiyo, euskal erri
odol garbikoak,
agur, basarri alai ta
saroi gereitsubak,
mendi tantaiak eta
zelai loretsubak,
biyotz nereko lagun
beti-betikoak". (2)
|
Beste bertsolari izenge batek Garibaien garaiko euskal mito zaharrak aipatzen dizkigu: Kantabrismoarena, Jaun Zuriarena, Gipuzkoako Bardulia fidelissima etabar. Garbi somatzen zaio foruen galera garaiko pentsakera ildoa.
"Gure mendi eta aitzak
etzuten ikusi
arrotzik egundaño
berentzat nagusi;
Euskal-Erria beti
libre oi zan bizi,
ai, gure zorigaitzak
dira orain asi". (3)
|
Garbi uzten digute zernolako rol garrantzitsua jokatzen duten arbasoek arkadia mitiko horretan, zaharra denak, aintzinakoak, halako izakera sagaratua baitauka, objetoa nahiz pertsona izan. Eta zahartzarora iritxi izateak berak iraupenerako indar supratenporalekin ukan daitekeen lotura adieraziko luke. Izaki batek denboraren ajeari aurre egiteak horixe adierazi nahi du: egiaztasuna, iraunkortasuna. Horrela, existentziaren iturrietan dagoena lortzen du sakontasun misteriotsuan.
Zenbait analistentzako, paradoxikoa ematen badu ere, zaharrak haurtzaroa iradokitzen du, gizadiaren lehen aroa, pertsonaren lehen adina, bizitzaren ibaiaren iturria, nolabait paradisu galduaren itzela ematen zaiolarik. Sinbolikarentzat, beraz, zaharra ez da eroria, iraunkorra baizik, eternitatearen partadide izanik. Hau dio Mañex Etchamendyk:
"Bai, orroit gaitezen beti
gur'arbasoen erranez,
orroit aita onek
egin dituzten indarrez.
Herria azkar bai eta
gora atxiki beharrez,
lagunt ditzagun guk ere
guziek gure ahalez". (4)
|
Etchamendyk berak arkadia mitiko horri buruzko beste bi gauza emango dizkigu. Bat, migralaria dela arkadia horretako haur pobrea:
"Ez naiz Aitoren semia,
erran behar dut egia.
Arrandaz ene hazteko
etzuten egin legia..." (5)
|
Bi, askok eta askok Iparragirre zaharrak ikusitako moduan hartzen zutela, nostalgiaz beterik, arkadia zoragarriaren ikuspegi magikoa, izokina bere putzura bezala, gizon emakumea bere lehen txokora deitzen zuen lurraren ahotsa.
"Sor lekuan izaitea
zuentzat zer zoriona!
Bai handizki egia da
eskualdunak diona:
"Herrialde guzietan
toki ederrak badira,
baina bihotzak diola:
zoaz Eskual-herrira". (6)
|
D.2. Euskal lurraren bereizgarriak
Deskribapen geografikoarekin hasiko dugu arlo hau, Ramon Artolaren eskuetatik datorkigun deskribapenarekin.
"Ara non dan Frantziya,
ara Españiya,
ara non dan Jaizkibel
deritzon mendiya;
ara Ernio, ara
Ayako arriya,
ara non dan ni jaio
nintzan baserriya". (7)
|
Bertsolari berak esango digu aberri guztien artean sorterriak duela lehentasuna, bere Urrutiko Intxaurrak bertso paperan.
"Aruntz joan nintzalarik
toki obe billa,
eztet bat-txo arkitu
miraturik milla..." (8)
|
Honek ez du esan nahi ordea, migralaria euskal lurrean utzitako bizimodu gogor eta pobreaz konturatzen ez denik. Gero sublimatuko du hori, lehen aipatzen genuen urrutasunaren Erosari esker, baina Juan Mari Lujanbioren bertso hauek dudarako aukera gutxi uzten digute. Asko eta askorentzat hemengo bizimodua gogorra zen, miseria gorria ezagutzen zuena.
"...kontatutzen du zenbait
igande ta jaitan,
eta astian ere
bai zenbait alditan:
lenago txikitan,
euskal mendi aitan,
askotan ebitan
ezin pasaz loitan
ibillitzen nitzaden
lautatik bitan.
|
Bost bider akordatzen
naizen Europa,
an asko lanarekin
beti borroka,
goizian jaiki eta
zelaira saltoka
bizkarrian atxurra
sega eta soka,
udarako epoka
beti apuroka,
naiz ari gogoka
buztiñari joka,
zail da dirua sartzen
bolsan duroka. (9)
|
Gizon pobrearen egoera deskribatzen digu, guztiz erreala eta apala, nolabait pobre izatea, arlote izatea haurtzarora itzultzea bailitzan, sinpleziara, apaltasunera, ezagutzen dugun munduaren konplikazioetatik ihesean iturrietara itzultzea, hori bera baita pobreentzat haurtzaroa.
Eta pobrezia hori azpimarratzeko zenbait lanabes ekartzen dizkigu gogora, beren sinbolismo eta guzti, besteak beste sega eta soka. Denok dakigu segak errealitate asko sinbolizatzen dituela. Beharbada, batez ere bizidun orok berdintzen dituen heriotzaren sinbolo bezala hartu izan dugula esan behar da. Baina XV. mendea etorri zen arte sega ia ez da agertu ere egiten eskeletoaren hatzaparretan, berdintzaile urrikalgaitza adierazteko.
Hasieran ihitaiak betetzen zuen zeregin hori, belar txarrak mozteko erabiltzen zenez eta, horren arabera, gaiztoak zigortzen zituen gailu bereiztatzaile bezala hartzen zen eta ez heriotzaren zeregin berdintzailearekin. Halere, Lujanbioren bertsoetan monotonia gorriaren eguneroko heriotzera dihoan gizonaren antza hartzen diogu.
Sokak ere esanahi ugari hartu izan du. Baina, batez ere, birekin lotu beharrean gaude: igoerarekin lehenik, zuhaitza, zurubia eta armiarma haria bezala; loturarekin gero, bertute sekretu eta magikoak izango dituelarik. Bataren nahiz bestearen arauera, tradizio bedikoan, tankatik sortzen den indarra sinbolizatuko du:
"Ikustazue nola datorren belarri ondora,
bere maitea laztanduz, mintzatzera balihoa bezala
soka da; uztaian zurrunduta, dardarka ari da,
gazte bat bezala, salbatzaile, borrokan". (10)
|
Egipziarren artean, pertsona bakan egiten duen izena errepresentatzen du, pertsona egiten gaituen bizi-korrontearen sinbolo.
Shintoisten artean, guk erramua jartzen dugun bezala, eragin txarraren aurkako defentsa modura erabiltzen dute eta horregatik azaltzen da bai tenpluen gainean bai eraikuntza berrietan bai sumo borroka egiten duten tokietan eta, Urte Berriarekin batera, etxe guztietan.
Koranen, igoerarako sinbolo izango da eta zerura igotzeko xamanek erabiliko duena gogorarazten digu:
"Ez bizitza hontan ez urrengoan Jainkoak
ez diola lagunduko uste duenak
bota beza zeruraino soka,
eta gero moz beza!;
ikusiko du ea bere trukoak
suntsitzen duen eragozpen egiten diona". (11)
|
Honako bertso honekin bukatzen du Lujanbiok euskaldun pobrearen dotearen deskribapena.
"Gipuzkoa aldeko
mendi ta basuak
ez dirade ez, oso
bentajosuak:
gutxik ibiltzen ditu
an traje osuak,
oñetakuak ere
ez kuriosuak;
goguan jasuak
ango erasuak,
gogorrak besuak,
bizi penosuak;
askori gertatutzen
zaizkan kasuak". (12)
|
Halere, nahiz eta bitxia iruditu, behin baino gehiagotan adieraziko digute, konparaketa prozesu baten barruan, seguraski migralari bezala zenbait urte eman ondoren, atzerriko beste aberriekiko ikuspegi guztiz peioratiboa eta batere orekatua. Kasu honetan Mañex Etchamendyrena da bertsua, baina ez da aurkitu dugun bakarra, esanahikorrena izan arren.
Indio, Xino, Moro,
badire bakarrak!.
Salbaiez beterikan
hemengo bazterrak...
Haukien aire eta
behatze samurrak
Laster eztitzen ditu
makilen beldurrak. (13)
|
Bertsolari izenge batek foruak direla arkadiaren sinbolo esango digu.
"Aintziñako euskaldun
leial ta nobleak,
zeñetatik ginduzen
fuero ta legeak,
Euskal-Erriarentzat
ezin-da obeak,
orain kentzen dizkigu
gaztelar jendeak". (14)
|
Foruen eta legeen munduarekin loturikoa da euskal lurraren bereizgarri gisa ematen diguten urrena: sagardo usaia. Juan Mari Lujanbiorena da lehenengo aipua.
"... zer gozo dauden gure Ernani,
Errenteri ta Pasaia!.
Mar del Platatik aditutzen det
orko sagardo-usaia!" (15)
|
Txirritak ere bazuen zerbait esateko horri buruz.
"Ameriketan asko dabiltza,
nik kalkulatzen dedanez,
naiko okelak janagatikan
erari gutxi eranez,
"gure sagardo maitagarriyak
aparte daude", esanez,
"naiago nuke an banegoke
naiz diru asko izan ez..." (16)
|
Sagardoarekin batera, ardoa jarriko du Julian Martitegik arkadiaren seinale gisa.
"...lendabizitik sufrimendu utsen
dabiltza gizarajoak,
burutik kendu ezinda berriz
emengo ardo-tragoak". (17)
|
Beraz, ez da harritzekoa, guzti horren ondorio bezala, lurrarekiko atxekimendu izugarria adieraztea, Arrosagaraien bertso honetan nabarmentzen dena.
"... Californian egiazki mintzatzera libro bainiz,
Euskaldun sortu, eta hazi, eta Euskaldun hilen
niz". (18)
|
Dabid Aranbururengan ere oso nabaria da euskaldun jaio izateagatik harrotasuna.
"Gure erritik aparte gaude,
ematen degu aitortza,
bañan alere Euskalerrira
begira beti biotza,
sinistu gero jaio-lekua
ez daukagula arrotza,
pozez gaude gu Euskalerriyan
izan gendulkoz jaiotza". (19)
|
Guzti horren azkeneko ondorioak Mañex Etchamendyk aterako ditu, ez baitugu ahaztu behar Euskal Herri erruraleaz ari garela une oro. Lehenengoz eta behin, baserritarra versus hiritarra kontrajarketa egingo digu, dudarik gabe berari ere behin baino gehiagotan egingo ziotena, baldintza ezberdinekin eta ondorio ezberdinekin ere gainera. Beraz, auto defentsa moduan, Etchamendyk izakera baserritarraren alde egingo du apustu. Horrela dio:
"Hiritar alfer aseak
eta karrikes goseak
biek trufaz deitzen gaituzte
ardo mindi jaleak,
xixari pikatzaileak.
Gizagaizoek zer dute
xoilik zerbait izan uste?.
Buruz, besoz, zangoz, behakoz
direla gure bete,
frogatu behar lukete". (20)
|
Ezin uka alegatoa guziz boteretsua dela eta gogorra. Arrazoiez beteta, seguraski. Ez da xamurragoa izango artzaiaren egiten duen defentsa, azken batez, bere buruarena.
"Eskualdun anitz Ameriketan
artzaingoan dira jartzen.
Hor kausitzen den bizi dorpeaz
anitzak dira lotsatzen.
Mendia utzi eta hirian
zer ote zaie gertatzen?.
Ez dire heiek zuek bezala
bake on hortaz gozatzen". (21)
|
Ondorioa, garbia da: laboraria da euskal arkadia horretako errege.
"Lur-bazterretan errege
laborariak girade:
Nun sortu eta han dohatsu,
lanean betiere,
bihotza beti alegre". (22)
|
D.3. Euskal arkadia eta arima
Herder-engandik hasi ziren alemanak "herriaren espirituari" buruz erreflexionatzen eta jatorrizkoa zena, berezkoa, herri bakoitzeko tipikoa, folklorean, usadio eta ohitura tradizionaletan ikusten dena eta historikoki sustraiturik dagoena esan nahi zuten horrekin. Benetan eta egiaz bizituriko herriaren bizimoduak eta jakituriak adierazten du herriaren espiritua, bere muina, esentzia.
Baina sakonki jatorrizko eta berezko hartutako herrikoitasunetik erraz pasatzen da tipismo gisa ulerturiko tipikora, axaleko pintoreskeriara. Hala ere badirudi bertsolarien idaztietan, inplizitoki behintzat, beraiek ideologikoki guztiz positibotzat jotzen dutena aurki daitekeela, atzerriko erregimen politikoak ezarritako uniformismoaren aurka eta baita hiriak baserriaren txarrerako hartu nahi duen eta duen lehentasunaren aurka.
Ez dakigu noraino jo ditzakegun kanpotik etorriko den moda horren adierazle gisa gure orduko zenbait idazle garaikide (Emeterio Arrese... Arresebeitia...) baina duda gutxi gelditzen zaigu Schlegel anaien ondoren etorri ziren Fernan Caballero, Alarcón, Galdós, Mesonero Romanos eta Peredak ezarritako estiloak jarraitzaile asko izan zuela gure artean eta Txomin Agirrek bazuela nondik jan eta edan Auñamendiko Lorea, Krexala eta Garoarekin sartu aurretik.
Agian horregatik beste zenbait ikuspegiekiko antitesian bizi garela esango nuke. Badirudi batzuek, hain bortizki ainguraturiko bizimodutik ihes egitearren, aldaketara joko dutela. Gogoratu Larrak berak zioena: “Bizitzeak bakarrik ez nau kezkatzen, bizituz bakarrik alda bait naiteke". Orduan, balio subjetibo gorenena ez da bizitza bera izango, baizik norberaren traszendentzia. Horregatik, bizitza aldaketarako baliagarri gertatuko ez zaionean bere buruaz beste egingo du.
Gure migralarien eta bertsolarien kasua guztiz alderantzizkoa da. Aldaketa, badirudi, une luze edo labur batez jasan behar den zerbait izango dela, behin amesturiko aldaketa ezara itzultzeko. Baina, hemen badira beste zenbait kontzeptu ere jokoan, arkadiarena batipat, ikusten ari garena.
Esan dezakegu, migralariek zorionekotzat jotzen dutela euren burua, erreferentzi puntuak dituztelako, kode etiko morala dutelako, beren ustez mendeetan baliagarri gertatu dena. Kontrajartze prozesuan bizi direnez, etengabe joko dute behin eta berriro erreferentzi puntura. Adibidez, Pello Errotak hauxe dio:
"Dakar-en irten zaizkigu
larru gorrituak,
trapu bana aurrian
beste gabekuak,
gu gera mundu onetan
zorionekuak". (23)
|
Dudarik gabe, kristautasuna jartzen dute gure arkadiako euskal arimaren osagarri nagusien gisa, Zubillagaren testuak esaten digunaren arabera.
" Ameriketan ez da aipatzen, mundu ontako eta diru-izkuntza besterikan. An ezta kristautasunik maite izaten Euskalerrian bezela". (24)
Bestalde, esan beharra dago gure migralariek orohar euskaldunari zaion estimazioa jartzen dutela euren prestutasunaren seinale. Zubillagarena berarena da aipua:
" Ameriketan bizi geran, eta bizi izan ziren euskaldunak, emengoak Europatarrak bañon obeki ezagutu izan gaituzte, eta orkoak baño ospe edo fama obea eman digute. Ender besteetakoak bañon okerragoak eta aulak izan bagiña, ez giñuen ba ala ospatuko". (25)
Halako zerbait dio Nikolas Lujanbiok ere, euskaldunen zintzotasunari buruz kantatzen duenean.
"Amargarren urtia
det emen naizela,
maite naute etxeko
seme bat bezela;
beñere ez naiz izan
jenioz ustela,
uste det nere berri
badakizutela". (26)
|
Eta Julian Martitegik, berriz:
"... eta zuek alegindu gogor
itxasoz beste aldetik,
euskaldun jator bezela agertuz
zabiltzaten tokian betik". (27)
|
Esan dezagun, beharbada arimari dagokion esparruan gehien agertzen den ideia babesarena, kaiarena, magalarena dela. Arkadiak zera esan nahi du, etxeko bizimodu babestua, Juan Mari Lujanbiok adierazten digun bezala.
"... gazte denbora pasatua det
geiena baso tartian,
aita-amaren aldamenetik
soldadu juan artian". (28)
|
Basoa erabiltzen du babes zentzu hori azpimarratzeko. Zenbait herrialdetan berezko egoeran datzan egiazko santutegia da basoa. Zelten Brozelianda eta grekoen arteko Dodona. Aszeta budistek ere honela zioten: "Basoak urrikalkorrak dira, mundua bertan sartzen ez denean; bertan aurkitzen du sainduak atseden" (Dhammapada).
Baina Bibliako Sansonen historian agertzen den sinbolismoari lotzen bagatzaizkio, berehala konturatzen gara mendiaren ile-adats gisa hartzen denez, mendiaren indarra adierazten duela, euria sortaraziko duena eta ontasun guztiak euriarekin batera.
Horretaz gain, basoa eta santutegiaren arteko loturaren ondorio bezala, basoko zuhaitza, erroak babesten dizkion lurra eta urratzen duen zeruaren arteko loturaren sinbolo izango da. Hala ere, basoak betidanik izan du jale, irensle zentzua, Hego Ameriketako literaturan sarri ikusten dena, "madre-selva; ama-oihana". Zentzu horretan agertzen da José Eustacio Riveraren Voragine liburuan eta berdin Victor Hugoren "Mendeen Eletzarra"- obran. Olerkari frantziarrarena da aipua:
" Elementoak marruskatzen dituzten
masailak dira zuhaitzak, egurats
biguin eta bizian sakabanaturik...
...
den dena deritzaie ona, gaua, heriotza...
...
eta lur alaiak jaten ikusten du oihana". (29)
|
Basoak, beraz, misteriotsua denez, orohar sentimendu ezberdin eta aurkakoak sortarazten ditu: larrimina eta lasaitasuna, zanpaketa eta sinpatia... bizitzaren agertaldi dialektiko guztiak.
Beharbada Senekaren sentimendua izango litzateke gure migralariek adierazi digutenarekin estuen lotu genezakeena.
" Garaiera izugarrizko zuhaitzez beteriko baso sagaratu hauek, non infinitoraino lotzen diren adarrek zeruaren ikuspegia lapurtzen diguten; oihanaren indarra eta bere misterioa, urrutian galtzen den iluntasunak gugan sortzen duen harridura... guzti horrek ez ote digu emango bertan bizi den jainko baten sentimendua?". (30)
Azken batez, bizigunea, freskotasun iturria, non, amaren umontzia bailitzan, ura eta berotasuna elkartzen diren, Birsortzearen iturria. Eta horregatik emango digu batez ere ziurtasun eta berriztapen zentzua.
Ildo beretik doaz beste zenbait zehaztapen. Arkadia migralariaren arimaren kaia da. Hala dio J.J Arrietak.
"Orra ara juan eta
zer gertatzen dan:
emen alegriya ta
tristeza franko an;
obe da egiya ezpada
arto puska bat jan,
ez an biziya uztera
Euskalerritik juan". (31)
|
Beste batzutan, segurantzaren ikur gisa aurkeztuko digute. Mañex Etchamendyren hitzetan:
"Adio herria eta
adio egun ederrak;
adio Aitek hautatu
etxea eta bazterrak.
Burrasoak, haurrideak,
gazteak eta zaharrak:
hedoi beltz batek ni baitan
itzali ditu plazerrak". (32)
|
Joateko momentuko sentimenduak adierazteko hodei beltzaren alegoria erabiltzen du Etchamendyk. Hodeiak bere izakera nahasia adierazten baitu batez ere. Apoteosis eta epifaniaren bitarteko izatea. Euria sortarazten duen hodeiaren rola zeruaren agerpen gisa ulertzen da eta emankortasun iturri guztiei dagokie bere sinbolismoa, euria, errebelazio igarpen profetikoak, teofaniak. Baina orain zentzu guztiz alderantzizkoa eman nahi dio bertsolariak, eguzkia ezkutatzen dionarena, alegia.
Esterenzubiko bertsolariak berak esango digu noraino den arkadia migralariaren bihotz-arimaren pausaleku.
"Ikusten ditut bazterrak
egunaz mendi gainetik.
Itsaso gaitza aldean
uhainak zabal-zabalik.
Bertze aldean ageri
zelai luzeak ederrik...
Baina oi ene bihotzak
ez du heietan plazerrik". (33)
|
Itsasoa bizitzaren dinamikaren sinbolo da. Dena itsasotik dator eta dena itsasora doa, bera izanik sorkuntzen, itxuraldatzeen eta birsortzeen tokia. Mugimenduan dauden urak, balizko informalen eta errealitate formalen arteko behineko egoera markatzen du, zalantza, erabaki ezinean dagoenaren egoera. Haatik izan daiteke bai bizitzaren bai heriotzaren sinbolo.
Biblian sarri, Jainkoaren haserrearen sinbolo da: Ezekielek Tiroren aurka egiten du bere igarpena eta leizearen igoera aldarrikatzen dio, ur sakonena. Apokalipsiko ikuslariak mundu berria begiztatzen du non ez den itsasorik izango. Horrek bultzatuko ditu aintzineko idazle judutarrak itsasoa Jainkoaren sorkaria dela deiadarkatzera. Jainkoaren esku dago enbatak sortaraztea nahiz baretzea.
Gure herri honek betidanik eman izan dio musikari rol garrantzitsua elkarte bezela agerpenak egin nahi izan dituen uneetan. Migralariek ere aitatu egiten dute euren arteko askorengan zernolako eragina izan zuen eta beharrezkoa jotzen dutela euskal arkadiako arimaren osagarri gisa. Bertsoak ere kantatzeko eginak izan ziren. Haatik Paulo Yanzik toki berezia ematen dio bere oroitzapenen artean.
"Ta beti agitz ongi bizitu gera. Gure etxian izaten zen beti umore ona. Aitak yotzen zuen kordiona eta kantatzen zitun bertsuak, nere amak oso ongi kantatzen zun, naiz euskeraz, naiz erderaz ta naiz prantzesez, ta oraindik ere ala kantatzen du; nik yotzen nitun pianoa eta klarinetia; ta nere arrebak pianua. Musika faltik etzen gure etxian izaten." (34)
Musikarekin eta umore onarekin lotuta ikusten dute migralariek bere gaztetasuna arkadian, hiru elementu hauen inguruan: edana, jana, neskak. Dabid Aranbururena da bertsoa.
"Enteratu nauk ondo
bizi zeratela,
jan-eran ederrakin,
nekerik eztela;
neskatxakin gozatuaz
nai zuten bezela,
urte askotan, motellak,
segitu orrela,
gazte izatik eztik
baliyo bestela". (35)
|
Bertsolari berak bizimodu alaia erreibindikatzen du behin eta berriz.
"Gure erriyan naiz sosarik ez
beste bizimodu bat zan:
jai-egunetan erromeriyan
neska ederrakin dantzan,
gabian beraz konpañatuta
muso bat faltatzen etzan...
au jakin banu Ameriketa
neregatikan libre zan". (36)
|
Eta Txirritak Donostia jarriko du dibertsiorako tokirik aproposena bezala. Nolabait, orduko Donostia nahiko errurala zela adierazten du, edo euskal kutsuz gainezka zegoela behintzat. Bestela Txirrita etzen hain gustora sentituko.
"... andik aurrera nun-nai badago
dibertitzeko modua,
toki on asko badira baño
Donostiya da burua". (37)
|
Leon Bereauek kulturarekin, tradizioarekin, folklorearekin lotuko du bere arkadiaren ideia.
"Euskalerriko kanta ta dantzak
beti dauzkagu buruan,
euskaldunaren pare danikan
ezta izango munduan;
basamortuan emen gaudezi
salbajiaren moduan,
olako gauza zoragarririk
ezta gu gauden lekuan!". (38)
|
Guzti honek, pobreen zoriona egiazko arkadiaren seinale ona dela baieztatzera, bultzatuko du Mañex Etchamendy.
"Eskalapoinak soinean
banabil bide hoietan.
Lepoko-korbatarik gabe,
pedazuak galtzetan,
eta urtutsik askotan". (39)
|
Horretarako guztiz beharrezkotzat jotzen dute beste euskaldunekiko elkartasuna, bai Etchamendyk
"Eskual Herritik kanpo
eskualduna frango
bagirare zuekin
hor bat egiteko!.
Dezagun beti elgar
susta eta bero,
Jainko onak adituz
orai eta gero". (40)
|
eta bai J.J. Arrietak.
"Euskalerriyan danak
gara ezagunak,
anai-arrebak eta
gañera lagunak;
utzi alde batera
ango ondasunak,
geiago balio du
emengo osasunak". (41)
|
Lurrari lotuak egoteak badu bere garrantzia eta batez ere Etchamendyk lanari buruz adierazten digun filosofiak. Harrigarria deitzaigu benetan, orduko Bibliaren interpretapen itxi eta frustratzaile batetik ihes eginez, askoz era baiezkorragoan azaltzen baitu bere lanarekiko ikuspegia. Berarentzat lana ez da paradisuko pekatuaren ondorengo zigorra, kopetako izerdiarekin ogia irabazi beharra; aldiz, ohoretzat jotzen du lana eta pertsonaren osatzeko baliabiderik hoberenetako bezala.
"Laborari maiteak,
ez barka lurrari!.
Lana ohore dela
erakuts haurreri.
Utz Amerika,
herria maita,
holako urtetan
bizitzia neke da
guziz hirietan". (42)
|
Hala bizitutako arkadia toki segurua izango dela aldarrikatu ondoren:
Amets oiek ez artu
sekulan buruan,
batek obe du bizi
toki seguruan;
osasun ona eta
lagunak onduan,
lur au baño oberik
eztago munduan" (43)
|
haurtzaro eta geroko bizitza luze eta zoriontsuaren ziurtagiri izango dela adierazten digu bertsolari izenge batek.
"Antxume jolasgure
dan baten antzera,
saltoka ta lasterka
batetik bestera,
zure bidetxigorrak
gora eta bera
igotzen nituen nik
goizetik gauera". (44)
|
Guzti horrek migralariari ematen dion bizitzarekiko konfidantzak, dudarik gabe, oihartzun biblikoak sortarazten dizkigu bai bertsolari izengearen gaiaren formulazioan bai erabiltzen dituen iruditeria eta sentimenduetan. Guri bertsoak
"Leku maitatu oek
utzirik gaurdandik,
igesi banoa ni
itxasoz emendik;
ala ere biotza
zugan det oraindik,
nai arren ez nezake
aldendu zugandik" (45)
|
139. salmoa ekartzen digu gogora, nolabait euskal arkadia eta arimaren artean sortarazten saiatu garen lotura izugarri horri ahots eta oihartzuna eman nahirik.
"Jauna, zuk ikertzen nauzu eta ezagutzen:
badakizu noiz esertzen naizen eta noiz jaikitzen.
Urrutitik sumatzen dituzu nire burutapenak.
Ohartzen zara noiz nabilen eta noiz nagoen geldi.
Zehatz dakizu nire pausu guztien berri.
Oraindik ez dut hitza mihian
eta, zuk, Jauna, badakizu esango dudana.
Atze eta aurre, estu bildua naukazu,
zeure eskua nire gain ezarrita.
Miragarria zure ezagutza, nitaz gaindikoa,
nik atzemateko garaiegia.
|
Nora joan zure izpiritutik urruti?.
Nora ihes egin zure aurretik?.
Zerura igota ere, zu hantxe!
Hilen Egoitzara jaitsita ere, zu bertan!.
Nahiz argiaren sorlekurantz hegaldatu,
nahiz mendebaldeko itsas mugetan kokatu,
han ere zure ezkerra gainean izango dut..." (46)
|
D.4. Arkadia politikoa?
Mañex Etchamendyk "euskaldun makila"ren inguruan egiten duen burutapenak bultzatu gaitu arlo hau galdera ikurretan jartzera. Ez da bertsolariek sarri planteiatzen duten gaia, baina gure ustez Etchamendyren bertsoak badu halako konnotaziorik eta interesgarri litzateke, gutxienez, iradokituta uztea.
Makila argitasunaren, indarraren sinbolo da, atributu hauek nahiz Jainkoarengandik etorri nahiz magikoak izan, izpiritu zerutiarrei lapurtu nahiz deabruarengandik sortuak izan.
Apoloren seme den Asclepios jainko sendakariak makila izango du sinbolo. Apolok berak makila emango dio Hermesi, honek asmatu duen liraren truke. Makil honek zenbait bertute du: gizonak lotarazi eta esnaraztekoa besteak beste.
Zelten artean ere magiarako bitarteko nagusia da. Ulsterreko Sentxa druidak berak astindu egiten du bere makila, isiltasuna lortu ahal izateko. Druida edo "file" batek makilaz ukitzen du gizon nahiz emakumea abere bihurtzearren, zisne edo basurde, normalean. "Filid"en zazpi mailetako iherarkian "ollamh" edo sendagileak urrezko makila erabiltzen zuen, bigarren mailako "file"ak zilarrezkoa, eta brontzezkoa beste bostek.
Gogoratu Biblian Jainkoaren behatzari nahiko zitzaiola edozein gauza ukitzea, dena itxuraldatzeko; gauza bera gertatuko da bere ordezkariekin: makilarekin harkaitza ukitu eta ura sortuko da, Moisesen kasuan bezala. Beraz, makila duena, Jainkoaren ordezkaria da, Jainkoak hautatua, Bera eta herriaren arteko artekari izan dadin.
Hauek dira Etchamendyk "euskal makila"-ri ematen dizkion zereginak:
a) Defentsarako da ona.
"Deusik hurbiltzen bazaut
gaizki egiteko,
lagun ona badut
eskuan hartzeko:
"Euskaldun makilla"
neure zerbitzuko.
Ni xutik nabilano
hau ez dut utziko". (47)
|
b) Hezitzaile izango da. Lehen ere gogora ekarri dugun aipua da.
"Indio, Xino, Moro,
badire bakarrak!.
Salbaiez beterikan
hemengo bazterrak...
Haukien aire eta
behatze samurrak;
laster eztitzen ditu
makilen beldurrak" (48)
|
c) Herri arrotzen inbidia da.
"Makila eder hori
mendian ibiliz
arrotz batzuek dautet
behatu bortz aldiz:
elgarri ziotela
jelosia haundiz:
"Ebats nirok bi sosen,
itzalean balitz". (49)
|
d) Lanerako beharrezkoa zaio.
"Segi hadi enekin,
makila maitea!.
Estimagarri zautak
hire ohorea;
Ai, hitaz gabetzeko
banu nik zortea,
nola segi nezake
ene artaldea?" (50)
|
e) Ematen duen ziurtasun zentzu itzela. Ostera salmoen eragina somatzen da testuan.
"Oihan beltzetan barna
ibilia gatik,
ez duket zeren izan
otsoen beldurrik;
Makilattoa gora
altxatzen badut nik,
oro urruntzen dire,
zangoak arinik". (51)
|
f) Herri erasotuen sinbolo gisa jartzen du.
"Xori batek daut erran:
Eskual-herrietan
makilak dagotzila
presondegietan,
arrotzek, eskualduner
kendu eskutikan
ber-hetaz zafratzeko
nahikarietan". (52)
|
Gure ustez, oso garbi ikus daiteke bertso honetan orain arte Etchamendyk makilari eman dion sinbolismoak puntu honetara gakartzala, bere esanahi politiko bortitzera. Ez da Esterenzubiko bertsolariak horri buruzko bere pentsakera agerian jartzen duen lehenengo aldia. Hurrengo bertsoak azpimarratu egiten du esaten ari garena.
g) Ez dugu etsiko.
"Behin kendua-gatik
berriz egiteko,
ez dukete kreditik
lan horri lotzeko;
milaka baditugu
berriak hartzeko,
gure osasun eta
elizen zaintzeko". (53)
|
Bere beste bertso batetan oraindik argiago adierazten digu Etchamendyk aipatzen ari garena. Inolako beldurrik gabe aldarrikatzen du arkadiaren zentzu politikoa, independentziarako deia. Euskeraren eta fedearen eskutik, alegia. Sabino Aranaren eragina etzen alferrikakoa izan.
"Eskualdunak eskuarari
hain gare atxikiak
nun harekin baiterauku
bat egiten biziak:
guri eskuara maite hau
kentzekotzat Frantziak,
hobe laite Frantziatik
baginte bereziak". (54)
|
Horrek ez du esan nahi bertsolari orok oso garbi zeukatenik ideia hau edota zertan datzan gure herri honen berezitasuna. Ikusi besterik ez dago nolako ideia politikoa islatzen duen Paulo Yanziren bertso honek:
"Itz neurtu berri batzuek Ame-
rikara España aldetik,
Naparruko erri bat Lesaka
izena duen batetik,
euskaldun asko or bazerate
urrun juanak etxetik,
zuetaz oroitzen naizela ni
okiñ adiraztiagatik..." (55)
|
Juan Kruz Arrosagaraiek indarrez eskatzen du herriaren batasun beharra.
"Euskal herriak ttipi ta hurbil elgarri,
halere batek bertzia ez dio konpreni;
gure izaite guzia bat egin baladi,
egin ahal diteke erresuma handi". (56)
|
Bertsolariek badakite, beren arkadiako lurra suntsituta ikusten dutenean, beren frustrazioa kantatzen. Desliluratuen lanturua da, Zubillagaren testu honetan ikus daitekeena.
" Joan Kruz ta emaztea onera iritxi ziranean Euskalerritik, ez giñien utzi beren etxera joaten zortzi egunean, eta, alaxen, aien mingañetik jakin giñuzen Bedayo-ko, Tolosa-ko eta Gipuzkoa-ko berriak. Bañon Joan Kruz Mayo izotza baño otzago etorri zan oraingo Bedayo ikusita. Nere bizi guztiko adiskideak au esan zidan: "I Bedayora joango baintz,an egun bat ere ez uke iraungo". (57)
Hori bera adierazten du J.J. Arrietak.
"... beren buruak galdu
bizi-modu txarrez,
bueltatu naiagatik
andik ez da errez". (58)
|
Oharrak:
1 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 46. orr.
2 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 27. orr.
3 Ibidem, 55. orr.
4 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 46. orr.
5 Ibidem, 43. orr.
6 Ibidem, 45. orr.
7 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 106. orr.
8 Ibidem, 107. orr.
9 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 98. orr.
10 Rig Veda 6, 75
11 22, 15
12 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 99. orr.
13 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 82. orr.
14 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 54. orr.
15 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 95. orr.
16 ZAVALA, A.: Op. cit. (1971), 40. orr.
17 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 135. orr.
18 ARROSAGARAY, J.C.: Op. cit. (1983), 54. orr.
19 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 278. orr.
20 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 75. orr.
21 Ibidem, 228. orr.
22 Ibidem, 73. orr.
23 ZAVALA, A.: Op. cit. (1963)
24 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 251. orr.
25 Ibidem, 252. orr.
26 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 89. orr.
27 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 137. orr.
28 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 75. orr.
29 Satiroa
30 Luciliusentzako Gutunak, 41-2
31 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 52. orr.
32 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 43. orr.
33 Ibidem, 44. orr.
34 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 26. orr.
35 Ibidem, 272. orr.
36 ZABALA, A.: Ibidem, 282. orr.
37 ZAVALA, A.: Op. cit. (1971), 41. orr.
38 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 292. orr.
39 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 75. orr.
40 Ibidem, 85. orr.
41 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 51. orr.
42 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 127. orr.
43 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 51. orr.
44 Ibidem, 53. orr.
45 Ibidem, 54. orr.
46 139. salmoa 1-10
47 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 82. orr.
48 Ibidem, 82. orr.
49 Ibidem, 83. orr.
50 Ibidem, 83. orr.
51 Ibidem, 83. orr.
52 Ibidem, 84. orr.
53 Ibidem, 84. orr.
54 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 51. orr.
55 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 128. orr.
56 ARROSAGARAY, J.C.: Op. cit. (1983), 66. orr.
57 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 241. orr.
58 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 48. orr.
|