IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ameriketak eta bertsolariak »  5. Erlijioaren rola: a. Azken sinismena

5. Erlijioaren rola: a. Azken sinismena

ERLIJIOAREN ROLA





Agian ausartegia izango litzateke erlijioaren rola izan dela gure gizateria tradizionalaren bizitzako arlorik nagusiena baieztatzea. Halere, sailkatzerik balego, ez dugu inolako zalantzarik postu gorenekoetan aurkituko genukeela. Baina, gure ustez guztiz ezinezkoa da halako gizarte eredu baten barruan bizitza atal bereizkor eta ezberdinetan zatikatzea. Hain zuzen ere, gero komentatuko ditugun azken aurreko hitz sagaratuak, Ama eta Heriotza, nahiz azkeneko hitz sagaratuak, Jainkoa eta Bizitza elkarrekin lotuta daudelako; batasun haustezin eta zentzuemalean ardaztuta. Eta ama eta bizitza aipatzen ditugunean herria eta kultura herritarra aipatzen ditugulako. Kultura bateratzaile eredu horretan bizitzak ez baitu zentzurik amarik gabe, herririk gabe eta kultura herritarrik gabe. Badirudi hastapenetako hiru umontzi hoiek behin batera galduta errorik gabe gelditzen dela aztertzen ari garen gizona, errorik gabe eta, ondorioz, hegorik gabe.

Deserrotze hori hain basatiki bizi eta jasan izan dugunok ongi aski dakigu, normalean lurraren, kulturaren, eta familiaren deserrotzeak, errestan fedearen deserrotzea ekarri duela berarekin batera, gure gerizpe eta magal izan ziren jatorrizko errealitateak, bizitzeko ezinbesteko dugun oinarrizko konfidantzaren emale.

Hauxe genuke hortik datorkigun galdera: zein ote hurrengo etorkizun espirituala iragan oinarriztatzaile hori behin desagertuta?

Dudarik gabe arazo hau gure migralariek behin eta berriro buruan eta bihotzean zerabilkiten eta, beharbada, zalantzaren eta galera-zoriaren kinka larrian Jainkoa eta erlijioa hartzen zituzten nostalgiaz berratzeman nahi zuten mundu haren lokarritzat. Eta apropos bereiztu ditugula Jainkoa alde batetik eta erlijioa bestetik esan behar, arras ezberdinak baitira bata nahiz bestea ulertu eta formulatzeko moduak, biak FEDEAREN esparruan sartzen baditugu ere.

Horregatik Jainkoari buruzko ikuspegiak eta erlijioaren formulapen etikokak nahiz dogmatikoak aztertzen hasi baino lehen, beharbada SINESTEARI, FEDEARI buruzko zenbait konzeptu eman beharko genituzke geroko iharduera hobeto ulertu ahal izateko.

Formulazio teorikoetan sartzeko momentuan, ez dago dudarik denboratasunean atzera egin eta ekialdeko erlijio haundietara jo genezakeela baina beharbada gehiegi zabalduko genuke gure migralarien mundu erreferentziala, beraiek bizi izan duten oinarriztapen teorikoa, mendebaldeko kulturetatik hurbilago dagoelako. Beraz, Greziara joko dugu lehengoz.

Kristo aurreko V. eta VI. mendeetan bai sofistek nahiz Platonek bereiztapen garbia egiten zuten sinestearekiko hurbilketa prozesua burutzeko momentuan. Alde batetik dialektikak (nôesis) helburutzat jotzen duen ulermen konbentzigarria izango genuke, zientzia arloan bereziki eta orohar giza-harremanen munduan rol guztiz eraginkorra jokatzen duen sistema gisa; eta bestetik "pistis"-a, erretorika onak baina batez ere MITOAK sortarazten duen sinistarazpen biribiltzalea. Eta bien arteko gorabeherak aztertzerakoan Platonek MITOARI ematen dio sinismenerako urratsen artean lehentasuna. Berak dioenez, jainkoenganako sinismena sinistarazpen astitsu baten arauera sortzen baita haurren arimetan, amen eta inudeen errelato xarmangarriak medio. Eta dialektikari dagokion eztabaida (dialegeus) errorea aitortu eta egia onartzeko egokia den bezala, MITO baten errelatoak bultzarazten du haurra sinestu daitekeen eta sinestu behar denerantz.

Aristotelek berak ere, hainbat eta bakartiago sentitu, orduan eta mitozalego bihurtu zela aitortu zuen, philomythoteros.

Beharbada aita eta ama, existentziaren printzipio fisikoak izanik, horrekin batera eraketa pertsonalaren hastapen bihurtzen direlako eta zentzurik-duen-izaki gisa hartutako gizonaren munduarekiko identifikapenaren hastapen sinboliko.

Dena den, Platon amei buruz ari zen batez ere eta, Bibliara jota ere hori guztiz ulergarria da. Genesiaren lenenengo orrietatik ama bizitza da, bizidunen sorburua, heriotzaren aurreko iraupenaren ziurtagiria. Eba eta bizitza sinonimoak dira "gizonak Eba deitu zuen bere emaztea, bizidun guztien ama zelako" (Gen. 3,20)

Ertaroko gizon-emakumeek, bestalde, estrukturalki bereiziko dituzte zientziek ematen duten jakite nabaria eta fedeak ematen duen jakite sinestua. Aquinoko Tomas Donearen Summa Theologica aztertu besterik ez dago. (S. Theol II-II, g. 2 a. 1). Gure migralariek, beraien arteko bertsolariak euren bozemale gisa hartzen baditugu behintzat, garbi zeukaten zerbait da. Nahikoa litzaiguke, besteak beste, J. M. Bera, Yanci anaiak eta batez ere Mañex Etchamendy gogoratzea.

Baina filosofiaren ildoan ari garenez, berari lotuko gatzaizkio. Ertarotik modernitaterako jauzketa izugarria eman eta W. James-ek bere "Sikologiaren aztarnak" liburuan indarrez azpimarratu zuen sinestea eta errealitatearen erizte edo juizioren arteko harreman esentziala. Berak dioenez sinisteko momentuan gure sinismenaren objetoa ez dugu bakarrik susmatu egiten; objeto hori sinestedunaren errealitate izatera iristen da. Ondorioz, sineste ekintzan desagertu egiten da sinestedunaren giza kontzientziatik bai zalantza nahiz miaketa, eta ikerketa prozesu orori dagokion irabio, ezinegon teoretikoa eta sinestedunaren existentzia, baretasun osoa, sinestutakoaren errealitatean datza. Horregatik esan dezake erlijioaren sikologo haundiak sinestea dela errealitatearen zentzua.

Hitz arras sinpletan adierazten zuen Leon Bereau bertsolariak

"...Guzien gañiñ Jaun Zerukoak
ondo giñuan anpara" (1)


Edo J.M. Berak

"...Zeñek ez du artuko
Jaun ori kontentuz?
Zer amoriyo digun
pentsatu soseguz" (2)


Modu askoz herrikoiagoan adierazten zuen beste bertsolari anonimo harek.

"...Jaunak gordeko nau ta
konsola zaitea..." (3)


W. Jamesen eritziz, kasu batetan bakarrik baztertzen dugu sinesten dugun zerbait, hots, bere kontraesanean dagoen aurkako zerbaitetan sinesten dugunean. Gizonok ahal haina sinesten dugu, gure mugaziak hautsi nahian, ahalik eta errealitate gehien geureganatu nahi baitugu, ahalik eta errealitate zabalena izan. Beraz, ahal izango bagenu, den dena sinestuko genuke. Horregatik dio W. Jamesek, Donepauloren pentsakeraren bertsio pragmatiko baina sikologoaren pentsakerarekiko guztiz kontsekuente emanez, gure hilezkortasunaren frogarik ziurrena, gure erraietako hilezkortasun irrits izugarrian daukagula.

Bere erara, zer beste adierazi nahi izan zuen Antonio Machadok, askatasunean eta esperantzan sinesteaz aparte, sinesmenean ere sinesten zuela baieztatu zuenean?

"...Jaiotzen den fede batetan
bere bila ibili arren Jainkoa harrapa ez dezakedanean,
eta daramagun eta egiten den Jainkoagan" (4)


Berrogeitamar urte geroago Jose Ortega y Gasset-ek kontrajarri egiten zituen ideiak eta sinismenak eta demostratu ere zernolako garrantzi erabakiorra duten sinismenek gure existentziaren oinarrietara jotzerakoan. Ortegaren eritziz sinismenak dira "gure bizitzaren kontinentea" eta "garen ideiak" gisa ulertu behar dira eta ez "ditugun ideiak" bezala.

Errealitatea egituratzen duten sinboloak oparitzen baitizkigute, logikatik urrun, mekanikatik haruntza, esanahiaren, zentzuaren, esperantzaren ofertorioa. Azken batez, gure oihalaren egitura, paisajea eta hitza.

Juan Ramón Jimenez-ek kantzatzen zuen bezala

"Zein ondo datorkion bihotzari
bere lehen kabia!
Zernolako ilusio alaiez
itzultzen den, hegaka, bertara; zernolako arduraezaz
etzaten den adardura itzaltsuan,
fedez, bakez, ahanzturaz inguratuta!..." (5)


Beraz, beraietatik bizi gara eta ez gaude beraiekin, baizik beraiengan. Zerbait pentsatzen iharduten garenean, sinismena gure hondoan ari da; horregatik ez dakigu nola formulatu, hori bera gertatzen baitzaigu guretzat errealitate oinarriztatzaile den ororekin. Hain zuzen ere beraiei esker jakin dezakegu diruaren, gosearen, pobreziaren, asearen, maletaren eta diplomaren gainetik itsasokoa izan naitekeela, lautadakoa ala mendikoa eta kultura ez dela inoiz helduko mendiko tximista, itsasoko ekaitza eta lautadako infinitoa dautzan hartara, sinismenek, soinuek eta isiltasunek, amodioek eta amodio ezak, babesak eta biluziak lehenengo aldiz zitzelatu ninduen hartara.

Beraz, Ortegaren eritziz, gure izakeraren estratorik sakonena sinismenez osaturik dago. Ondorioz, fedea Jainkoari emana bizitzea gisa ulertu behar da, pertsonen arteko dohaneko harreman gisa, horixe denez azken oinarria, errealitatearen baldintzari eta bultzaria.

Bautista Galarregi bertsolariak honela adierazten zuen:

"Gezurrik bada ez det esan nai
baizikan beti egia,
au da txikitan ikasi nuen
Jaungoikoaren legia.
Oraindik ere oroitutzen naiz,
ez det galdutzen fedia,
beragatikan ez nuke iñola
engañatu nahi jendia" (6)


Hedapen prozesu batetan sartuz gero, zera honi deitzen diogu sinismen -benetako sinismen sakon eta egiatiar-; bere alde sofritzeko eta, behar bada, hiltzeko prest egiten gaituen horri, berarekin dugun lotura guztiz edo batez ere afektiboa izanik.

Sinismenarekin loturiko sofrimendua sarritan azaltzen da migralariengan. Juan Mari Lujanbiok horrela zioen:

"Gipuzkoa ortan bada
zenbait lar da ote
neri emandakua
zenbait azote;
odola neriyola
noiznai derrepente,
beste geiagok ere
alaxen diyote;
sartzen ziran fuerte
ezurra jo arte". (7)


Horregatik batek baino gehiagok gudatik hartuko ditu fedearen borrokan tajuz aritu eta garaile irten ahal izateko bitartekoen sinboloak. J.M. Berak, esate baterako, izugarrizko indarrez eskeintzen digu bere ikuspegia:

"...Bataioakiñ sartu soldadu,
konfirmatzian armatu,
muniziyotzat utziyak daude
beste zenbait sakramentu..." (8)


Loiolako Inazioren iruditeria bete betean, ikus dezakegunez. Eta guzti honek, zera suposatzen du, gure bizitza ikuspegi metafisiko batetik begiratzea. Gure bizitzaren ulermen metafisiko honetan agertzen da gizonaren bere errealitatearekiko irekitasun definigarria; berari esker aurki dezake gizonak bere mugaziatik haruntza badela zerbait -mundua, munduaren errealitatearen eta berearen oinarria- zeinik gabe ez litzatekeen posible izango bere existentzia.

Badirudi gure bertsolariengan ere somatzen dela halako planteiamendurik: sinesten dut, beraz, gizaki bezala, erreala naiz; nire errealitaterik hondoenean -beste zenbait gauzen artean- nire sinismenak eta nire zalantzak naiz.

Honela erakusten zigun Mendaro Txirristaka bertsolariak, alegoria natura hurbiletik jasoz.

"...birigarruak txirt-txirt
deitzian jeki goiz,
Aitaren eginda ekin
txabolara illargiz..." (9)


Honek esan nahi du gizakia konstitutiboki dagoela munduari irekia; berarentzat ez dago NIA alde batetik eta mundua bestetik; hain daude elkarri lotuta eta hain daude bata besteari baldintzatuta ezen mundurik ez balego ez litzatekeela Niarik ere izango.

Nolabait mugaziaren traszendentzia deituko genioke, denok barru barrutik daukagun mugazia izugarri horren traszendentzia. Gizona mugatua da bai espazioan (multilokazioa ezinezkoa da), bai denboran (jaio denez, hil beharrean dago) eta posibilitatean (ezin du izan nahiko lukeen oro). hiru mugazia horietatik beharbada denborari dagokiona da bertsolari migralariengan gehien agertzen dena. Forma asko hartuko ditu, diruaren iragankortasuna izan daiteke bere oihartzun, J.M. Beraren bertso honetan bezala:

"...Gure pentsamentuak
dabiltza diruban,
sekulako bagiña
bezela munduban" (10)


Edo haize haundi bat, bertsolari beraren hitzetan

"...Mundu ontako gure biziya
aize aundi baten itxura,
segurantzarik eziñ kontatu
ordu batetik bestera;
Gaur azkarrean egonagatik
biar goaz lurren azpira..." (11)


Hain zuzen ere, bere posibilitateetatik haruntzagoko errealitateak, beraz bere berezko errealitatetik haruntzagokoak daudela sinistean, eta bere azken oinarriak traszenditu egiten duela bere berezko errealitate hori, gizona konturatu egiten da bere mugaziak plus-ultra bat, harunztasun bat eskatzen duela. Heideggerek egiten zuen galdera: "Ba al du zentzurik gizona, bere mugaziarik barnenekoaren oinarrian sortzaile bezala eta, beraz, infinito gisa ulertzeak?".

Guzti hau laburbilduz Hegelek hau zeukan idatzita: "Mugazia absolutuak egiazko Absolutuarekin duen zerikusia da sinismena".

Beharbada, guk zera esango genuke, gure mugaziatik haruntza badela zerbait traszendituarazi egiten didana eta sinesteak, sineste modu batek bermatzen didala "zerbait" hori.

Gure ustez, gure bertsolariengan ia nabarmenki somatzen den gauza da. Zubirik tesis antropologiko bihurtu zuena, eta Lain Entralgok bere saiakeratan behin eta berriro gogoratu diguna: gizona bizitzan zehar "idem sed aliter" dela. Eta sinestea gure bizitzako une existentziala denez, hori, "aliter" edo aldatze hori ez litzateke posible izango, denborarekin ajea eta aldaketa jasaten duten sinismenekin batera, betirako dirautenen multzotxo hori, sinismenaren, singularrean, "idem" hori existituko ez balitz; "nik badakit nor naizen" eta "nik badakit zer naizen" esatea eta sinestea ahalegintzen diguna. Berari, sinismenari, zor diogu "idem-titatea", benetan eta etenik gabe naizen idem hori izatea.

Bestalde, guk ez dakigu honek nolako zerikusia izan dezakeen Ameriketan aurkitzen dugun euskaldunari sarri egin zaion erlijio aldetiko fanatismo salaketarekin. Gaur egun, zoritxarrez, nahasi egiten dira eta, behin baino gehiagotan bat bilakatzen fanatismo eta fundamentalismo ideiak. Behar bada modernitatearen hilzoriko momentuan gertatu diren errelato haundien heriotzaren ondoren oinarririk gabeko gizon postmodernoa onartu dugu (ikusi, Wattimo, Braudillard...) eta bera goraipatu aliter horren hegoetan, aldaketaren sustantibitate litzatekeen oinarri ezean oinarritua, Wattimoren egunsentiaren filosofia ahoan eta hatz puntatan.

Eta agian mendebaldean gertatutako fenomeno honen aurka oraindik ekialdeko zenbait zibilizaziotan (batez ere Koramen oinarritutako hainbat herrialdetan) oraindik errelato fondatzaileak erabakior eta eusgarri gertatu direlako eta herrialde horietako zenbait estadu erasokor agertu direlako, Iran eta Iraq-eko kasuak, besteak beste, gertatu da lehen aipatu dugun fanatismo = fundamentalismo nahasketa. Gure ustez, uka ezina da euskal migralaria errelato haundietan sinesten duen gizon fundamentuduna dela baina ez inola ere fanatikoa.

Ikusi zernolako susplezia ederrez xuxurlatzen digun Mañex Etchamendyk bere oinarriarekiko atxekimendua.

"Aita-amek pena asko
Jasan dute guretako,
Bai gure ongi hazteko.
Urte on deiet desiratzen ta
Jainko onak laguntzeko,
Osasun on emaiteko,
Luzaz bizi-arazteko,
Gero zeruan biltzeko.
Ama Birjiña maitia,
Gutaz miserikordia!
Atxik guri bertutia.
Aita-amari eta umeri
Nasai iguzu grazia:
Uroski gure bizia
Iragaiteko guzia,
Gero zeruko loria" (12)


Fanatismoak ez du oinarritzat Etchamendyk (eta berarekin batera ezagutzen ditugun bertsolari migralari guztiek) erakutsi digun sinismen guztiz tinkorik; fanatismoa sinestearen forma anomala eta, nahi bada, morbosoa, fanatikoak sinesten duen haren haustearen eta erortzearen espresioa bait da, batez ere sinesten duenarekiko eraginkortasun sozialaren krisialdiarekikoa. Hau ere esan beharrean gaude, gure bertsolariek sarri deskribatzen dizkiguten Sta Genobeba eta beste zenbait martirien zalantzarik gabeko jarrera existentzialaren aurka, beharbada martiriengan ere ez dela gertatzen sinesten dutenarekiko atxekimendu guztiz osoa; hau posible ez delako da, gure ustez, hain izugarria beren sakrifizioa.

Eta esaten genuenaren arauera, idem sed aliter horren arauera, azken aurreko eta azkeneko sinismenen arteko bereiztapena egin beharko genuke.

Giza mugaziaren agerpenik nabariena galdera da; gizonak galdetu egiten du, hainbat eta hainbat ziurtasunen artean galdetzera bultzatu duena falta zaiolako; horri buruz osagaitza sentitzen delako; azken batez, mugatua delako.

Latinera joko dugu hobeto adierazi ahal izateko. Badirudi etimologikoki PERCONTARI aditza dela giltzarria; aditz hau, berriz, "makila" esan nahi duen CONTUS izenetik dator. Lehen esan bezala, nahita eutsi diogu etimologia latiniarrari, beharbada, galderaren esanahi sakonena berarekin lotuta dagoelako. Beraz, "Percontari" (preguntar-galdetu) "putzu baten hondoa makila batez arakatzea" izango litzateke, helburu bikoitzarekin noski: bat, putzuaren sakonera eta hondoaren tinkotasuna ezagutzea; eta bertan, hondoa biguna baldin bada, azpian ezer gogorragorik ba ote dagoen aztertzea. Beraz, azken aurreko eta azkeneko galderaren arteko jokua.

Galderari egokituta ematen diogu hitzari bere esanahi metafisikoa: giza barnekaldearen miaketa, sondeoa. Eta gizonari egiten zaio galdera, beragan erantzunaren edukina osa dezakeen jakituriarik dagoen ala ez ezagutzeko. Eta saio honetan bi modu ezberdin bereiz daitezke:

- Azken aurreko galdera, gugan azken aurrekoa izanik, beste edozer izan ez daitekeenari dagokiona. - Azken galdera, gugan azkena izanik beste edozer izan ez daitekeenari dagokiona.

Bertsolariek askotan baieztapen edo desio gisa formulatzen dute azken galdera hau. Ikusi bestela zer dioen Kaskazurik.

"Ez dakigula beñere falta
Jaungoikoaren graziya,
onarentzako seguru dago
zeruetako gloriya..." (13)


Bestalde, aspaldiko gauza da mirespena dela jakituriaren iturria. Era zoragarri hortan eman zigun hori Mañex Etchamendy haundiak:

"Desertuetan bakartasuna
dela hain lotsagarria!"
goiti zerurat behatu eta
zer gauza xoragarria!
Izar eder hek dirdiran daude,
izarrak ta ilargia...
Hantik guganat begira dago
heien guzien Nausia." (14)


Baina mirespena kokiltze ala gurpen hutsa bilaka ez dadin, guztiz beharrezkoa da, harridura eginik, bere barnetik galderakizun hau sortzea: "Zergatik mirestu naiz ikusi ala bizi dudanaren aurrean?" -Etchamendy-ren azken lau bertsoen mezua litzateke.

"...Izar eder hek dirdiran daude,
izarrak ta ilargia...
Hantik guganat begira dago
heien guzien Nausia".


Azken aurreko galderak, erantzun razionalki onargarria hartzeko gai direnak... baina beste batzuetara eramango nautela jakinez, zeinengan halako erantzunik ez den jadanik posible izango. Gehiago oraindik: gure intelijentziak guztiz razionalki erantzuterik izan ez dituenak eta inoiz erantzungo ez dituenak. Honako hauek esate baterako:

- Zergatik daude nire aurrean gauza errealak eta ez ezereza?
- Zergatik da gizona eta zergatik naiz ni?
- Zertan datza bizitzaren hastapena -giza bizitza den heinean- eta zertan heriotza giza heriotza den heinean?
- Hiltzerakoan, guztiz desegindurik gelditzen al da giza errealitatea?
- Gizadiaren historiak ba al du inolako zentzurik?, Arnold Toynbeek planteiatzen zuen eran.


Agian geurea egin beharko genuke Du Bois-Reymond zaharraren "ignoramus et ignorabimus" (Ez dakigu eta ez dugu jakingo) hura, ilustrazioko zientzi gizonak hainbat eta hainbat eskandalizatu zituena. Honela utzi digu Mañex Etchamendyk horri buruzko bere gogapena, apaltasunari eginiko dei bortitz gisa.

"Eskual Herrian, mundu guzian
orotan da Jainko bera.
Ez dugu zeren izan dezagun
nehork urgulu sobera.
Uros ditake bizitzen dena
haren legen arabera.
Jeiki-erorka pasatzen dugu
mundu huntako denbora". (15)


Eta, halere, edo agian "jeiki-erorka" bizitzea dagokigulako, krisialdiaren zurrunbiloan murgildurik gaude. Beharbada ez dira zientzia eta bere emankortasun izugarria izango pot egin dutenak, zientzia eskura dezakeen errealitatearen ezagumenari azken izakera oinarrikorra eman nahi izateak baizik. Zientziak ziurtasun irmoak ematen ditu baina ez ditu azkentasunak, amaierak azaltzen.

Rosalia de Castroren bi lerro zoragarri hauetan bezala:

"Quérom'ire quérom'ire!
para donde no-no sei.


Filosofia ere saiatu da gure buruarentzat azkena eta oinarrizkoa dena jakingarri egiten baina, azken batez, horri buruz esaten diguna erizpideen arloan gelditzen da. Hortan datza, beraz, giza pentsamenduaren drama eta, era berean, bere eztena. Eta galdera horiek argitsu eta sustraietatik formulatzean dautza gizonaren mugazia eta haunditasuna. Modu izugarri honetan deiadarkatzen digu Jose Mari Mendiburu bertsolariak.

"Beatzak legun eta
tristura biotzak,
arras guti balio'ik
olako bizitzak;
batian sobra bero
ta bertzian otzak,
gau ta egun bakarrik,
oiek gauza latzak;
ola bizitzen dire
otso eta artzak". (16)


Mugazia esan dugu, eta haunditasuna, bertso latz hauek erakusten dutena, haundia behar baita izan jakin daitekeenaren gailurrera eta mugetara iritsi garela apalki onartu eta aldarrikatzeko. Zerbaitegatik esan zuen Martik Heideggerek galdera zela jakituriaren izakera gorenena, erantzunak "otso eta artzen" parera eramaten bagaitu ere. Beraz, Heideggeren ustez, "galdera ez da erantzunera iristeko ezarri behar den zurubia; aldiz, jakitearen formarik gorenena bihurtu da". Orduan, mirespena eta galdera baldin badira ezagumenaren hastapenak, galdera eta harridura izango dira bere gailurra.

Mañex Etchamendyren hitzetan:

"Munduari
beha bat emaiten diozu
munduari;
haren ondorioari;
bainan ez diozu kausitzen
auhen, miñ eta pena baizen
munduari". (17)


Beraz, aurrerapauso bat eman nahi dugu. Azken aurreko eta azken galderak baldin badaude, gauza bera esan ote dezakegu sinismenei buruz? Ba ote daude azken aurreko eta azken sinesmenak?

Inolako dudarik gabe gure eguneroko ia ekintza guztiak azken aurreko sinismenetan oinarriturik daude. Nahikoa dugu telefonoa hartu eta lagun bati deitzea: "Bihar lanetik ateratzerakoan X-en kontzertua entzutera joango al gaituk?"-galdera da, nire beharkizuna adierazten duena, beraz nire pobrezia eta mugazia; eta azken aurrekoa, ez baita nire bizitzan benetan oinarrizkoa denari buruz ari, baizik, nahiz eta niretzat gustokoa izan, naizena izateko ezinbestekoa ez den zerbaiti buruz.

Baina hauetatik haruntzago, egon ote daitezke azken galderekin batera azken sinismenak, azken galderei erantzun sineskorra eman diezaieketenak? Baietz uste dugu orain arteko gizadiaren zatirik haundienak erakutsi digun bezala. Dozenaka har genitzazke gure bertsolari migralariengandik holako sinisbetearen adibideak.

Sarri aipatzen dugun Mañex Etchamendyk honela zioen:

"Gizonaren indarrek
ezin egin deusik,
Jainko eternalaren
botereak baizik" (18)


Eta Nikolas Lujanbiok:

"...Baliosuak izan ziran
orduko Pater-nosterrak;
oso estutik salbatu giñan
Jaungoikoari eskerrak" (19)


Edo Josetxo Yanzik:

"Euskalerritik etorri giñan
geren etxetik urruna,
ardi zaitzera gure Jainkua
daukagularik laguna;
ondo gerade Berak ematen
digularik osasuna,
bere laguntzarekin egiten
badegu noizpait fortuna,
iritxiko da zuek ikustera
juango geraden eguna". (20)


Gizon batek egunerokotasunaren irreflexiotik irten eta bere "bera izatearen" mugazia horren aurrean jarriz, berarekiko gelditzen denean, ikara somatzen du, txundituta gelditzen da, zer naiz ni?, zer izan naiteke ni eta zer ez?, nondik joko dik bizitzak eta zer zetorkiak ondoren?... galderen aurreko ikara txunditua... geroko erantzuna baiezkorra bada ere, goiko kasuetan bezala.

Egia esan, leikena da galdera horiek ez egitea ere -beharbada beldurra zaielako- eta egunerokotasunaren zurrunbiloan murgilduta bizitzea nahiago izatea. Baina garbi dago, gure migralariek egin egiten zituztela galdera hauek eta ondorio pertsonal batetara iritxi zirela, beharbada tradizio luze baten fruitutzat jo daitekeen ondorio kolektibo baten pertsonalizatzera... pertsonalera azken batez, horrekiko ardura guztiz norberarena baita.

Dena dela, berez, -guk dakigunez, hau ez baldin bada ere gure migralarien kasua, ez normalean behintzat,- lau ondorio ezberdin nabarmen daitezkeela historian zehar adierazi beharrean gaude: desesperantza, azken sinismena, agnostizismoa eta metafora, nahiz eta guk, aztertu dugunarekiko zintzo, batez ere AZKEN SINISMENA landu.

Gizon bat azken galderei erantzun asegarri eta egokirik ezin eman izatearen parametroetan lehiatzen denean etsipena izan daiteke bere lehen erreakzioa, Leopardi eta Xabier Leterengan ikusten dugun bezala,

"Etzaidazu galdetu gauza ilun guztilu arrazoi gordea,
nora ote dihoan denbora aldakorrak daraman bidea... "


Edo atsekabea Miguel de Unamunorengan, lehenengo Heideggeren analitika existentzialeko larrimina edo Sartrek eman zion zentzu metafisikoan hartutako nazka. Eta ezintasun horren kontzientzia setati bilakatzen denean desesperantza egiten da. Baina bizitzaren eta kulturaren sekularpenak goia jo duen arte, azken sinismena izan da azken galderei eman zaien erantzunik orokor eta jarraikoena, formalki erlijiosoa zenbait kasutan edo seudoerlijiosoa beste zenbaitetan.

Azken aurreko sinismena litzateke sinistea eta gero pentsatzea giza errealitatearen azken oinarria -gizon eta ente erreal gisa- guztiz inmanentea, mundubarnekoa, intramundukoa dela. Hau da Feuerbach-en ondorengo materialismo dialektikoaren teoria.





A. AZKEN SINISMENA

Guztiz ezberdina da gure bertsolari migralariena eta beraiekin batera kosmosaren errealitatearen oinarria -eta horren barne dagoenez, berearena- guztiz traszendentea dela, guztiz transmundukoa dela sinesten dutenena. Beraz, sinismena egiazko fede erlijioso denekoa- Baina hau ez da bakarrik teistengan, hau da, hiru erlijio haundi positiboetan (kristaua, hebertarra, islamiarra) sinesten dutenekin gertatzen; modu ez hain garbian izanik ere, hori bera gertatzen da deisten fedearekin; panteismoa inmanentziaren jarraitzaileen erlijiosotasun informala eta traszendantziaren jarraitzaileen erlijiosotasun formalaren arteko dotrina baita.

Eta fede ekintzen bi joera ezberdinen arauera ulertu izan da historian zehar. Bat tradizionalena, fedearen ideia agustiniar eta tomistan oinarriturik dago: cum assensione cogitare izango litzateke, Elizak sinesteko jartzen duenarekiko atxekimendu intelektuala. Dudarik gabe, teologo tomistak ongi ezagutzen ditu fede ekintzaren inplikapen bolitibo eta afektiboak, baina ekintza intelektualean jartzen du fede ekintzaren hezurdura. Ondorioz, horregatik jartzen du halako enfasia, Jainkoaren existentzia "demostratu" ahal izateko, teologia eskolastikoaren bost bide kosmologikoetan.

Gure ustez hemen ardaztu beharko genuke gure migralarien pentsakera erlijiosoaren iharduera eta formulazioa eta bertan ere, jarrera etikoen bitartez eskeintzen diguten Jainkoaren, gizonaren, eta munduaren ikuspegia.

Orohar hartuta, hontan ezikasiek uste izango zuketena baino askoz espektro zabalagoa ematen digute gure bertsolari migralariek guzti honi buruz.

Hain dira ugariak eta mamitsuak erreferentziak ezen zenbait arlo ezberdinetan banandu behar izan ditugula, gure erizpide guztiz pertsonala jarraituz noski. Horrela, lehenik zernolako Jainkoaren aurpegia erakusten diguten aztertuko dugu. Gero, horren gauzatze historikoaren prozesua aztertuz, Elizaren erakutsiekiko erreferentziak. Hirugarrengoz, horren araberako harrera etikoen ardatzak. Ondoren, Erlijioa Euskal Herriaren ardatz oinarriztatzailea eta azkenik Alegoriak eta Sinboloak, oihartzun biblikoen erakusleiho gisa.





A.1. Jainkoaren aurpegiak

Hasteko, esan dezagun, goian aipatzen genuen bai Platon bai Aristoteles nahiz Aquinoko Tomas donearen iharduera filosofiko eta teologikoko Jainkoaren lehenengo atributoaren ondorio gisa har ditzakegula geroko zehaztasunak. Hain zuzen ere Jainko Ahalguztiduna da beraientzat -eta gure migralarientzat- lehenengo Jainkoa. Halere, gero ikusiko dugun bezala, ez ginateke batere zintzoak izango, Jainko Ahalguztidun horri Nazareteko Jesusek Itun Berrian eman dion Maitasunezko Jainkoaren osagarri definigarria atxekituko ez bagenio. Harritzen bagaitu ere, askoz sarriago aipatzen baitute gure bertsolariek maitasun ekintzetan ixuriko omnipotentzia, epaitze eta zigortzekoetan baino. Honek zera adierazi nahi digu. Askotan esan ohi izan digutenaren aurka, gure arbasoen erlijioa ez zela inola ere esklusiboki beldurrean oinarrituriko erlijioa, konfidantzazko harreman pertsonaletan baizik.

Beraz honela agertzen digute Jainkoa:

* ARGI EMALE

"...Baña, etzen ala gertatu. Goiko Izarrak eman zidan argi berria" (21)

* GRAZI EMALE ETA LAGUNTZAILE

"Jaun Zerukoak emaiten digu
osasun eta graziya,
orañ artio ola dijua
gure emengo biziya..." (22)


Batzutan, gainera, zehaztu egiten dizkigute Jainko atributo horren ekintzaren uneak, adibidez, otoitzaren bitartez, onez ateratzen gaituela estualditik:

"...baliosuak izandu ziran
orduko Pater Nosterrak;
oso estutik salbatu giñan
Jaungoikoari eskerrak" (23)


edo egindako lanari etekinik ateratzeko dela Jainkoa graziemale, Paulo Yantziren testu honetan ikus daitekeen bezala.

"Deseatzen dizkitzutet denari
Jaungoikuaren graziyak,
bere laguntzaz ibillitzeko
zelaiak eta mendiyak,
ordu onian izan ditezen
zuen lana eta nekiak,
zabilztelakoz mendi oietan
pesti orekin nasiyak...
ondo zaitzia merezi luke
orrela irabaziyak" (24)


* JAINKOA, LAGUN.

Lehen ere aipatu baditugu, Josetxo Jantzirenak dira oraingo bertsoak.

"Euskalerritik etorri giñan
geren etxetik urruna,
ardi zaitzera gure Jainkua
daukagularik laguna;
ondo gerade Berak ematen
digularik osasuna,
bere laguntzarekiñ egiten
badegu noizpait fortuna,
iritxiko da zuek ikustera
juango geraden eguna". (25)




* JAINKOA, OSASUN EMALE

Iñolako dudarik gabe, hau da gehien agertzen zaigun Jainkoaren aurpegia, osasun emalearena, beharbada gizonok gehien estimatzen dugun ongiarekin loturiko Jainkoa agertzen digulako: osasunaren ziurtatzailearena. Eta ulertzekoa da, gure ihardun arruntetan beharrenezkotzat jotzen baldin badugu, zer esanik ez dago noraino irits daitekeen bizimodua irabazteko atzerrira jo behar izan duen gizon-emakumearengan. Itxuragabe ugaritu genitzazke aipuak, baina hiru aukeratu ditugu arras esanahikorrak direlakoa.

Dabid Aranbururena lehena:

"...Osasun ona baldin badaukat
Zeruko Aitaren partetik,
beste bost urte eztituk juango
alkar ikusi gabetik" (26)


Bautista Galarregirena bigarrena:

"...Osasunaren emantzallea
lagun degula Jainkoa,
adiyo bada, beste bat arte,
euskaldun biyotzekoa" (27)


Juan Cruz Arrosagaraiena hirugarrena:

"Osasun izaitia zonbat den haundia,
eritu arte nekez da estimatzia;
horgatik galdetzen dut Jaunari grazia,
otoitz batian sartuz jendeki guzia,
luzaz izan dezaten sendo bizitzia" (28)


* JAINKOA ONTASUN EMALE, lehen aipatu ditugun Leon Bereau eta Josetxo Yantziren bertsoan agertzen den bezala.

* JAINKOA, BABESLE

Beharbada Leon Bereauren bertso labur batek eskeintzen digu ideia hau zoragarrien. Lehen ere aipaturik daukagu.

"...Guzien gañiñ Jaun Zerukoak
ondo giñuan anpara". (29)


Sein Irigoien-ek berriz honela aurkezten digu, gure pekatuek mereziko luketen zigorpetik edo Jainkoak babes gaitzan:

"...Nonbait asko zor due
gure pekatuak,
anpara gaitzala
Gurutze Santuak,
gutaz egon ditezen
besteak eskarmentatuak" (30)


Arras interesgarria da bertso hauek eta beste askok adierazten digutena bakarkako pertsonaren egoeraren indar ereduemaleri buruz. Itxuragabeko gizarte itxi eta hurbil bat azaltzen zaigu, halakoetan hurbiltasunak bai onerako, bai txarrerako duen indarra azpimarratuz.

Hirugarrena anonimoa da eta, hau ere lehen aipatua izan arren, interesgarria iruditu zaigu testinguru berri honetan:

"...Jaunak gordeko nau ta
konsola zaitea,
Berak naiko du nik zu
berriz ikustea..." (31)


Beharbada, behin eta berriro agertzen zaigun Mañex Etchamendyk emaniko Jainko BOTERETSU horrek...

"Itsasoak koleran
trainak bortitzik
suntsitu nahi ditu
guziak untzitik.
Gizonaren indarrek
ezin egin deusik,
Jinko eternalaren
botereak baizik" (32)


Beste zenbait aurpegi ere har ditzake azkenean azpimarratzea interesatzen zaigunera heldu aurretik. Hain zuzen ere

* GURE ZAURIAREN SENDAKARI, da, J.M. Berak bertso arras ebokatiboan kantatzen digun bezala:

"Jesus Eleizatikan
gu deiaz ari da,
sendatu nahi digula
daukagun erida..." (33)


Nolabait Miguel Hernández-en poema izugarriaren parafrasia izango litzateke, Berak seguraski poeta espainiarra ezagutu ez bazuen ere:

"Llegó con tres heridas:
la del amor,
la de la muerte,
la de la vida.

Con tres heridas viene:
la de la vida,
la del amor,
la de la muerte.

Con tres heridas yo:
la de la vida,
la de la muerte,
la del amor". (34)


* Eta, zauriturik gaudelako, hain zuzen ere, ERRUKIZKO JAINKO da. Honela dio, berriro ere Mañex Etchamendyk

"Enetzat herran biziz,
zer huke saria?
Eternitatearen
pena latz-garria.
Izaiten baduk hire
hutsen urrikia,
Jinkoak eginen dik
miserikordia". (35)


* Eta IZADIAN AGERTZEN ZAIGUN JAINKO hori,

"Desertuetan bakartasuna
dela hain lotsagarria!"
Goiti zerurat behatu eta
zer gauza xoragarria!
Izar eder hek dirdiran daude,
izarrak ta ilargia...
Hantik guganat begira dago
heien guzien Nausia" (36)


* DENENTZAKO JAINKO BERA izan arren,

"Eskual Herrian, mundu guzian,
orotan da Jainko bera..." (37)


batez ere, Ebanjeliotako Jesusen mezua ezin hobeto jasoz, ARTZAI eta JENDE XUMEEN JAINKOA da. Mañex Etchamendy dugu berriro.

"Betleemeko harpe batean
Salbatzalea da sortu.
Hango artzainak, aingeru batez,
ditu bere ganat deitu.
Heien agurra nahi izan du
lehenik errezebitu.
Artzainak zonbat maite dituen
ez dia ongi frogatu? " (38)


Eta hori, epaile baino, MAITASUNAREN JAINKOA delako. Gogora dezagun lehengoz Beraren lehen ekarritako bertsoa.

"...Zeñek ez du artuko
Jaun ori kontentuz?
Zer amoriyo digun
pentsatu soseguz" (39)


Baina hori bezain adierazkorrak dira Mañex Etchamendy eta Sein Irigoienen bertsoak:

"Jainko onaren baitan guziek
behar dugu fidantzia.
Harek segurki ezagutzen du
ongi gure flakezia.
Jesus otoiztuz, elgar maitatuz,
galde dezagun grazia:
zori-onean goza dezagun
eternitate guzia" (40)


Sein Irigoienek, berriz:

"...Traidore falsoak
urrikaltzeko dira guk
egindako pausoak,
ez anparatzekotan
Jaun amorosoak" (41)




Honekin batera bertsolariek erakusten dizkiguten Jainkoaren azken hiru aurpegietara gatoz. Apropos utzi ditugu amaierako, Biblian behin eta berriro agertzen zaigun Jainko epailearekin lotuta daudelako. Jainko EPAILEA, beraz, J.M. Berak hitz hauekin:

"...Badakizue dela
deabruen promesa,
eta gañera zein den
an dagoen jueza,
ez badegu kunplitzen
bataioko itza" (42)


Eta bertsolari berak, geroxeago, beste hauekin ekartzen diguna:

"...Guk uste izanagatik
dauden sekretuan
asentaturik dauzki
Jesusek libruan,
agertuko diranak
illtzeko orduan..." (43)


Garbi dago ebangeliotako hitzen oihartzuna dela bertsoa: "Egun hartan logelan esandakoa ere teilatutik adierazi izango da...".

Baina kristau tradizioan hain irmoki oinarriturik dagoen Jainkoaren aurpegi honek, dudarik gabe, batzutan serioa izango du begirada, betilun azaltzeraino, batez ere, bertsolariek dioten bezala JAINKO "JUSTIZIERO" izatea dagokionean. Honela adierazten du bertsolari anonimo berak bi bertso ezberdinetan:

"Jaungoikoak baditu
kastigu fuertiak,
ezpadio laguntzen
bati subertiak.
Espetor sisero
pekatuz betiak,
indarrik baldin badu
etsaien katiak,
an pagatuko'ituzute
emengo partiak" (44)


Eta hori epaiketaren ondorioz hain zuzen ere:

"Ni esaten ari naiz
nere iritziya,
Jainkoak artuko du
apunte guziya,
andik irakurriko
digu sentenziya..." (45)


Halere, Jainko epaile bera, ZERU EMALE izango da, Leon Bereau-ren hitzetan behintzat:

"...Zenbaitan maldan anbildu eta
pusken erdiyak galduak...
zerua ondo mereziya du
emen gu bezalakuak..." (46)


Edo Kaskazurik zioenaren arauera:

"...onarentzako seguru dago
zeruetako gloriya" (47)


Hori izanik JAINKO SARI EMALEAK eman diezaguken saririk ederrena. Entzun bestela, J.C. Arrosagarairen bertsoa:

"Otoitz kartsu bat bihotzez zuri, kusi Maria Terexa,
bizian izan fede handiak eman dezauzun laguntza;
Jainko maite, zutan bakarrik zuen harek esperantza,
saritzat orai zeru gainean emozu horgo babesa". (48)


Zerua, purgatorioa, Infernua gure bertsolariengan behin eta berriro agertzen zaizkigun kontzeptu teologikoak dira, beharbada hainbeste entzuteaz eta beraien itzalean hain luzaro bizitzeaz, kontzeptu antropologiko ere bihurtu direnak, gizonaren bizitzari espazio irekien betetasun izugarria emanez.

Azken batez gure bertsolariek hainbat eta hainbat kezkatzen gaituen galderari ematen dioten erantzuna da. Galdera hau izanik: "Zein da gizonaren existentziaren forma, heriotz indibidualaren ondoren zentzu batetan, eta berpizkunde unibertsalaren ondoren bestetan?"

Gure ustez, garbi dago purgatorioaz, zeruaz eta infernuaz gu, eta gure bertsolariak mintzatzen garenean ez dugula inola ere topografia jainkotiarrez hitzegiten. Infernua, zerua eta purgatorioa ez dira ezagutzen ditugun bezalako denbora eta tokiak, hain zuzen ere heriotzatik pasa den gizonak dagoeneko ez duelako osatzen denbora edo tokizkoa den errealitaterik. Errealitate forma berri hau Jainkoaren bizitzaren partehartze-modu berri gisa ulertu behar da. Bertsolariak hitzegin dute horretaz, zer den esan gabe. Agian, intuizioz zekitena antropologikoki edo teologikoki adierazteko gauza ez direlako.

Baina aspertugabe errepikatu digute oinarrizko konzeptua, eman ditugun aipuek garbi uzten duten bezala. Hauxe da oinarrizko konzeptu hori. "Heriotzako orduan, Jainkoaren egiarekiko eta eskakizunekiko topaketa behin betikoan, gizonari oraindik posible baldin bazaio bere destinoaren zentzuari buruzko erabakirik, ondorioa hirukoitza izan daiteke".

Aldiz, halako erabakirik posible ez bada, epaiketaren ondorioa, norberaren lehengoko bizimoduari dagozkion erabaki explizito ala inplizitoen arauera dago; hau da norberaren askatasunak eskatzen duen birmatze objetiboa eta seriotasun aldaezina, bizitza esanahirik gabeko komeria izan ez dadin. Behin betikoa ez dena garrantzirik gabea da, eta den dena alda baldin badaiteke, ez dago egiazkorik.

Bizitzak herio-ondorena deusestatua ez izatea erreklamatzen du, bere duintasun absolutuaren baldintza gisa. Dana posible da bizi garen bitartean; ezertxo ere ez da posible behin hil eta gero. Eta honetan datza existentziaren haunditasun dramatikoa.

Zer beste adierazi nahi dute J.M. Beraren bertso hauek?

"Urrundik asten digu
etsaiak arrantza,
engainatu artean
guk degun biotza;
gero konfesatzeko
berak eman lotsa,
iltzean ez zaigula
faltako apaiza". (49)


Olegario Gonzalez de Cardedalek ere ildo beretik adierazten ditu aztertzen ari garenari buruz Nikolas Cusakoak eta H.V.von Balthasar-ek esandakoak. Hots, erabakitze unean, gizonak askatasunez, Jainkoarengana hurdilduko duen erabakia hartzean datzala bertsolariek PURGATORIO deitzen duten hori.

Baina, erabaki hau objetiboki Jainkoagandik urrunduta egon den izaki pertsonalarena denean, ekintza bolitibo puntual horrek ezin dezakeela bapatean bizitza osoko estiloa guztiz aldatu. Jainkoarekiko egokitze horrek eskatzen duen purifikapen prozesuari deitu diote, teologoekin batera, purgatorio bertsolariek. Eta zer esanik ez dago, suaren figura tradizionala, egiazkoa eta gezurrezkoa bereizteko erabiltzen denarekiko sinbologia besterik ez dela.

Aldiz, zera gerta daiteke: Jainkoa-hautatze-erabaki absolutu hori Jainkoari eta bere bizi egitasmoari-emandako bizitza oso baten zigilapena izatea.

Jainko salbatzailea eta salbatutako gizonaren arteko topaketa honi deitzen diogu, bertsolariekin ZERUA. Eta guztiz normala iruditzen zaigu bertsolariek ere bat egitea zeru infinitoaren ikuskizuna eta Jainkoaren ezagutza eta kontenplazioa. W. Jaeger-en eritziz, Aristotelesekin jaio eta Frai Luis Leongoa eta Pascalekin batera historiaren zehar garatu den zeruaren kontzeptuari Kant-ek eman zion bere forma behin betikoa. Honela dio filosofo alemandarrak bere Arrazoi Praktikoaren Kritika liburuaren amaian: "Bi gauzek betetzen dute espiritua, beti berriak eta beti gehitzen doazen mirespen eta begirunez, beraietaz gogamena gero eta maizago arduratzen den heinean: zeru izartsua nire gainetik, eta lege morala nigan". Eta Ovidiok nahiz Ciceronek Jainkoa-Eguzkia eginiko identifikapenak mila jarraitzaile izan ditu poesiaren historian zehar. Goethek, adibidez, bere Fauston. Baina Bibliak, aldiz, perspektibak aldatuz, ez du esaten Eguzkian Jainkoa ikusten dugunik, baizik "zure Argitan ikusten dugu argia" (36. salmoa)

Eta INFERNUA? Amaiara iristean, gizona, zutik, bere sufizientzia soilean ezar daiteke, Jainkoa eta bere eskeintza ukatuz. Mugazia hutsean gelditu den gizonaren egoerari deitzen diogu infernu. Gaitzespen hau bi era ezberdinetan uler daiteke, bertsolariek diotenaren arauera: bata, Jainkorik gabeko bizitzari inmanente zaion logikaren ondorioa; bia, Jainkoaren eta lagun urkoaren aurka aritu den gizonari Jainkoak egiten dion gaitzespena, berari emandako lana zintzoki bete ez duelako. Beharbada horrela ulertu beharko da lehen ere aipatu dugun bertsolari anonimoaren bertsoa:

"Jaungoikoak baditu
kastigu fuertiak,
ezpadio laguntzen
bati subertiak.
Espetor sisero
pekatuz betiak,
indarrik baldin badu
etsaien katiak,
an pagatuko ituzute
emengo partiak" (50)


Bestalde, eta arlo hau amaitzeko, ezin dugu ahantzi zernolako garrantzia ematen dioten bertsolariek nahiz Jainkoaren seme den Nazareteko Jesusi nahiz Maria, Jesusen Amari, Jainkoarekiko azken topaketarako prestatzeko orduan. Gerorako utziko dugu Ama Birjiñaren ikuspegia, baina, hurrengo arloan sartu baino lehen, laburrean bada ere, analizatu egingo dugu nola ikusten duten Jesusen betebeharra.Lehenik eta behin, esan dezagun Jesusen Heriotza dela, Kristau teologia tradizionala oihartzunduz, bertsolarientzako gure salbamen esperantza.

Honela dio J.M. Berak.

"...Guziyongatik ill zen
Jesus gurutzian,
ortarako esperantza
artu biotzian..." (51)


Bertsolari bera, zertxobait geroago konfidantzaz arituko zaigu:

"...Jesus, zu alabatzen
nai nuke nik bizi,
eman zaidazu, bada
orrenbeste grazi,
eta illtzian deitu,
banuke merezi..." (52)


Azkenik, eta salbamen prozesua Elizaren barruan ulertzen dutelako, Mañek Etchamendyk Jesukristo jarriko digu Elizaren aintzindari:

"Juduek uste zuten
Jesukristo hilez,
suntsituko zutela
betiko ahalgez.
Bainan pizteko sanja
tonban atxemanez
Jesus zoin ontsa etzen
trufatu hekiez". (53)


Lehenengo puntu hau bukatutzat jo eta bigarrenarekin hasiko gara, beharbada lehengoa bezain adierazkorra, nolabait noraino zegoen gure migralari haien eguneroko bizitza mendeetan zehar, Ertarotik eta batez ere kontraerreforma garaitik hona, Elizaren erakutsien errimoekin lotuta, lehen aipatu dugu bezala, herri honen hatapen antropologiko bilakatu arte.



A.2. Elizaren erakutsiekiko erreferentziak

Arlo hau oso da luzea, erreferentzi asko eta asko azaltzen baitira aztertzen ari garen bertsolariengan. Horregatik, ordenagatik, eta ahal hainako prozesu logikoa jarraitzearren bi zatitan banandu dugu arloa:

a) Dogmari dagozkion erreferentziak, eta
b) Fede tradizionalari buruzkoak, Elizaren irakatsia izateagatik ere, formulazio dogmatikoetan sartzen ez direnak.





Arlo honetan Hirutasun Doneari egiten zaion erreferentzia da lehenengoa eta, arlo erlijioso hauetan sarri gertatzen den lez, Bidasoa aldeko J.M. Bera da aipua egiten duena.

"...Bedeinkatuba Trinidadeko
Jesus bigarren pertsona,
baldiñ ez balitz mundura etorri
galduba zegoan dana" (54)


Eta harrigarria badirudi ere ez dugu beste erreferentzia zuzenik aurkitu, agian gure bertsolariek nahiago zutelako hurbiletik ukitzen ez zituen misterioa ekiditzea. Harrigarria, diogu, kontutan harturik zernolako garrantzia izan duen Xiberuko elizetako dorregintzan eta zenbat eta zenbat ermita dauden Trinitateari eskeinita gure mendi gailurretan.

Bestalde, bertsotan ez dira falta kredoari buruzko erreferentziak, bertsolari berak Niceako Kredoko formulazioan esaten den "eta handik etorriko da hilak eta biziak epaitzera, eta haren erregetzek ez du azkenik izango" pertsonalizatuz honela esaten bait digu:

"Pobre, aberats eta
gizon jakintsuak,
denak sententziatu
bear Jesus maisuak;
an ez du baliyoko
emengo diruak
obrakin irabazten
ez badu pisuak..." (55)


Oihartzun haundiko bertsoak dira eliz-kristauaren tradizio milenaristarekin oso lotuak. Gogoratu besterik ez ditugu, Apostoluen Egiñak, Done Paulo Tarsokoaren erakutsiak, Donejakuerenak, eta geroko Dulcinorenak, Savonarolarenak, Thomas Müntzer, Gyorgi Dosza.. eta zertxobait geroago, XIX. mendeko Pugatchev erresiarrarenak. Beste modu batetan izanik ere Donibane Gurutzekoak hori bera xuxurlatzen zigun bertso zoragarri harekin:

"Bizitzaren arrastirian maitasunaz aztertuko haute" (56)



Gero, sinbolismoez hitzegiterakoan paradisuaren aipua egingo badugu ere, orain jatorrizko pekatua ekarriko digu gauza hauetaz gehien mintzatu zaigun Berak eta Ama Birjiñari buruz idaztekoan gogorarazten digu hain zuzen ere:

"Izar eder bat zuriz jantzirik
izandu ziñan sortuba,
ez gu bezela Adan eta Eban
pekatubak mantxatuba.
Mundu artetik Aita Betikuak
zein duben destinatuba,
seme Jesusen Ama izateko
beretzat guardatuba" (57)


Beharbada jatorrizko pekatuaren dotriña tradizionalarekin lotu beharko genuke aspaldi xamar gure artean aipatu ere egiten ez den linboarena. Besterik ez bada ere, kontura ekarri nahi nuke zernolako garrantzia eman zaion puntu honi ez gure Herriko jenderik xumeen artean, baizik baita Europa osoko, guk dakigunez, literaturan. Gogoratu bestela Thomas Hardyren "Tess of the D'Urbervilles" eleberri izugarrian Tess ama-ezkongearen jarrera bortxakeriaren fruitu izandako haurra hiltzera dihoala konturatzen denean. Neskaren larriminak eleberriaren historian idatzitako orririk hunkigarrienetakoa osatzen du eta gauza bera, Tessek berak bataiatu ondoren, idazleak uzten digun lasaitasun zentzuak.

Era honetan etorri zaigu herriaren pentsakera tradizionala:

"Guziyok sortzen gera
pekatuarekiñ,
Adan eta Ebagandik
datorren gaitzekiñ;
ori kentzen ez bada
bataioarekiñ,
anima linboara
dua illtzekiñ;
kontuz ibilli bada
aur txiki oiekiñ" (58)


Horrekin batera, eta gaiari halako garapena emanez bertsolariek saiatu ziren pekatuaren zentzua erakusten eta bertan Jainkoak duen rola adierazten. Egia esan, gure migralarien jarrera etikoak aztertzen ditugunean ekingo diogu bere osotasunean arazoari baina orain aitatu behintzat aitatu nahi genuke.

Bertsolari anonimo baten eskutik datorkigu oraingo honetan:

"Zer dan oartzen bada
gure bidagoa,
orobat da legorra
nola itxasoa;
iñon ere ez da falta
erori-jasoa,
guztiyaren gañetik
dago Jaungoikoa". (59)


Eta pekatuaren formulazio teorikoarekin erabat lotuta aurkezten digute teologia moralista tradizionalean pekatua egiteko bete behar diren baldintzetako bat gogorarazten digutenean, hots, "uso arrazoizkoari" buruzko dotriña. Bidasoa arroko bertsolaria dugu berriz ere lan hoietan:

"Uso arrazoizko
deitzen den dotea,
zazpi urtetan dela
dago sinixtea;
edade geio dezun
kristaba maitea,
zertan zabiltza bada
eskusaz betea,
esanaz zeradela
txit ijnorantea?" (60)


Gai hau behin utzita, gure bertsolariengan gai erlijiosorik errekurrenteenera joko dugu. Gure saiakeran Herrimiñari eta Amaren esanahiari buruz aritu garenean sakonetik aztertu dugun puntua da. Inolako zalantzarik gabe han esaten genuenarekin erabat lotuta doa orain aztertzera goazena eta ez dugu uste XIX. mendean Mendebaleko Europa Katoliko zaharrean eman zen Maria Birjiñaren kultoaren garapen izugarriak -besteak beste gogoratu Pariseko La Médaille Miraculeuse, Lourdes, Mariaren Bihotzaren kultura... eta batez ere Pio IX.k Maria Sortzez Garbia dogma deklaratzearekin emandako bulkada erabakiorra izanarren, horrek bakarrik esplika dezakeenik migralariengan Ama Birjiñaren kultoak izandako toki gorenekoa. Aipaturiko hori guztiarekin batera ez dugu uste Robert Greaves-en "The White Goddess" eta halako iruditeria herriaren subkonszientetik hain urruti dagoenik.

Hau esateak gehiegikeria badirudi ere Ama Birjiñaren figura Jesusena bera baino maizago agertzen da gure bertsolariengan bizikizun erlijiosoa tartean dagoenean; era guztietako bizikizun erlijiosoa, bai gorapenekoa, bai eskarikoa eta bai, batez ere, babes eta gerizperekin loturikoa.

Lehenik eta behin Mariaren birjintasuna kantatzen dute gure bertsolariek. Eta, ziur gaude zentzu guztiz fisikoan ulerturiko birjintasunaz ari direla, Espiritu Santuaren indarra aipatuz Jesusen ernalkuntzaren eragile lez. Gaia edo, teologikoki arras konplikatua da baina aurrera jarraitu baino lehen esan nahi genuke zernolako zentzu figuratiboa duten Biblian antzeko kasuetako gertakizunek. Badirudi Herri aukeratuaren historian rol guztiz erabakiorra jokatu duten zenbait pertsonaia sorkuntza mirakulusoaz inguratuta azaldu direla munduan, Moises, Sanson eta Joan Bataiatzailea besteak beste, ama zahar horiek nolabait figura poetiko eta sinbolikoak direlarik. Esan ere, esan beharrean gaude beste zenbaitentzat Mariaren Birjintasuna zentzu guztiz existentzialean ulertu behar dela, Jainkoari guztiz eta eragozpenik gabe irekita dagoen pertsona bezala.

Dena dela J.M.Bera da horretaz ere gehien mintzatzen zaiguna. San Mateoren ebanjelioan agertzen den agintzariaren mementua aurkezten digu, Itun Berriko lerroak zintzo jarraituz.

"Oraziyoan ari ziñala
Aingeru Gabriel agertu,
Jaunen ordenaz zurekiñ itz bi
nai zituela mintzatu;
lendabiziko saludatuta
gero denak esplikatu,
misteriyo aundi bat zure erraietan
nola bear zuen gertatu.
Esan zeniyon zenaukiela
birjinidadeko botua,
"gañera berria ni gizonekiñ
ez naiz parterik artuba".
Erantzun zizun: "Trinidadiak
ala du disponituba";
obra ori egiñ bear zubena
zela Espiritu Santuba" (61)


Eta dioguna planteiatu ondoren bertsolariak misterioren apologia egiten du, hizkera guztiz ebokatibo eta herritarrean.

"...munduban ez da filosofo
ain gutxi Teologorik,
nai ta ere proba dezakienik
zuk zenubela mantxarik..." (62)


Berehala itzultzen da jatorrizko adierazpenera, prozesuan Jainkoaren eskua aipatuz,

"...Kutx orren giltza Aita Betikoak
berak bai zeukan eskuan,
gizonak ezin parterik izan
Jaunak behar zuben lekuan..." (63)


Pio XII-ak dogma deklaratutako Ama Birjiñaren Igokundea eta Zeruratzea dakarkigu bertsolariak ondoren eta era guztiz baikorrean gainera, nolabait gure kezkarik haundienetakoari bere erantzuna xuxurlatzen baitio, xuxurlatu esaten dugu, iradokizun gisa azaltzen duelako. Pertsonaren destinoarena noski. J.M.Bera gorputzaren salbazioaz ari zaigu, sublimazio baten bitartez.

"Iltzean ere izandu ziñan
pribilejiyoz betea,
nola ziteken Seme Jesusek
abandonuan uztea?
Anima eta gorputz denakiñ
nai izan zuben juatea...
"Penarik ez den glori ontara
atoz, nere Ama maitea!" (64)


Eta dogmaren prozesua ixteko Maria Erregiñ gisa aurkezten digu. Iruditeriak Patmoseko Arranoaren Apokalipsia gogorarazten digu.

"...Koroi eder bat gañera jarri
beren esku santubekiñ,
andik aurrera izan ziñezen
zeru-lurreko erregiñ..." (65)


Liburu Santuak, Zerua eta Lurra dira horren lekuko.

"...Libru Santubak or daude eta
ikus dezala oietan...
...zeru ta lurra testigu daude...
orra franko misteriyo..." (66)


Jaungoikoaren aurpegiak azaltzerakoan "babesa"-rena ikusten genuen sarrienetako. Fenomeno berdina gertatzen da Maria Jesusen Amarekin. Badirudi haunditasunaren bereizgarririk nabarmenena boterearena dela. Gogora dezagun fenomeno hau guztiz biblikoa dela. Esate baterako, nahiko genuke Judithen kantika gogoraztea.

"Goretsazue nere Jauna atabalarekin,
abestu Jaunari kitararekin;
eresi eta gorespen egiozue,
haren izena deitu eta gora ezazue.
Jainko guda-ausle du Jauna,
Jauna da haren izena.
Kantu berri bat kantatuko diot nere Jainkoari:
Haundia zera, Jauna, eta ospetsua,
ahaltsu harrigarria ta ezin garaitua.
Zure mirabe izan bitez sorkari guztiak,
zuk esanik egiñak bait dira.
Zuk arnasa bidali eta sortu zenituen,
zure hitzari atzera eragingo dionik
ez da inun ezer.
Mendiak oiñarritik mugitzen dira urekin,
harkaitzak ezkoa bezala urtzen dira zu ikustearekin;
baiña beldur zaituztenentzat,
aldeko zera haientzat". (67)


Beraz, horren estilora, migralarientzat Ama Birjiña batez ere GORDELEKU izango da, babes. Ezin hobeto jakinerazten digu Ipar Ameriketako bakardadean ari zen artzain anonimo batek:

"Emen sarri askotan
arrisku-bidean,
pizti txarrak sartzen zaigu
gure artaldean;
zu or zaude gure zai
Aloña egalean,
gorde gaitzazu, Amatxo,
zure magalean". (68)


Mañex Etchamendyk, berriz, itsasoa hurbilegotik ezagutzetik, gure KAI gisa eskeintzen digu Mariarekiko konfidantza xamurra.

"Orduan mariñelek
beren lanjeretan
porturik segurena
dute zure baitan.
Jinkoak zu adituz
zure otoitzetan,
emaiten tu tirainak
beren zedarritan" (69)


Ikusten dugunez, iparraldeko bertsolariak askoz hurbilago uzten gaitu, bertako tradizio luzetik, Iratzederren poesian adibidez, nabarmenki somatzen den tradiziotik: itsastiarra, inmentsitate urdiñarekin estu lotua.

Boteretsua, izugarri boteretsua da, bestalde, berriro ere lehengo artzain anonimoak agertzen digun nostalgia. Ama Birjiña izango da herrimin, etxemin, amamin horren destinatzaile. Bertsoek, beren edertasunean, ez dute galerarik.

"Amerikan gabiltza
biotzeko miñez,
zurekin aaztu gabe
gau eta egunez.
"Ama, urruti zaude"
sarritan esanez,
ta noiz ikusiko zaitugun
berriro jakin ez" (70)


Hain zuzen ere laguntzea baita migralariek Ama Mariari ezartzen dioten betebeharra.

"Laguntza eskatzen diogu
Arantzazu'ko Ama maiteari,
amaikatxo mesede
egiten digu guri;
gure izate guztiak
zor diogu berari,
orregatik esaten diogu
ainbat agurmari". (71)


Mañex Etchamendyk bere erara hori bera adierazten zuen baina otoitzaren arlo gurtzailea eta gorestailea ahantzi gabe.

"Nahiz ni enizan gai
zutaz mintzatzeko,
ama, badut xedea
zure aipatzeko,
Birjiña garbiena,
zu ohoratzeko
eta egun goraki
zure otoizteko" (72)


Gai dogmatikoak behin alboratuta fede tradizionalaren zenbait puntura joko dugu, hauek ere gure migralarien mundu erlijiosoaren urratsik garrantzitsuenetakoak utziko dizkigutenaren segurantzan.





A.2.b. Fede tradizionalari buruzkoak

Hasteko, fedearen rol orokorrari buruzko Mañex Etchamendyren erreflexioa ekarri nahi dugu, zoriona ematea baita bere ustez zintzotasunez bizituriko fedearen ordaina.

"...Jainko legea segituz
beti, behar den heinean,
Harek dohatsu egiten
gaitu lurraren gainean" (73)


Lehengo artzaina bera ere bihotz gaixoen sendatzeari buruz ariko zaigu:

"Egun baten orruntz
biurtzen bagera,
ondo pozik zuregana
etorriko gera,
zure aurrean umil
belaunikatzera,
ta gure biotz gaxoak
ondo sendatzera". (74)


Sarri aipatu izan dugun gauza izateagatik ere ezin aipatu gabe utzi orain ere azal azalean daramatela bertsolariek kristau tradizioan "Novissimoak" eran ezagutu den giza destinoaren misterioa. Hortxe ditugu ostera alde batetik infernuaren errealitatea (heriotza--epaiketa-infernua-zerua)

"...zerori ere ez baziña izan
mantxarik etzendubena,
guretzat ez zan akabatuko
eternidadeko pena" (75)


Eta bere oroitzapena:

"Bataioakiñ egiñagatik
Jesukristoren soldadu,
oraiñ artean gure orduko itzak
txit konplimentu txarra du;
bizimoduak beste bueltarik
baldin artutzen ez badu,
infernuara eror gaitian
gauza seguru daukagu,
gero animak sekuletako
antxen egon bearko du". (76)


Baina era askoz bitxiagoan eskeintzen digu bere ikuspuntua J.C. Arrosagaraiek, azken aurreko sinismenen mailara eramaten baitu gurasoek beren haurrei euskera erakutsi beharraren obligazioa. Eta lehen purgatorioaz hitzegiterakoan azpimarratu duguna kontura ekartzen badugu berehala konturatuko gara zernolako zintzotasun eta honestitate eza gisara jotzen duen Luzaideko bertsolariak halako gurasoen akatsa. Jainkoari eginiko huts traszendentalen parean jartzen du. Harrigarria badirudi ere,

"Egin bide nola bete
aunitzek ahantzi duk;
euskal mintzaira haurrei
irakasten ez badute la-lai,
ait'ama horiek segur
purgatorioak behar duzte" (77)


Eliza bera ez da oso errekurrentea bertsolarien gaien artean baina azaldu izan da batzutan. J.M.Berak, adibidez, hitzaren predikatzailea izatea ezartzen dio bere zereginik nagusienen artean. Kuriosoa, bainan bere bertsotan bakarrik aurkitu ditugu protestante, espiritixta eta masoiei eginiko erreferentziak.

"Batzubek protestante
ta espiritixta,
masonak irugarren,
orra oien lista;
denak ukatzen dute
Jesukriston itza,
salbatzeko ez dela
biarrik Eliza". (78)


Gogoratu ere gogorarazten digu mendeetan barna guganatu zaigun aforismo guztiz ezaguna "Elizatik kanpo ez dago salbaziorik".

Mañex Etchamendyk askoz bihozkorrago hartzen du gaia, bertsolari haundiak hain ongi ematen dakien hurbiltasun esanahikor horren ukituz. Eliza, Jesusen erakunde, eta eliza eraiketa bat egiten ditu bertso hauetan, iparraldeko kanposantuen egunerokotasunaren xarma oroitarazle deigarria bere hitzetan.

"Nahi dugu zurekin
atxikiz eskua,
zure argiarekin
iragan mundua.
Eta hil ondokotzat
zure lur-saindua
izan dadila gure
ezurren lekua.
Herri batek lurrean
elizarik gabe
iduri du ardiak
artzainikan gabe.
Ez balute berekin
norbait begirale,
gizonen ontasunak
laster gal litazke" (79)


Elizaren gorespen otoitzarekin batera egindako otoitzaren oroimena ere sarri agertzen da Etchamendyrengan, bere betiko estilo guztiz poetikoan.

"Argi deneko, laudetak
hasten ditu bere kantak;
nik ere pentze-alorretan
jalgitzen tut nereak,
lau denborako aireak..." (80)


Sakramentuei buruz mintzatzen direnean, hurbilenetik bizi dituztenei buruz aritzeaz gain, sakramentuak suposatzen duten Jainkoarekiko hurbiltze prozesua bera baino badirudi gehiago azpimarratzen dutela pekatuaren aurkako borrokarako suposatzen duten laguntza arloa. Eta hori ia sakramentu guztiekin gertatzen da. Adibidez, gure Mañex Etchamendy, Kaliforniako artzaina, izango da seguraski gai erlijiosoei buruz kantatzen dutenen artean gaiari buruzko sentiberatasunik barnekoiena erakusten duena, dotriñan baino askoz indar gehiago egiñez bizikidetasun erlijiosoan bertan, gizonaren betetasunerako bertsolariak hain garrantzizkoa jotzen duen esperientzia pertsonal gisa hartuta.

Mezari buruz honela kantatzen digu:

"Erran daukuzu: "Penagarri da
hemen igande eguna.
Meza-sainduaren entzutea
guk ezin dezakeguna!".
Bainan bihotzez balinbaduzu
beti borondate ona,
Jainko onaren grazia segur
jautsiko da zure gaua". (81)


J.M. Berarentzat, bataioa Jainkoari emandako leialtasun hitza da, berarekin edo beharbada gehiago -bere aginduekin zintzo jokatzekoa- Hitz hori izango da azken epaiketan erabakia alde batera edo bestera botako duena. Horregatik dio:

"...badakizute dela
deabruen promesa,
eta gañera zeiñ den
an dagoan jueza,
ez badegu kunplitzen
bataioko itza". (82)


Kristau fedearen beste zenbait arlokin gertatzen den bezala, sakramentuetan ere Bera bidasoarra da ezarritako dotriñaren oihartzuna. Badirudi halako didaktismo moralizatzaileak bultzatuta idazten duela edo, haurrei erakusteko, enkarguz. Aitortza sakramentuan ere baldintzak gogorarazten dizkigu:

"Pekatuben gañean
asten naiz mintzatzen,
zerurako bidean
ote geran sartzen;
lendabiziko ikasi
ongi konfesatzen,
gero biotz guzitik
proposituba artzen;
au gabe alferrik gabiltz
jendea engañatzen" (83)


Hain zuzen ere zeruko atea ireki ahal izateko baita aitortza guztiz beharrezkoa.

"...Ez da zeru-errira
iñor allegatzen,
sakramentu orrekiñ
ez bada garbitzen" (84)


Eta kristau guztiontzat fede ihardueran beharrezkoak direnen birpasa egin ondoren aukeratutako sakramentuetara iristen denean ere

"...Beste biyak or dauzki
aukeran biyotzak,
zertara deitzen duben
boto edo ezkontzak,
bere borondatiaz
ar ditzan promesak..." (85)


Horietan, bestetan bezala, Luziferren aurkako borrokarako indar gisa jotzen ditu. Loiolako santuaren eta kontraerreforma garaiko mugimenduaren estilorik zuzenean. Sakramentuak sendakari, medizina izan baitaitezke borroka horretan zauritzen zarenerako:

"...Sakramentubarekiñ
artuaz indarrak;
eskubetan dauzkagu
medizina ederrak,
oriyekiñ eziñ du
deusik luziferrak". (86)


Edo, lehen aipatu dugun bezala, munizio.

"Bataioakiñ sartu soldadu,
konfirmatzian armatu,
muniziyotzat utziyak daude
beste zenbait sakramentu... " (87)


Apaizak, ezpairik gabe, rol guztiz erabakiorra jokatzen zuen gure migralarien garaiko gizartearen erakundean. Ez dagokigu guri hori analizatzea, baina, gizarte horren lekuko zintzo diren neurrian, bertsolariek utzi digute horri buruzko orduko ikuspegia. Garbi dago apaizgoa rol berezi baten barruan ikusten dutela Jainkoaren ministrari gisa beharbada, gizonon serbitzari baino. Jarrera eta bizitza estilo baten isladapen. Apaiza-medikuaren irudia Beraren ahotik datorkigu.

"...Medeziñ oiek bestek ez dute
sendatzen al zure gaitza,
Jesukristoren soldadubentzat
medikua da apaiza,
sekuletako galdu baiño len
umildu zazu biotza". (88)


Nahiko ezberdina da Mañex Etchamendyk eskeintzen digun ikuspegia. Etchamendyk barrurago jotzen du eta ordenaren sakramentuaren ohorea onartzearekin batera deiadarkatu egiten du apaiz izateak berarekin daraman errenuntzia aldea eta arduraren aldetiko zama.
"Ordutikan
munduan arbuiatzen duzu
ordutikan;
sentimendu bizietan;
nahi duzu zure bihotzez
jabetu zeruko dohainez
ordutikan. (89)


Gure ustez, bertso hauetan, Etchamendyk, apaiz izatearen erdigunera jo du. Hain zuzen ere hau da nik egiten dudan irakurketa. Elkarrizketan eta zerbitzuan jaiotako askatasunarentzat iraupenik ez baldin badago, ez dago ezer betirako ederra denik, edozerrek barnean baitarama deuseztapenaren hazia. J.M. Valverde poetak ederki azpimarratu du amodioa eta eternitatearen arteko lotura; amodioa eta haragiaren berpizkundearen artekoa. Orduan, apaizgoan, bizitzak aitatasun fisikoan jarraitzen ez duenez, etenak ezereza posiblearen leizea aurrez aurre uzten du. Apaizgoak, beraz, oinarri bat suposatzen du: heriotza ez bere ekintzen ohorearen edo seme alaben bitartez, baizik Jaunagan ezarritako konfidantzaren bitartez gainditzeko baieztapen esplizitoa. Etchamendyk aipatzen duen apaizak, bere birjintasunaren bitartez, Abrahanek egindakoa berbizi du, Jaunagan itxarotea, bizitzaren keinua desagertuko bada ere (Isaak). Apaizari Jainkoa gelditzen zaio, Jainkoa bakarrik, zeinuen aurrekoa eta ondorengoa, gauean, desertuan eta heriotzean ere utziko ez duena. Hortik jo behar da gure bertsolariaren hitza ulertzerakoan, eta hortik ere hurrengo bertsoa irakurtzerakoan.

"Oi ordena,
karguetan den handiena
oi! ordena;
Jesus-Kristoren Ordaina; (azpimarraketa gurea da).
Memento baten pairamena,
gero betiko zoriona:
Oi! ordena! (90)


Horrela ikusita ulertzen da J.C. Arrosagaraik Aita Salla Berremborderi egiten dion omenaldi bertsoa, besteei emanda bizi izan den langileari eskainia.

"Ondar bertsoan gomendatzen dut Aita Salla Berremborde
arima onen zuzen bidean gida gaitzan berriz ere;
guretzat egin lan baliosen desira diot ohore,
azken orduan zeru gainerat Jaunak hartu dezan bere".
(91)


Hurrengo bertso hau ere ildo beretik doa, eta ezin uka izugarrizko indarrez azpimarratu duela bertsolari anonimoak migralarien bizimoduan apaizaren lanak zuen garrantzia.

"...Abereak bezela
onenbeste jende
bigaldu gaituala
kapellaurik gabe" (92)


Mixiolarien lana ere zerbitzuaren alorrean ikusten eta ulertzen du Mañex Etchamendyk, arimaren serbitzuan emandako sakrifizio itzel gisa.

"Beste anaia batzu baitugu
urrun arrotz-herrietan;
Afrikan, Xinan, Ameriketan,
erresuma guzietan.
Sor lekuaren amodioa
badaukate bihotzetan.
Karitatea egiten dute
heiek ere arimetan" (93)


Aurreko guztiarekin hain lotuta dagoen otoitzaren gaia, ordea, bere kabuz, otoiz-soila gisa, ez da oso gutxitan baizik azaltzen. Bi erreferentzia jaso ditugu. Mikaela Zarramarena lehena:

"...Biotzetik eskatu
Birjiña Amari,
erremedio oberik
ez da emen agiri" (94)


Nolabait, beste kasutan ikusten dena ezbestela, Mañex Etchamendy eskatze arloa, alboan utzita, otoitza Jainkoa eta gizonaren arteko kontenplaziozko topaketa gisa ikusteko gauza da. Luis Rosalesen bertso haren parafrasia dirudi.

"Lo abierto hace al hombre como el sol hace el día" (95)



Edo Donibane Gurutzekoaren komentaketa honen arauera:

"Es, pues, de saber que el alma, después que determinadamente se convierte a servir a Dios, ordinariamente la va Dios criando en espíritu y regalando, al modo que la amorosa madre hace al niño tierno, al cual el calor de sus pechos le calienta, y con leche sabrosa y manjar blando y dulce le cría, y en sus brazos le trae y le regala". (96)

Honela dio gure bertsolariak:

"Elizan duzu guziz
zuk maite otoitza,
bainan desertu huntan
da ene egoitza.
Umilki nahi dautzut
altxatu bihotza.
Otoi, adiezazu
Ama, ene botza". (97)


Bizitza, ez garenean etortzen zaigu, geure buruari ezer galdetzeko aukerarik izan gabe, heriotza ere guri galdetu gabe etortzen zaigun bezela. Horregatik gara gizon emakumeok kontrajarriak, dialektika baten haurrak. Hau da gizon-emakumeren autonomia: ihes egiten digun hasiera batean eta gure eskuetan ez dagoen amaiera baten arteko joku antzeztua, ongia eta gaitza, gaitza eta ongiaren, gorputz eta arima, arima eta gorputzaren artean jokatzen dena.

Bertsolariek begi argituez ikusten dute berez, gizonari ezinezkoa zaiola bai izatean errotzea bai izatetik deserrotzea; nahiz eta, bortxakeriaz, gure bizimodu biologikoa deuseztatu, zeinek ziurta bait diezaguke deuseztatu dugula gure errealitate pertsonala?

J.M. Berak honela planteiatzen digu gorputza eta arimaren arteko harremana, borroka dialetiko gisa.

"Gorputzaren gustuak
animen kaltetan,
alare naio egon
estadu orretan;
denbora pasa eta
ondotik damutan,
oi zenbait ote daude
infernuban sutan!" (98)


Eta, irtenbidea, bertsolari berak ematen digu ebanjeliotatik hartuta bi bideen alegoriaren bitartez:

"Bi bideak or daude
aukeran denentzat,
onena zeñ ote den
pentsa nork beretzat,
gañekuan anima
dan Luzifer'entzat;
orra zer sententziya
dagoen guretzat". (99)


Horregatik, bi dira gizatasun sustraizko-izate bakarrak: gurpena ala desakatoa, esker onezko onarpen xumea ala jabetze gogoa. Teologian izen guztiz arruntez ezagutzen ditugun bi bideak: fedea eta pekatua, ongia eta gaitza. Bien artean aukeratu behar izatea da gizon izatea. Eta, hemen, ez duela aukeratzen esaten duenak ere aukeratu egiten du, injenuo edo interesatuki bada ere. Eta apaltasun metafisikoa behar da buru argiz aukeratzeko aurrena, eta bizipozez gero. Honela ulertu zuten gure migralariek. Eta ez dugu uste, sarritan, erredukzionismo ikaragarria egin eta borroka dialektiko hori sexuaren bidetan murrizten dutenek, prozesu osoari burla egin arren edo prozesuaren koordenadak deuseztatzen dituztenik. Murriztu bai, deuseztatu ez.

"...gure gorputzaren biziyo txarrak
dira animen galtzeko,
desonestozko gauza oriyek
obeak daude uzteko,
kontzientziyak arreglatu ta
Jaunen graziyan sartzeko". (100)


Egia da arimak preziorik ez duela.

"...Animen preziyoak
iñork eziñ tasa,
betikotzat galtzeko
berriz orren aisa..." (101)


Baina egia da ere Jainkoak gure eskuetan uzten duela bizitza; argia ez dela inoiz gehiegizkoa, ezta iluntasuna ere, eta horrela zitzelatu behar dugula gure esperantza.

Baina orduan bakarrik izango da benetan gurea, eta munduan egiten dugun bidea benetan izango da sortzailea. Bertsolariek mila tonuera ezberdinetan adierazten digute Jainkoak izaki libreak nahi dituela, berarekin lanera deitzen dituenak eta bidea egite horretan pizten direla ziurtasunak eta jaiotzen dela esperientzia.

Deabrua, mundua eta haragia dira etsaien izenak, etsaiarenak esan beharko genuke agian, gure migralarientzat denak Luziferren haurrak baitira, nahiz eta izen ezberdinak hartu. Deabruak, beraz, liluraturik gauzka.

"Luzifer gure arrantzan dabill,
ez da burutik logale,
naiz itxurian egiñagatik
ez dela iñoren zale;
engañatzeko badaki nola
eman milla bat kolore,
gau eta egunak igualak ditu,
beñere ez dago debalde,
bere bototik izan nai luke
anima guziyen jabe". (102)


Halere, inork ezin dezake beste inoren tokia hartu, ez askatasunean ez bidean. Baina argi dago, eta horregatik kantatzen eta idazten dute holako bertsorik bertsolariek, elkarri laguntza eman diezaiokegula bidean, errukitzen dakien isiltasunaz batzutan, argitzen duen hitzaren bitartez besteetan. Horrela, nahiz eta deabrua eta bere bandera gu abere bihurtzen saiatu,

"Etsaiaren bandera
ez dubenak uzten,
neke da Eliza ere
maitatu dezaken;
animaliyen gisa
gustua kunplitzen,
orra betiko ditxak
nola diran galtzen" (103)


nahiz eta gu aitortzatik urruntzen saiatu,

"Urrundik asten digu
etsaiak arrantza,
engañatu artean
guk degun biotza;
gero konfesatzeko
berak eman lotsa,
illtzean ez zaigula
faltako apaiza..." (104)


bizitza, ongia eta gaitzaz arima eta gorputzez, egunez eta gauez egiña, ikusgarri bihurtzen zaigu eta zoragarri, miña eta heriotza falta ez badira ere. Eta Jorge Guillenek esaten digun bezala "misterioaren soseguz" bizi gaitezke, aingeru goarda baitugu.

"Esperantza atxik dezagun bizi gireno mendian,
harek gaitu kontsolatzen pena guzien erdian,
baita ere oro argitzen nonahi behar ordian,
aingeru bat badago beti zerutik gure guardian.


Otoitz egin dezakogun aingeruño fidel horri,
laguntza hark eman dezala gure behar ordueri,
xantza onez gida gaitzala orai goatzin bidaiari,
biziko guk oroitzapena izanen baitugu hori. (105)


Behar bada, azkeneko bi bertsolarien testuak irakurri ondoren uler dezakegu J.M.Berak hain xotilki egiten digun erreferentzia "... iltzean ez zaigula faltako apaiza..." eta horretarako behar dugun "aingeru goardarena". Denok jasan baitugu hil aurretik denbora berezi bat izango dugunaren engainurik gorenena; denbora berezia, bizitzan gaizki eginiko guztia zuzentzea ahaleginduko diguna, datorkigukenera prestatu ahal izateko azken une horrena. Eta hori da bizitzaren lilurarik izugarriena, den dena guk kalkulatu ezingo dugun denboratasun fiktizio batera bidaltzea. Azken mementuaren zai gaude lagun urkoaren azken barkamen hitza entzun ahal izateko, Jainkoari azken zorionaren ateko giltza eskatzeko.

"Zenbat uros den etsairik gabe munduan bizi daitena,
bainan ez dio harek estima beraren urostasuna;
nik pairatu dut ene bizitzan plazer baino gehio pena,
horgatik orai esperantza dut zerurako zoriona". (106)


Horra hor, Arrosagaraik Dulce Maria Loynaz-eren galdera zastadakorrari eta gu guztionari ematen dion erantzuna. Honela formulatzen zuen olerkari kubatarrak galdera:

"...Señor, que lo quisiste: ¿para qué habré nacido?
¿Quién me necesitaba, quién me había pedido?
¿Qué misión me confiaste? Y ¿por qué me elegiste;
yo, la inútil, la débil, la cansada...? La triste.


En tu obra no hay nada ni de más ni de menos.
Pero... No sé, Dios mío; me parece que a tí
- ¡Un Dios!- te hubiera sido fácil pasar sin mi" (107)


Arrosagaraiekin batera beste bertsolariek ere hala esaten digute, Jainkoak gizonaren oroitzapen eternala eta ideala duela, baina batez ere gizonaren oroitzapen denborazko eta historikoa duela. Jesukristo bere semearen destinoa, Jainkoak bizitzan eta heriotzean gizonarekin duen oroitzapen zintzo horren zehaztapena da. Oroitzapen solidarioa, gure bizitzako eta gure heriotzeko leizezulotatik iragatera eraman duena, azkenean, Arrosagaraik dioen bezela, berpizkundearen bitartez Jainkoaren eskuetan atseden hartu ahal izateko.





A.3. Erlijioa, iharduera etikoen ardatz

Gure ustez garrantzizko arlo honi hasiera emateko esan dezagun hasiera hasieratik lotu egin dutela bertsolariek erlijioa iharduera etikoarekin, azken honen ardatz bihurtuz. Hau da Arrosagaraik dioena:

"...Erlisionia zonbat behar den gure munduko bizian,
haren erranak altxa ditzagun sendo gure bihotzian..." (108)


Bertsolarien gaiari buruzko testuak ongi aztertu eta gero badirudi gure aro modernoarentzat posible zitezkeen bi etika iturrietatik, bat aukeratu dutela. Zera esan nahi dugu.

Mendebaldeko Europan eman den iharduera etikoa, gure ustez, Lutero eta Descartesengan sustraituta dago. Hain zuzen ere Jainkoarengan gizonarentzako soluziobidea aurkitu nahi zuten batipat. Luteroren pentsakeraren arauera, Jainkoa gizonaren erredentzioa eta errekontziliapena lortzeko beharrezko izakia zen; Descartesentzat, bestalde, Jainkoa honetarako zen beharrezkoa, ezagupenak ziurtapena izan eta ez engainupean ez espiritu iruzurkor edo gaiztoren baten lilurapean egon ez gaitezen. Kantek hirugarren ezaugarri bat atxekituko dio: moraltasunak oinarri bat eta sari bat izan dezan da beharrezkoa Jainkoa. Beraz, Jainko hori, hots, errekontziliapenerako, ezagupenerako eta moraltasunerako beharrezko den Jainko hori izango da hain zuzen ere Feuerbach-ek, Marxek eta Freudek alperrikako deklaratuko dutena. Jainkoa dagoeneko ez da beharrezko hipotesi izango astronomia adierazteko, Laplacek erakutsi zuen bezala, ezta izakia adierazteko ere (gogora dezagun Feuerbach), ezta historia argitzeko, Marxek zioen bezala, ezta, azkenik, kontzientzia nahiz moralitatea esplikatzeko, Nietzsche eta Freuderekin ikusi dugun bezala. Horrela, ezertarako beharrezko ez zen Jainko hori, funtzionalki ulertutako Jainko hori, existentziarik gabea deklaratu zuten.

Pentsakera guztiz funtzional horren aurka, aldiz, Europa zaharrean bazen beste pentsakera ildo bat, ezberdina. Loiolako Inaziok eta Donibane Gurutzekoak, beste Jainko irudi bat aurkezten zuten: Gizona Jainkoaren eta bere borondatearen aurrean kokatu zuten. Beraien arauera, Jainkoa ez da gizona bere autoburutzera iritsi ahal izateko ezinbesteko baldintza edo ziurtapena; sortu duen Jainkoak deitu, bidali eta epaitu egiten du gizona.

Biek purifikapenera deitzen zuten gizona. Loiolakoak "a preparar y disponer el ánimo para quitar de sí todas las afecciones desordenadas, y después de quitadas para buscar y hallar la voluntad divina en la disposición de su vida para salud del ánimo". (109) Donibane Gurutzekoak, bere buruarekiko narzizismoan, legekerian eta autojainkotze-nahian itxitako gizona aurrez aurre jartzen zuen Egiazko Izakiarekin, alde batetik bere ezereztasunaz eta bestetik bere pekatuaz ohartarazten zuen Jainkoarekin. Eta hor hasten zen esanahi morala baino metafisiko eta soteriologikoa duen arimaren gau iluneko purifikapen prozesua.

Hau da, orduan, purifikapen prozesuaren ondoriorik nagusiena: gizonari Jainkoaren dohantasun absolutua agertzen zaiola eta gizona horretaz jabetzen dela. Jainkoak ez du behar-izanez sortarazten gizona eta gizonak ez du halabeharrez sinisten Jainkoagan. Kreakuntza nahiz fedea, askatasunaren fruitu dira. Fedea, beraz Jainkoak berak Jainkoaren Jainko bezala eta gizonaren gizon bezala ematen digun sustraietako margena da, erroetakoa. Eta gizona eta Jainkoaren arteko harremanean ez dago fedea baino beste bitartekorik. Fedetik sortzen dira esperantza eta karitatea, denboratasunean eta ekintzan bere forma esplizitatzaileak direnak.

Jainkoari Jainko izaten utzi zaionean izango da Jainkoa giza bizitzarentzat emankorra eta gizonak gizon bezala soilik bizitzea onartzen duenean, bere posibilitateen arauera eta bere ardurak onartuz. Eta hori da gizonaren egiazko autonomia: izatean egotea onartzen duena, bere izakera munduan oinarritua eta bere eginbeharra munduan gomendatua. Zentzu honetan, Jainkoa ez da beharrezkoa ez gizonarentzat, ez munduarentzat. Jainkoak ongi egin ditu bai gizona bai mundua, bere kabuz funtziona dezaten.

Jainkoa ulertzeko bi modu, beraz, Lutero, Descartes eta Kanten Jainko funtzional eta utilitarioa alde batetik, eta Jainkoaren konzeptu metafisiko, dohaneko eta pertsonala bestetik, Loiolako Inazio eta Donibane Gurutzekoarena. Zoritxarrez, lehengoaren arauera jokatu da Europako historia eta horren arauera taiutu da europearron iharduera etikoa eta, besteak beste, gure migralari eta bertsolariena.

Beraz, esan dezakegu, lehengoz ARRAKASTA MATERIALAREKIN lotuta ikusten dutela euren jarrera etikoa. Eta, horren arauera, honela planteiatuko dute Ameriketara doazenentzako dekalogoa:

"...Gizonak bajotikan
biar du begitu,
gonbeni den martxetan
aurrera segitu,
ez sobra mugitu,
itzak obeditu,
biar bada saritu,
denakiñ kunplitu,
al bada ez iñokiñ,
gaizki gelditu" (110)


Zuhurtasunarekin batera nabari dira testuan oihartzun ebanjelikoak, publikanoa eta fariasearraren alegia, esate baterako eta Bibliako liburu sapientzialetako pentsakizunak, Eklesiastesekoak batipat.

Ildo beretik jarraituz ikusiko dira lagunak, eta ekonomi aldetik onik ez dakarkien oro gaiztotzat joko dute. Paulo Yantzi beraren hitzetan:

"Mendiyatik errira jatxita
or bada ainbeste okasiyo,
mendi- jendia artutzen dute
gaiztakeriko soziyo;
or dauden lagun txarra oieri
kaso egiten bazayo,
denbora gutxiz patrikak ustu,
berriz kanpora seriyo...
orretarako lan egitiak
ez du askorik baliyo". (111)


Etika eta etekin ekonomikoaren arteko lotura izugarri hori behin honela aurkeztuta, ez da harritzekoa harrokeriari eta alperkeriari egiten zaion gaitzespena.

"Erri aldian arrokeriyan
orla ibiltzen direnak,
patrikaetan dolar gutxikiñ
izango dira geienak;
urtia juan ta urtia etorri
beti igual daudenak,
lasaikeriyan orrela pasa
eben sasoyik obenak,
gero denbora juan ta onduan
izango dituzte penak". (112)


Ondorio guztiz logikoa izango da denboraren balioa deiadarkatzea:

"...erri aldera azaldutzian
berriz laster kanporatu,
denborak urria baliyo du,
ez alperrikan pasatu
orai sasoia dezutelarik
zartzerako akordatu". (113)


Bide txarretik urrundurik bizi behar baita irabazitakoak gorde ahal izateko.

"...Jostaketa oiek nola diraden
ondo gaude ikasiyak,
orrengatikan zaitzen ditugu
mendiyan irabaziyak,
bizi gerade bide txar oiek
alde batera utziyak". (114)


Ez da erraza Josetxo Yantziren bertso horiek N.H. Kleinbaumek bere "Le cercle des poetes disparus" liburuaren komentatzen duen CARPE DIEM, "aprobetxu ezak eguna" horrekin nola lotu daitezkeen ulertzea.

"Bil itzazue oraino bizitzaren arrosak,
denborak ez baitu inoiz mozten bere hegada,
eta gaur irekitzen den lorea
ihartuta egonen baita bihar..." (115)


Edo Walt Whitmanen bertso hauekin:

"...Zer dago zer guzti honetan oi, oi bizitza, ona?
Behin eta berriro itzultzen den galdera iluna:
Erantzuna.
Zu hemen zaudela -bizitza badela, eta nortasuna,
drama izugarriak aurrera darraiela,
eta, zuk, agian, zure errimarekin parte hartzen
duzula..." (116)


Baina, dudarik gabe badute bere lotura, ez agian Bergsonen bitalismoaren ildotik hartuta baina bai egunerokotasun latzak ematen duen indar bortitzaren aldetik.

Etika utilitario hori ez da, ordea, arrakasta materialarekin bakarrik lotzen. Nolabait, antzeko bereizgarriak aplika dakizkiote animaren arrakasta espiritualari. Barkamena jartzen dute lehenengo baldintza gisa.

"Nere zordunai barkatu nien" esango digu J.R. Zubillagak bere Lardaxketa liburuan, "Jabe guztionak agintzen digun bezala". (117) Gurasoetaz oroitzean, bestalde, beraien aldeko otoitza izango da beraiekiko eginbeharraren lekuko.

"Aiek an ala eta guraso
onak negarrez etxian,
abe Maria erreza dezagun
oietzaz akordatzian" (118)


dio Kaskazurik.

Bestalde, esan dezagun, erlijioak blaitu egiten duela eguneroko bizitza eta aurreko aipuak horren seinale besterik ez dira. Esparru luze honen haseran ekarritako aipua da, merezi du berriro ere hona ekartzea.

"...Birigarruak txirt-txirt
deitzian jeiki goiz,
Aitaren eginda ekin
txabolara illargiz..." (119)


Dena den, beharbada, Jainkoak ematen duenarekiko konformismoa izango litzateke arrakasta espiritualerako ihardueraren seinalerik adierazgarriena. Hori egiterakoan gure bertsolari migralariek gogoratu egiten digute Jesus gizadiaren erraietan gizondu zenetik aldatu egin duela giza bihotza eta historiaren zentzua. Orduz geroztik kristauak, esperantzak sortarazten oroitzapenak dauzka, zintzotasunera gonbidatzen duten promesen eta itxaropenak mantentzeko susmoak.

Donibane Gurutzekoak nahiz Heideggerek bezela idatzi gabe, bertsolariak badaki Abraham, Isaac, Jakob, Moises eta igarle guztien Jainkoak aurrerantz ireki zuela historia, pertsonekiko identifikapena eginez, eta ez tokiekiko edo dotrinekikoa. Itunaren Jainkoa da, agintzariarena, geroarena; ez zaharra gogoratu, ez dakiguna bakarrik kontatu baizik gizona eta sorkari guztiak berriztatuko dituena, bere burua emango baitigu itxarotako berriztapen harrigarri gisa. Bertsolariak badaki Jainko zintzoak ez duela gizona gidarik gabe, lagunik gabe, bidaiaren amaierako mahairik gabe utziko. Hala balitz bere laguna den Jainkorik gabe geldituko litzateke gizona eta Jainkoa bere laguna den gizonik gabe.

Guzti horren jakinean idazten du bertsolari anonimoak:

"...Eman ditzazutela
beti gure Jaunak
konbeni daneraño
pake ta osasunak" (120)


"Konbeni daneraño" xume hori giltzarri litzateke gure migralarien tenple dotore eta zintzoaren giltzarri. Teologia formulazio konplikaturik gabe adierazten digu bizirik gogoratzen duela 22. salmoa eta honestitatez bizi duela bere mezua.

"Jauna dut artzai ez naiz ezeren beharrean:
larre gurietan etzan erazten nau.
Atsedenezko iturrira narama,
eta birbizten dit barrena.
Banarama bidezior zuzenetatik,
bere izenagatik.
Ibar illunetan banabil ere, ez nago gaitz-beldur,
zu nerekin bait zaude:
zure zigorra ta makilla,
hauek dira nere poza.
Atontzen didazu mahaia,
etsaiak dauzkadala begira;
olioz gantzotu didazu burua,
gaiñezka dago nere edontzia.
Zoriona ta grazia ditut aldean,
nere bizi guztiko egunetan;
eta jaunaren etxean naiz biziko
luzaroen luzaro" (121)




Seguraski, salmoa idatzi zuen artzainak bezala bere buruari ere galdera berdiña egin diote gure migralariek, artzainak gehienak. Nik zaindu egiten ditut nire ardiak, baina nork zaintzen nau ni? Beraiek baino okerrako ote nago? Jainkoaren ontasunaren sakonetik irten zaio bere ziurtasunaren bertsoa. Horrekin, gure bizitzan normalki ez direla ematen alde bakarreko egoera hutsak esan nahi dugu. Jainkoari buruzko kontzeptu etiko utilitarioa bai, baina sarritan kontenplazioak eta harreman pertsonalen esperientziak bakarrik eman dezakeen dohanezko ezaguera ere bai, kasu honetan bezala.

Hori guztiarekin batera esan dezagun haragiaren pekatuaren inguruan eraikitako moraltasun ezaren salaketa, bortitza gertatzen dela gure bertsolari migralariengan. Horren motibuen bila abiatzerakoan, beharbada Platon, Plotino eta Porfirio grekoengana jo beharko genuke M.C. Bartolamei-k (122) erakutsi digun bezala. Filosofo greziar horiek antropologia guztiz dualista formulatu dute bizitza eta heriotza ulertu ahal izateko eta teologia, gure bertsolariek eta guk edan dugun teologia, bertatik bizi izan da, berarekin koherente zitekeen aszetika sortaraziz. Giza-izakerari buruzko ezkortasun izugarria, pesimismo beldurgarria da, gure ustez, bere ezagugarririk nabarmenena. Honela formula daiteke Platon eta Plotinoren tesia, Fedonen eta Eneadetan ikus daitekeen bezala (123): "Ahal den neurrian behintzat, bereiztu egin behar dira arima eta gorputza". Momentu hartan bere baitan pentsatzea eta sinestea suposatzen zuen filosofiak, azken herio fisikoaren azkartze, aurreratze espirituala zuen bere helburutzat. Heriotzarako entrenamendu horren bitartez, arima, gorputzetik behin askatuta, betiereko egiara irekitzen da, askatasuna lortzen du, atsegingarri zaio Jainkoari eta berarekin bat egiten du.

Hain zuzen ere horiexek dira KATHARSISaren, AISTHESISaren eta PHILOSOPHIAren zereginak. Gure destinoak amaian burutzen duena, gorputza animatik bereiztuz, hasieran egin nahi du filosofiak, arima gorputzaren gobernatzaile gisa jarriz. Patristikak, nahiz Alejandriako Klementeren nahiz Nazianzoko Gregorioren ahotik, utzi dizkigun hastapen horien aplikazio praktikoari buruzko ondorioak ia beldurgarriak dira. Batek honela dio: "Gorputza eta bere pasiotatik arima behin betirako bereiztea Jainkoak atsegin duen sakrifizioa da. Hori da egiazko kulto jainkozkoa". (124) Eta besteak: "Guztiz beharrezkoa duk bizitza hau heriotzarako entrenamendu bihurtzea eta hire arima gorputz edo hilobi horretatik ateratzea". (125)

Egia da instintoak arrazoiaren pean eta oraingo plazerra geroko zorionaren pean jartzea proposatu duen etika honek izugarrizko lorpen moral eta aszetikoak erakarri dituela historian zehar. Bertsolariak beraiek dira horren lekuko, baina hori bezain egiazkoa da ere kristau bizitzarentzat eta arimaren orekarentzat itxuragabeko kalteak sortarazi dituela, batez ere deslilurapen forman. Behin eta berriro irteten dira gugandik galdera kezkagarriak. Hauexek, besteak beste: Zernolako gorputza da gurea, jasan eta ahitu arte txikitu behar badugu?; zernolako mundua da hau, salbean kantatzen dugun bezala, negar eta antsizko iraganbide besterik ez bada?; zernolako Jainkoa da hau, kreakuntza zoragarri eta aparta gizonari eskuratu eta gero berataz amoroski gozatzea debekatzen diona?; zernolako sustantzia erreala dauka gorputzik gabeko arimak?... eta, batez ere, helburua lehen aipatu duguna bada, zergatik ez iritsi lehen bait lehen "egiaren lautada" liluragarri horretara suizidioaren bitartez? Orain bertsolarien testuetan ikusiko dugun "contemptus mundi" eta "fuga saeculi" horiek gorputzaren mespretxua sortu dute, beraiekin sexuarekiko itxuragabeko errezeloa erakarriz.

J.M. Berarentzat, adibidez, haragiaren pekatua izango da gaitzaren epitomea:

"...Beste gauzarik ez du amatzen:
geron tripa ta diruba,
desonestuak diran jantziyak,
gero dantza soñuba;
inportarik ez egiñagatik
lujurizko pekatuba,
Luzifer ori adoratu ta
despreziatu zeruba..." (126)


Bertsolari berak libertadia dela esango digu haragiaren pekatuaren iturri:

"Aragiyaren biziyo txarrak
datoz libertadiatik,
partikularki desonestoko
dibersiyo oietatik..." (127)


Halako pekatuaren seriotasuna sailkatzerakoan, berriz, honela gelditzen dira mailak. Lehenengoa "gehiegi erakustearena" litzateke, Paulo Yantziren bertso honetan ikusten denez.

"Erriyan badauzkagu
neskatxa jatorrak,
ageriyan dabiltza
belaun-kozkorrak;
ez dizkiyo estaltzen
soñeko atorrak,
iya erakutsiyan
sekretuko obrak;
ageri pantorrak,
eze'do idorrak,
enpeño gogorrak,
dantzako pizkorrak,
plazan ariñak lane-
rako sendorrak" (128)


Bigarrena, sekretuan egiñiko lizunkeriak.

"Pruebak ere badira,
ez denak esanak,
ikusten diradela
mendira juanak;
modu itxusiyetan
lurrian etzanak,
egiten gorputzaren-
tzat gustoko lanak;
orra oien famak,
erne egon, jaunak,
obe ez izanak
orrelako damak;
zer suertia oieta-
tik libre danak" (129)


Hirugarrena, serioena, aurrekoen ondorio gisa, haurdun gelditu eta ezkutuan bizi behar izatea.

"Modu ortan badirela
erriyan ugari
alako pertson batek
esan dit neri;
zer gertatutzen zaion
orrelakuari?
egiya eziñ esanaz
aitari ta amari,
jartzen dira eri,
koloriak zuri,
gorputzera lodi,
mugimentua nagi;
geiago plaza aldian
ez dira ageri". (130)


Orain irakurri dugunak moralaren erredukzionismora eraman gaitzake. Beharbada, hori bera adieraz dezakete J.M. Beraren bertso hauek.

"...Gure gorputzen biziyo txarrak
dira animen galtzeko,
desonestoko gauza oriyek
obeak daude uzteko,
kontzientziyak arreglatu ta
Jaunen graziyan sartzeko" (131)


Halere, gure ustez, gauzak ez dira hain sinpleak eta Mañex Etchamendyk gaitzen kausa gisa amodio eza eta errespetu eskasia jartzen dituenean, susmapean dugun zerbait adierazi nahi digula uste dugu.

"Jenden artean gertatzen diren
makur eta desmasiak,
egiten ditu amodio ta
errespetu eskasiak.
Gauden bihotzez gu Euskaldunak
beti elgarri josiak,
bake gozo bat eman dezaukun
Zeruko gure Nausiak" (132)


Beraz, Etchamendyk esaten digunak beste edozerk baino garbiago adieraziko liguke halako jarrera aszetikoen indar eusgarria ez dela bakarrik ez eta batez ere sustraitze filosofikoa baizik Ebanjelioan maiz ageri zaizkigun balio hauekiko atxekimendua, hots, niaren errenuntzia, pekatuaren gainditzea, haragiaren menperatzea, Espirituaren dohaiekiko zintzotasuna. Jesukristoren jarraipenean aurkezturiko pobrezia, kastitateak eta menpekotasunak eta Done Pauloren testuetako espirituaren haragiaren aurkako gainditzeak osatzen dute gure kristau zaharren jarrera etikoaren muina. Eta hori, mendez mende etorri zaien dualismo zorigaiztoko hori ahantzi gabe, Descartes, Malebranche eta Kant erdi erditik jo zituena.

Honek guztiak ahoratze logikoa dauka, gure gurasoen kultura bizitzarena haina heriotzarena kontutan hartzen badugu. Hauxe da ahoratze hori: heriotzaren itzala dagoela jarrera etiko horren gainean, labarretako zaindaria bailitzan. Utopiaren aurkezpena egin dugunean izugarri garbi gelditu zaigu diruaren rol nagusia utopiaren definitzean. Orain, jarrera etikoen arlora iristen garenean, lehenengoz gogoratuko diguten errealitatea diruaren iragankortasuna izango da:

"...Gure pentsamentuak
dabiltza diruban,
sekulako bagiña
bezela munduban..." (133)


Eta hori, heriotza jotzen dutela iharduera etikoaren erreferentzi. Bertso barnekoi, gozo eta esanguratsu hauen bitartez adieraziko digu Ezterenzubiko bertsolari haundiak:

"Egidazu oraitik
ene heriora
Jaunaren otoitzetik
ez nadien bara:
En'azken orenean
jin zaizkit aldera,
zure bihotz amultsuz
ene laguntzera" (134)


Gero, heriotzari berari buruzko hitza esatera ausartzen direnean, behin baino gehiagotan denoi ezagunak zaizkigun topikoetara joko dute. Baina hori guztiz normala deritzaigu, gure hitzak bizitza eta ez heriotza esateko baitaude eginak; gizona eta ez Jainkoa esateko. Horregatik heriotzaz mintzatzen hasten garenean beti eromenaren ertzean bertan aurkitzen gara, hizkera desegokia erabiltzen dugulako hain zuzen ere. Bizitzaren beste aldea bezala jotzen dugu, bizitutakoari darraiona bezala, ez beharrezkoa dela dakien gizonaren alteritate, bestetasun bezala, zeini ez-izatea izatea bezain posibilitate agerikoa baitzaio, emandako une zehatz esatean errealitate bihurtzen dena.

Sendagileei gertatzen zaiena gertatzen zaigu. Bizitza dagoen bitartean hitz eta iharduera huts dirudite; behin heriotzak bere aurpegia erakusten duenean, desagertu egiten dira, ez dakite zer esan; heriotza ez omen da beraiei dagokien mundua.

Eta bertsolariek egin zuten bezala, esan egin behar da heriotza, ulertzeko ez bada ere, gutxienez, kokatu ahal izateko. Fisikoki definitzea zaila izan arren, askoz zailagoa delako ikuspegi pertsonaletik definitzea.

Akaso funtzionamenduarekin identifika al dezakegu izatea eta pertsonarekin bizitza? Akaso izaki pertsonalak iraun egin ote du forma berri batzuren pean?; gure zentzukiez identifikagarriak ez badira ere, akaso horregatik ez ote dira izango hain errealak?

Bere modu guztiz zuzeneko eta pertsonalean iradokitzen zigun J.M. Berak.

"...Prueba ikusten degu
egun guziyetan
deituko gaitubela
nai duben ordutan;
begira arrapatu
trantze estubetan" (135)


Edo nola ulertu bertsolari berak zertxobait geroago, beste bertso paper batetan idatzitako bertso hau? Lehen ere aitatu dugu, baina motibo bereziz dakargu ostera.

"Mundu ontako gure biziya
aize aundi baten itxura,
segurantzarik eziñ kontatu
ordu batetik bestera;
gaur azkarrean egonagatik
bigar goaz lurrez azpira..." (136)


Gure ustez heriotza esatea batez ere problema filosofikoa da, ez gauzen funtzionamendura baizik gauzen izatera, egituraz, formaz, funtzioz eta helburuz osaturiko gauzen izatera bultzatzen gaituena. Gizakia bizitza, pertsona eta istoria baita. Hiru dimentsio hauetako bakoitza besteekiko loturan da erreala; nahiz eta hirurak diferenteak izan, guk daukagun existentziaren eran ez dira bereizgarriak.

Hiru horietatik erdigune gisa jotzen duguna, pertsona, erdian dago, bere beretasunetik bizitza bat xurgatuz eta historia haragitu bat sortaraziz. Pertsonak ezin du beraiek gabe existitu; halere bizimodu ezberdin asko eta historia mota ia infinito har ditzake. Horregatik da beharrezkoa, gizonaren heriotzari buruz hitzegiterakoan, herio biologiko, herio pertsonal eta herio biografikoak arreta haundiz bereiztea. Denok ulertu dugu nolabait... baina askoz zailagoa gertatzen zaigu, niri behintzat ia ezinezkoa, herio pertsonalari buruz hitzegitea, gizona den izate espiritualaren xahutze positiboa suposatuko lukeelako. Eta hirugarren dimentsioa, berriz, beste ildotara abia daiteke behin orain garenarekin hautsi eta gero bere lehengo askatasunaren ardatza izandakoa mantenduz, bertatik jaiotakoa eternitatean finkatzen baita eta berari baitagokio.

Beraz, Heriotzaren presentziak eta agiango beste bizimodu baterako sarrerak hiru erreakzio nabarmen sortaraz ditzake bertsolariengan, zein baino usuazkoa bestea: beldurra, lehen ikusi dugun bezala; estima lasaia, sofrimenduaren azken portu bezala hartzen denean, eta esperantza, hilezkortasunaren susmo den heinean.

Horregatik Beraren bertso honekin batera:

"...Ama maitea, zu gabetanik
beldur diot trantze arri;
dragoi gaixtuak tentatu nezan
nere animen galgarri..." (137)


bertsolari anonimoaren jarrera orekatua daukagu, bizitza eta heriotza Jaunaren eskuetan jarri duenarena.

"Onela da munduba,
beti izan da onela,
iñolaz ere aurrera
onela izango da;
Jaiuak, badakigu
non jaio giñaden,
non ill bearko degun
ez orain eta ez len". (138)


Bertsolariek beren ondorioak ateratzen dituzte goian adierazitako guzti horretatik. Esate baterako, heriotza aurrean dugula eta, pekatariak bide zuzenean jartzea izango da bertsolariaren helburu eta betebehar etikoa.

"Komeni diran bertso berriyak
astera nua kantatzen,
pekatariyak ote geraden
bide zuzenian jartzen;
projimoaren amoriyoak
lan onetara nau deitzen,
deskuidu aundi bat ikusten baidut
gurekiñ dela arkitzen..." (139)


Bestetik, 72. salmoaren egilearekin batera, betiko zoriona izango dela manamenduak betetzearen saria esaten digu.

"Nor dut Zu besterik zeruan?
zurekin egonez, ez dut atseginik munduan.
Haragi-bihotzek huts egiten didate,
Jainko, bihotz honen harkaitz eta nere betiko ondare.
Zugandik urrun doazenak bai galduak!
Zantarkeriz uzten zaituztenak -bai hondatuak!
Neretzat on, Jainkoaren gertu egotea,
Jainko Jaunarengan nere patua ipintzea.
Zabalduko ditut Zuk egiñak,
Siongo alaben atarian". (140)


Hortik planteiatu behar da heriotzaren problema. Eta hortik planteiatzen du bertsolariak. Mendeak beharko dira oraindik, gizonak bere hilkortasunera eta bizitzara deitzen duen Jainko bizi eta hilezkorra lotu ahal izateko hitzak aurkitzen dituenerako. Hemen Platonek eta Plotinok ez dute zeresanik. Hebertarrak bezala, bertsolariak Jainkoaren zintzotasuna jartzen du aurretik, berarekin zintzo izan den gizonarentzat bizitza jarri duenarena. Jainkoaren lagunarentzako justizia eta zintzotasun ideian oinarritzen da gorputzaren berpizkundearen ziurtasun esperantzadun hori.

Hauek dira Dabid Aranbururen bertsoak.

"Eztegu iñor iltzen,
ain gutxi ebatsi,
ain gutxi ebatsi,
ez gezurrik esan ta
gorroto ain gutxi;
mendiyatik mezera
ezin gera jetxi,
barkatzen omen duten
trankil gera bizi...
batek esan lezake:
Zeruan gaudezi". (141)


Eta zorion horretarako ongi erabiliak izango dira hiletan bertan xahutzen diren diruak. Hortaraino iristen da migralarien zentzua.

"Iru eriotz aien lurperaketa edo entierroa eta elizako gauzetan diru asko xamar bota bearra izan genuen, baña ongi irabazi zuten ludi ontan, gero beren seme-alabak gogoz egin ziotena". (142)

Hain oihartz