IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Ameriketak eta bertsolariak »  b. Azken sinismenaren beste irakurketa

b. Azken sinismenaren beste irakurketa

B. AZKEN SINISMENAREN BESTE IRAKURKETA





Sinistearen teoria orokorraren barruko AZKEN SINISMENA dutenen arloa ari gara aztertzen eta, horren barruan, teologia eskolastikoan oinarritutako gure bertsolari migralarien sinismen eredua.

Adierazpen luze baina, gure ustez, guztik beharrezko eta adierazkor honen ondoren haserako hariari lotuko gatzaizkio. Badirudi, guzti horren ondorio gisa esan dezakeguna hobeto gera lekigukela ARKADIA aztertzerakoan eta hala da. Baina, halere egoki deritzaigu hau hemen adieraztea: Erlijioa Euskal Herriaren ardatz oinarriztatzaile gisa agertzen zaigula ezpairik gabe. Eta ugariak izango direla horren adierapenak. Besteak beste, elizan eginiko ezkontza:

"Gure ezkontza, Merloko elizan ospatu zan. Euskalerriko ohiturak betetzen diran bezalaxe" (1)

Edo eliz ohiturak ongi gordetzea.

"Nire emaztearen aita-amak kristau onak ziran, eta alaxen ere il ziran. Euskalerrian ikasi zituzten eliz oiturak, aieri etzitzazkien iñoiz aaztu, ta beren seme-alabak aien antzekoak dira". (2)

Zer esanik ez, halako fedea, txikitan ikasitako zerbait bezala aurkezten digute.

"Gezurrik bada ez det esan nai
baizikan beti egia,
au da txikitan ikasi nuen
Jaungoikoaren legia.
Oraindik ere oroitutzen naiz,
ez det galdutzen fedia,
beragatikan ez nuke iñola
engañatu nai jendia" (3)


Bautista Galarregiren aurreko bertsoen arauera jokatuz gero, bertsolariek ez dute zalantzarik Jainkoa izango dela Euskal Herriaren babesle. Esterenzubiko bertsolariarenak dira ondorengo lerroak.

"Esterenzubi herria,
ene sor-leku maitea!
Jainko Jauna, zuk, iguzu
gure artean bakea.
Zuhurki bizi dadien
beti Eskualdun jendea,
Eta begira fermuki
betiko gure fedea" (4)


Dena den, sakonetik aztertu dugun Euskal eredu hau oso garrantzizkoa izanagatik ere, ez dugu uste fedearekiko hurbilketa bakarra denik eta, beharbada, beste modu horiek izango dutela zerikusirik, adibidez, Newmanenekin. Hauxe zioen ingeles ospetsuak bere GRAMMAR OF ASSENT obraren amaian: "...Lagun urkoaren birmoldaketan aritzerakoan, kategorikoki zera adierazten dut, ni ez naizela saiatuko bere intelijentzia baizik bere bihotza konbentzitzen. Ez dut arrazoizaleekin iharduten, bilatzaileekin baizik". Inon baino garbiago adierazi zuen konbertso ospetsuak beragan ere gertatu zela halako aldaketa, "Lead, Kindly Light" poeman.

"Lead, Kindly Light, amid the encircling gloom,
Lead thou me on;
The night is dark, and I am far from home,
Lead thou me on.
Keep thou my feet; I do not ask to see
the distant scene; one step enough for me.

I was not ever thus, nor prayed that thou
Shouldst lead me on;
I loved to choose and see my path; but now
Lead thou me on.
I loved the garish day, and, spite of fears,
Pride ruled my will: remember not past years.

So long thy power hath blest me, sure it still
Will lead me on
O'er moor and fen, o'er crag and torrent, till
The night is gone,
And with the morn those Angel faces smile,
Which I have loved long since, and lost awhile. (5)




"Eraman nazazu, oi Argi maitekor, inguratzen nauen iluntasunean,
eraman nazazu aurrera;
beltza da gaua eta etxetik urrun nago,
eraman nazazu aurrera.
Zaindu itzazu nire oinak; ez dut eskatzen
urrutiko lurra ikustea; aski zait urrats bakarra.

Ez naiz beti horrela izan, eta ez dut eskatu
eraman nintzazun;
nire ildoa ikustea eta aukeratzea maite nuen; baina orain
eraman nazazu aurrera.
Egun dirdiratsua maite nuen eta, beldurrengatik ere,
harrokeriak gobernatzen ninduen: ez itzazu oroitu joandako urteak.

Oraingoz bedeinkatu nau zure botereak, ziur ondino
aurrera eramango nauela
txillardegi eta idoiaga, labar eta ur lasterretan zehar,
gaua joana den arte,
eta egunsentiarekin irribarre aingeruzko horiek
aspalditik maite izanik galduak nituenak.


Newmanekin batera izan dira beste zenbait teologo kristau ordurarteko fede ekintzaren kontzeptuaren berrikusketan saiatu direnak, poetak ahantzi gabe. Eta bi pentsalari laiko izan dira berriztapen honen aintzinlariak: Maurice Blondel Frantzian eta Max Scheler Alemanian. Zera hau azpimarratu zuten batez ere: sinestedunaren partehartze aktiboa bere intimitate erlijiosoaren genesian, garapenean eta gordetzean, gizonak hain jeloskorki aldarrikatzen duen antonomia intelektual, afektibo eta bolitiboaren eskakizunaren onarpen zehatz eta emankorra. Paul Claudelen hitzetan:

"Je ne suis pas tout entier si je ne suis pas entier
avec ce monde qui m'entoure. C'est tout entier
moi que tu demandes! C'est le monde tout entier
que tu me demandes!" (6)


"Ez naiz nire osotasunean, inguratzen nauen
munduarekin ez banaiz osotasunean.
Osotasuna da eskatzen didazuna! Mundu osoa
da zuk eskatzen didazuna!"


Bi hitz aipatuko genituzke, erabakiorren gisa, prozesu honetan: EKITEA Blondelengan eta INTUIZIOA Schelerengan.

Hau demostratzen saiatuko da Blondel, hots, zintzoa eta kontsekuentea den gizona, ez bakarrik arrazoi hutsari harrapaezina zaion zerbaiten posibilitatea baizik horren errealitatea ere onartu beharrean dagoela; eta gizonak, hutsunetik ihes egin ahal izateko, gizonaren osotasunak, ez bakarrik bere sikismoan ekintza intelektuala denak, traszenditzen duen errealitate horrekiko atxekimendua behar duela. Arimaren halako egoerara iristeko argitasuna behar da, apaltasuna... eta kontsekuentea izatea. Eta hori ekitearen bitartez lortzen da, Blondelek ulertzen duen eran ikusita: barne bizikizunaren ekite integralki gizatiarra, adimenaren eta borondatearen, biek bateko ituburutik sortzen dena; beraz, ekintza intelektual eta nahikari zehatzak erabili nahi izatea, beharkizun intimo hori sortarazi duenari erantzun egokia eman ahal izateko.

Xabier Letek dioenez:

"Zure irudiek birreraiki naute,
aideratzen dira zure irudiak lanbrope hertsian,
eta argia noizpait pizten baldin bada
ezaguera berria nere sakonera zugandik zabalduz,
dizdira batetan hedatzen da arin bere jauregian.

Eta nere zentzuek, hain ahul gehienetan,
aberririk gabe zugandik urruti,
argi haundi horretan murgildu nahi dute". (7)


Lortzen bada, fede erlijiosoa izango da arimaren mugimendu orokorraren amaia; fede erlijiosoa, baina ez gure burmuinetik at gelditzen den dogma batekiko atxekimendu intelektuala baizik gure bihotzarentzat edo gure jokaerarako bizigarri gertatuko den egia baten atzematea. Beraz, izaki batetik beste batera doan konbikzioa da.

Max Scheler, bestalde, Husserlen fenomenologiako intuizioari iraungipen etikoa, bolitiboa eta metafisikoa ematen saiatuko da. Husserlen intuizioak esentziak edireiten ditu; Schelerenak errealitateak eskatzen ditu, Schopenhaurek intuizioak gauza bera ematen digula baieztatu baitzuen.

Premisa gnoseologiko honekiko zintzo, Schelerek ukatu egiten dio arrazoiari erlijioko Jainkoaren errealitatera iristeko ahalbiderik. Bere ustez, filosofoen Jainkoa Aristotelesen motore mugigaitza izango litzateke, unibertsoaren hastapenik gorenena, baina ez erlijio hebertar-kristauaren Jainko bizi eta pertsonala. Eta berak dioenez, bere modura ulerturiko intuizioaren bitartez bakarrik da posible otoitzeko eta gurpeneko Jainkoarekin harreman pertsonaletan jartzea; ez, noski, errealitate jainkotiarrekiko esperientzia zuzenaren bitartez -nemo vidit Deum-, sorkarien bitartez baizik, beraien kontenplazioak interes estetiko edo intelektualetatik haruntzago jarri denari eskaintzen dizkion izakera sakratu eta baliorik gorenena aurkitzea ematen dionean. Orain "sakratuaren" kontzeptua izango da munduaren errealitate naturaletik errealitate jainkotiarraren ez-zuzeneko intuiziora igo ahal izateko bidea.

Horrela adierazten zuen Gerard Manley Hopkins-ek:

"The world is charged with the grandeur of God.
It will flame out, like shining from shook foil;
It gathers to a greatness, like the ooze of oil
Crushed. Why do men then now not reck his rod?
Generations have trod, have trod, have trod;
And all is seared with trade; bleared, smeared with toil;
And wears man's smudge and shares man's smell: the soil
Is bare now, nor can foot feel, being shod.

And for all this, nature is never spent;
There lives the dearest freshness deep down things;
and though the last light off the black West went
Oh, morning, at the brown brink eastward, springs.
Because the Holy ghost over the bent World broods with warm breast and with ah!
bright wings. (8)

Jainkoaren haunditasunaz kargaturik dago mundua.
Biztuko da, txapa astindutik dirdiraka bezala;
Haunditasunean bilduta, olioaren izerdi lehertua
bezala. Zergatik ez dute orduan gizonek kontutan hartzen
bere makila?
Belaunaldiak ibili dira, ibili, ibili;
komertzioak kiskalita dago dena; lanak lausotuta,
loituta;
gizonen orbaina darama eta bere usaina dauka: lurra
biluzik dago orain, eta oinak ezin du sentitu, perratuta.
Eta halere, xahutu gabe dago natura;
freskotasunik maitagarriena gauzen sakontasunean bizi da;
eta ilunabar beltzaren azken argia joana izan arren,
oi egunsenti, ekialdearen ertz nabarrean jauzi da.
Espiritu Santua mundu makurtuaren gainean baitago
bular epelez eta ah!, hego dirdirakorrez.

Hori horrela delarik, badirudi Lain Entralgoren eritziz behintzat, askoz ederragoa dela Zubirik landu duen gizonak Jainkoa atzeman ahal izateko ikuspegi filosofikoa.

ERREALAREN BOTEREAREN ideia da bere abiapuntua. Nik nahi izan ala nahi ez izan, nik nigandik at ala nigan dagoen errealitatea atzematen dudanean, atzemate horrek errealitatea sentitzeko, ulertzeko eta bertan operatiboki ekiteko indarra ematen dit.

Errealaren botereari eginiko erantzun gisa sortu ziren aintzineko Homo Habilisengan ekaitzari zion beldurra eta harrizko aizkorak egiteko asmoa, eta botere horretan oinarritzen dira Oteizaren artea eta espazioaren konkista.

Beraz, errealaren botere subiranoari egunero erantzutea izango litzateke pertsona gisa bizitzea, errealak bere jabegopean bait gauzka, Zubirik dioen bezala.

Errealaren boterea hiru modu nagusi hauetan gauzatzen da gizonongan: azkentasunean, ahalbidetzean eta inpelentzian.

Errealaren boterea AZKENA da, gure esperientziak ez baitigu zilegiten razionalki errealitatetik haruntzago joaten. Eta nire bizitzan egiten duen agerkundea nolanahikoa delarik ere, errealaren boterearekiko harremanetan bizi du nire ekintzak bere hondoa eta bere muga.

Baina, horrekin batera, AHALBIDETZELARIA da, posibilitantea, errealitateak bere hondotik eskaintzen bait dizkit premiak, errekurtsoak eta bideak beragan eta berarekin egin dezadan nire bizitza.

Eta, azkenik, INPELENTEA da, bultzalaria, sekretuki bultzatu egiten bait gaitu, intelektibo, operatibo eta afektiboki ekin dezagun eta errealaren boterearen agerpenak diren premiak, errekurtsoak eta bideak nolahala erabil ditzagun.

Beraz, gizona errealitatean, errealitatetik eta errealitatearen bitartez osatzen da. BIRLOTURA hitzez izendatu du Zubirik giza existentziaren jite hori.

Honela adierazten zuen Paul Claudelek:

"Je ne trouve ma nécessité qu'en toi
que je ne vois point et toutes choses
me sont nécessaires en toi
que je ne vois point..." (9)




Zugan, inoiz ikusten ez zaitudan horrengan
bakarrik sentitzen dut beharra,
eta ikusten ez zaitudan horrengan zaizkit gauza guztiak
beharrezkoak...


Edo T.S. Eliot-en hitzetan:

" What is the face, less clear and clearer
the pulse in the arm, less strong and stronger.
Given or lent? more distant than stars and nearer
than the eye
Whispers and small laughter between leaves and
hurrying feet
under sleep, where all waters meet". (10)


"Zer da aurpegi hau, ez hain garbia eta garbiagoa
besoetako taupada, ez hain indartsua eta indartsuagoa.
Emana ala alokatua? Izarrak baino urrunagoa eta begia baino hurbilagoa
xuxurlapen eta barre isil loaren peko osto eta
oin lasterkarien artean, ur guztiak batzen dituen hura"


Asko dira lanean, jaian edo egunerokotasunaren gurpilean murgildurik bere buruarekin bakarrik gelditzeari beldur diotenak edo, beren existentzia bizkarrean eramateaz nekaturik, beren intimitatearen hondoenarainoko miaketan ausartzen ez direnak. Baina egiten duena birlotua sentituko da, bere errealitatearen oinarri denari lotuta; azken batez, bere existentziaren azken zentzuari buruzko galdera egitera.

Gizona pertsona denez, bera ez denari ere aurre egiteko izakia, bere oinarriaren azken errealitatea aurkitzera iristen da; errealaren botere bezala agertzen zaion "absolutuki absolutuaren" aurreko izaki "erlatiboki absolutua" delako. Absolutuki absolutu den "zerbait" horren aurkikuntza da birloturaren esentzia.

Absolutuki absolutua bi modu ezberdin eta kontrajarritan uler eta izenda daiteke: ATEISMOA, eta TEISMOA. Sineskorki ateoak pentsatzen du absolutuki absolutua (Marx eta Engelsen materialismo dialektikoan, MATERIA) ikusten duen munduaren errealitateari guztiz inmanentea zaiola; gauza ez da ez duela sinesten Jainkoaren existentzian; ez dagoela Jainkorik sinisten du eta gizonek horrela deitzen dutena materiaren botere unibertsal eta ulergaitza dela.

Sineskorki ere, TEISTAK (nahiz kristau, hebertar ala islamiar) pentsatzen du errealaren boterea munduari traszendente (beraz, espiritual) zaion absolutuki absolutuaren agerpen intramundukoa dela, norberak bere hizkuntzan Jainko deitzen duena. Askok IZAKI GORENENA deitzen dutena eta beste batzuk, Jainkoa izaki guztien izatetik haruntza dagoela kontutan hartuz, AURRE IZATE edo SUPER ENTE. Dena dela, Zubirik zera esango digu: "Nitaz jabetzen den errealitatea" da birlotura.

Sinismen sakon eta izugarri honek bultzatuko du Francis Jammes-en hitza, birlotura hori era aparteko honetan adierazteko.

"Lorsqu'il faudra aller vers vous, ô mon Dien, faites
que ce soit par un jour où la campagne enfête
poudroiera. Je désire, ainsi que je fis ici-bas,
choisir un chemin pour aller, comme il me plaira,
au Paradis, où sont en plein jour les étoiles..." (11)


Zugana joan beharko dudanean, egizu, ene Jainko,
zelaiak jaiez lehertuko diren egun batean
izan dadila. Hemen lurrean egin dudan bezala,
eta hori da nire irritsa, Paradisura joateko bide bat
desio dut,
non egun argiz ere izarrak egonen diren...


Hauek dira BIRLOTURATIK SINISMENERA iragateko Zubirik adierazten dituen pausoak. 1. Errealitatean bila dabilen hartarantz abiatuta, gizonaren intelijentziaren lehen pausoa bila dabilen horren zirriborroaren asmaketa izango litzateke. Kasu honetan, errealitate oinarrizko, oinarriztatzaile eta absolutuki absolutua; azken batez, norberaren kontzientzia "absoluturanzko bidean dagoen errealitatearen oihua".

Gugan kontzientzia gisa oihu eginez, errealitateak fisikoki bere oinarria denerantz jaurtikitzen gaitu. Giza ulermena errealitatearen enigmaranzko bidai kezkagarria da. Hortan datza Jainkoaren problema.

2. PENTSATZEA deitu duguna beti da bilaketa; baina ez Parmenidesek eta Aristotelesek bezala, errealitate-objetoaren bilaketa baizik errealitate-oinarriarena, errealitate fundatzaile, oinarriztatzaile den heinean.

Horregatik, bila nabilenarekiko nire harremana ez da KONSIDERAPEN TEORIKO izango, INTIMAZIO BIZIKORRA baizik. Zubirik dio "Errealaren boterea botere enigmatikoa da eta horregatik birlotzen nau berarekin birloturak modu problematikoan... Errealaren botereari modu problematiko batetan gaude fisikoki birloturik".

Birlotura ez da problema, gertakizuna da. Hor dago. Jainkoa bai dela problema eta hontan datza: Jainkoaren zirriborroaren formulazio razionaletik, arrazoiezko izan arren, sinesmen transarrazoizkora pasatzea, absolutuki absolutua eta oinarriatatzaile den pertsonaren errealitateari dagokiona.

3. Errealitate absolutuki absolutu eta oinarriztatzaile den Jainkoaren existentziaren demonstrazioak ezin du izan ondorio beharrezko eta nabarirantz eraman gaitzakeen bidea; zentzu honetan bakarrik da bidea: Jainkoa benetan badenaren sinismen azkeneko eta arrazoizkora garamatzalako. Kasu honetan arrazoizkoa, razonablea, razionala baino gehiago da. Razionalaren onarpen bizikorra ere ez baita razionala; razionala baino gehiago da: arrazoizko.

4. Beraz, BIRLOTURAREN BIDEA arrazoizkoa da Jainkoaren existentzia onargarria egiteko eta hori bera gertatzen da Jainkoaren transzendentziarekin -errealitatearen azken oinarri oinarriztatzailea den heinean. Jainkoa ez zaie gauzei traszendente, Jainkoa gauzengan da traszendente, beraien oinarri denez.

5. Sinismen arrazoizko batetan oinarrituta, Jainkoaren experientzia bat dago; eta Jainkoaren presentzia gizonarengan alde batetik "iturburuetako traszendentzia" (Jainkoa nire errealitatearen iturburu) denez eta bestetik "pertsonen arteko traszendentzia" (Jainkoa pertsona absolutuki absolutu eta gizona pertsona erlatiboki absolutu bezala) Jainkoaren experientziak BI ABSOLUTUEN ARTEKO TENTSIO PERTSONEN ARTEKOA forma hartzen du; Jainkoa errealitatearen emale eta gizona, dohai horren harle. Beraz, gizonaren Jainkoratze bideak EMATEAREN, entregaren forma hartu behar du, bereganantz bidean jartzearena.

Jainkoari emana bizitzea da Jainkoagan oinarritutako errealitatearen botereari gizonak egiten dion erantzuna.

Emana bizitze hau ONARPEN eta GURPEN izango da absolutuki azkenaren aurrean; ahalbidetze gorenaren aurrean berriz, OTOITZ eta ESKAKIZUN; Jainkoaren inpelentzia subiranoaren aurrean, BABES, bizitzaren gaztelu den Jainkoagan.

Guzti horrek ondorio izugarri honetara darama Zubiri: "Jainkoa ez da gizakia, baina gizakia nolabait Jainko da; gizakorki Jainko... Jainkoak ez du gizona beregan baina gizona ez da gizon Jainkorik gabe. Eta ESPERIENTZIA da horren izena: norbera esperimentalki zerbait absolutu gisa gauzatzea da pertsona izatea. Gizona, formal eta konstitutiboki Jainkoaren esperientzia da".

Esperientzia horrek bultzatzen du Xabier Lete otoitzera.

"Psalmoak ditut nik barne isilean
zuretzako, Jauna, psalmoak ditut nik.
Zutitzen naiz eta zutitzean makurtzen zentzuak,
oso ttikia izaki, baina zuk goragotzen nauzu.
Izendatzen nauzu, ilunean;
izaki guzien multzo nahasitik
zehatz nortzen nauzu..." (12)


Esperientzi hori da, nolabait esistentzia betea eta bizitzaren ondorengo bizitza ziurtatuko dion Jainko bizi eta pertsonalekiko fede eta harremanetan sustraitua, migralariei esperantzari eusten lagunduko diena.

Unamunok nolabait bere bertso batetan adierazten zuena:

Del tiempo en la corriente fugitiva
flotan sueltas las raíces de mis hechos,
pero las de mis versos prender firmes
en la rocosa entraña de lo eterno. (13)

Denboraren emari iheskorrean
gainez doaz nire ekintzen sustraiak,
baina eternoaren errai harkaitsuan
josirik daude, irmo, nire bertsoenak.


Horrela ere aztertzen saiatu garen gure migralarien arteko bertsolarienak.

Oharrak

1 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 210. orr.
2 Ibidem, 222. orr.
3 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 112. orr.
4 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 48. orr.
5 NEWMAN, J.H. 1801-90
6 CLAUDEL, P.: La Muse qui est la Grace. Anthologie de la Poésie Francaise du XX siècle. Parisen, 1983.
7 LETE, X.: Zentzu antzaldatuen poemategia. BBK, Bilbon, 1992, 19. orr.
8 MAULEY HOPKINS, G.: God's grandeur.
9 CLAUDEL, P.: Op. cit. (1983), Strophe III
10 ELIOT, T.S.: Marina...
11 JAMMES, F.: Le Denil der primavères. Mercure de France.
12 LETE, X.: Op. cit. (1992), 20. orr.
13 UNAMUNO, M. DE: "El Cristo de Velázquez". Dios en la Poesía Española...







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org