Ameriketak egitera joan ziren gizon-emakumeen izkribuak aztertu ditugu, utopia klabean aztertu ere, batez ere bertsolarien lerroak. Nolabait esperantza haundi baten oinarriak behatu ditugu, ikuspegi ezberdinen abiapuntutik behatu ere eta gehienek osagarri erlijios bortitza dutela konturatu gara, historiaren leiho mesianikoa irekitzera behartu nahi izango bagintu bezala. Dudarik gabe, horixe baita azken batez guri barru barruan geratzen zaigun susmoa: migralarien izkribuetan historiaren filosofia agertzen dela eta historia konzeptu horrek behar bada geroari buruzko igarpen positibista batera bultza gaitzakeela.
Beraz, lan honen epilogo gisa hauxe esango genuke: bikoitza dela ondorio moduan gelditu zaigun mezua: historiari buruzko konzeptua alde batetik eta geroaren asmakuntzara garraia dezakegun gizonari buruzkoa bestetik.
Hasteko, esan dezagun badirudiela migralariek "denboraren" balorapen teologikoa egiten dutela, nolahala aginduriko geroaren itxaropenean oinarritua. M. Susman idazle alemandarrak esaten zuenaren arabera, hebertarren espazio-kontzeptuarekin lotuko genuke.
" Figuraz beteriko espazio itxia greziarren egiaren esfera den bezala, hebertarrena, aldiz, formarik gabe darion denbora irekia izango litzateke. Han, berera itzultzen den kosmosaren zirkurua; hemen, infinitorantz bultzatzen duen kreakuntzaren marra. Han, ikustearen, kontenplatzearen mundua; hemen, aditzearena, entzutearena; han, irudia eta antza; hemen, erabakia, ekintza. Espazioan oraina dago eta oroimena; denboran arriskua eta esperantza. Burutapenaren helburu espazialaren aurka, denboran konkistatu behar den redentzioaren helmuga jartzen da" (1)
Herder, Kant, Schiller eta Hegelen ondoren, historigileek eta historiaren pentsalariek misio kontzientzia dute, zentzuz beteriko historian sinesten dute, gizadiaren zeregin izugarrian. Baina honek, postmodernitate garaiko urraduran bizi bagara ere, historiari buruzko kontzeptuak ezin diola munduaren historia unibertsalaren ideia guztiz garrantzitsuari uko egin, suposatzen du.
Gure ustez, geroari buruzko ezagupen konszientea misioari buruzko helmugaren ezagupen konszientea dagoen hartan -eta hori dagoen neurrian- bakarrik egon daiteke historiari buruzko kontzeptu historikoa, horizonte unibertsalari irekia, mundu osoa hartzen duena, gertakarien berriztasunean sinesten duena, itxaron eta maite behar dugun geroa nahi duena. Horregatik zioen Jan Huizinga holandarrak geroa dela pentsakera historikoaren benetazko kategoria. Horrexegati zioen Ernst Blochek NOVUMa dela zientzia historiko kontzeptuaren bizkarrezurra.
Gure bertsolariengan NOVUM hori behin eta berriro agertzen den irritsa da, askotan iraganean bizi eta ezagutu dutenaren gorpuzduran haragitzen saiatzen badira ere. Baina jakin badakite ez dagoela gerorik abiapuntu zehatza ez duenik eta helmugatzat hartu dugunak askotan abiapuntua birrinterpretatzera bultzatzen gaituela, errepikapenaren mekanizismoan eror ez gaitezen.
Hala ere, ez dugu uste azken kontzeptu hau bertsolari guztiei modu berdinean aplika dakiekeenik, geroaren kontzeptuari emango dioten irtenbidearen arabera gelditzen baita. Baina, orohar, Hölderlinek poesiari buruz esaten zuena, mutatis mutandis aplikatuta, uste dugu esan dezakegula: Historiak balizko arriskuaren eta balizko salbamenaren sintesia izan behar duela. Historia oraina-esperantza eta geroa-misio bezala hartu izanaren mugarrietan jartzeak ondorio bikoitza izan dezakeela esan daiteke: mehatxularia eta salbatzailea era berean. Hölderlinek "arriskua dagoen hartan hasten da salbamena" zioen; baina Blochek, bestalde, osatu egin zuen olerkari erromantiko haundiaren perzepzioa: "salbamena dagoen hartan ere arriskua hasten da".
Historia, utopia baten barruko historia, bertsolari migralariek ikusten zuten bezala, gerorantz dihoan errealitatearen esperientzia izango da eta behin martxan jarriz gero, ezin izango dugu amaigabe irauten duenaren fede kosmologiko ezhistorikora bueltatzerik.
Errealitatea existentzia eta esentziaren arteko diferentzian dagoen bitartean, gizakia kontzientzia eta izatearen arteko diferentzian dagoen bitartean bakarrik dago historia. Orduan bakarrik dira beharrezkoak geroaren ezagumena, misio kontzientzia eta oraingo erabakia. Eta hirurak bizi-bizirik ikusi ditugu bertsolariengan, nahiz Leon Bereau, nahiz Manex Etchamendy nahiz Juan Kruz Arrosagarai eta beste askorengan.
Orduan garbi dago egia dela -guri horrela iruditzen zaigu behintzat- Nietzschek historizismoaren aurka egiten zuen protesta:" Horizonte batean bakarrik bilaka daiteke bizirik dagoena osasuntsu, indartsu eta ernalkor".
Esan nahi dugu historia bizitzaren indar plastiko bilakatu nahi badugu, bizitza gisa harturiko historiak herio gisa harturikoaren aurka egin behar duela. Ezin dugula betirako galdurik gelditu den denbora hatzemangaitz bilakatu.
Ildo horretatik ulertu behar da epilogo honetara gehien bultzatu gaituen R. Wittramsen testua:
" Neri iraganaren gertakizun historiko haundiak izozturiko urjauziak iruditu zaizkit beti: irudi harribiratuak joandako bizitzaren hoztasunean, urruti mantentzen gaituena... Hotz sentitzen gara hondoratutako erreinuen haunditasuna behatzean, kultura hobiratuena, itzaliriko pasioena, hildako burmuinena... Hau serioski hartzen badugu, zientzia guztiz bitxian aritu izanaren ikarak harrapa gaitzake: hildako hirietan bizitzearenak, itzalak besarkatzearenak, hildakoak oroitzearenak..." (2)
Hala ere sarri ez dugu iraganaren itzaletako erreinutik aurrerantz ihes egiten, seguraski historiaren oinarrian "historia oroitzapen gisa" harturiko zerbait dagoelako. Eta garbi dago gure oroimen historikoa beti dela selektiboa, gogoratzea, haztea, oroitzea elkarrekin baitoaz beti. Baina oroitzapen gisa harturiko historia honek -present egiten dugun neurrian behintzat- zeregin araztatzaile, kritikoa dauka. Heimpelen hitzetan "ahanztura inuxentearen eta leienda errudunaren aurka borrokatzeko zeregina".
Errudun bezala gogoratu duguna ez baitago oraindik likidatuta. Orduan oraina oraindik helmuga eta irtenbiderik aurkitu ez duen prozesuan sartzen da. Historia helmugara iritsi ez bada, bizitzako zenbait figura oraindik bukatu eta definitu gabe baldin badaude, ezin ditugu Minerbaren hontzaren begiez begiratu; posibilitate irekien perzepzioa behar dugu, gauzen prozesuaren barnean agertzen diren joera eta norabideena.
Historia, gure migralarien historia bera, zeregin irekia da, esperantza eta erabakien prozesu irekian dagoena. Beraz, zientzia historikoa justizia aurkitu gabekoaren zientzia da, oraindik egin gabeko gizonarena. Ados gaude Otto Weberekin esaten duenean:" Oraina taiutzeko abiapuntu bezala hartutako historia beti izango da hildakoen berpizkundea, herio historia bizitzaren historia bilakatuko baita" (3)
Beraz, ezin dugu historia orainaldi zehatzaren aintzindari gisa hartu. Geroari buruz itaundu behar zaio lehenari. Eta gure bertsolari migralariengan iragana posibilitate etenen, hasiera galduen, geroranzko pausu geldituen historia bezala ikus dezakegunez, horrexegatik ulertu behar dugu bere esperantzen abiapuntutik iragana. Gure migralarien iragana beren oraina izan zen eta geroranzko muga irekia.
Historia positibista honen dialektikan behin sartuta, azken pausoa eman beharko genukeela iruditzen zaigu, gure geroa kontsekuenteki eraiki ahal izateko ausardia. Abiapuntu gisa zera esango genuke, bizitza utopia bezala ulertu zuten gizonek bizitza esperantza gisa hartzera bultzatzen gaituztela. Hau da esan nahi duguna: migralarien ahotsak oraindik gorde egiten duela bere sinesgarritasuna, beraiek ezagutu eta eraiki zuten gizarte eredu hartako erlijioaren rola itxuragabe aldatu bada ere.
Beharbada, gure itxaropenaren lehenengo pausoa, migralarien xangrirako bada ere, gizartearen eta Estaduaren sekularizazio prozesuaren onarpena izango litzateke, sekularizazio hori seguraski itzulerarik gabeko gertakizun bezala hartuta gainera. Atzoaren nostalgia xaloa, alboratu behar dugun zerbait da, gizartearen eta politikaren bizitzaren sekularizazioa ere esperantzaren historian sartzen dela sinestuz.
Hori horrela izanik, badira zenbait jarrera -bertsolariengan behin baino gehiagotan ikusi ditugunak- nahitaez ekiditu behar ditugunak, benetan gure Euskal Herriari gero integratu eta erabakiorra eman nahi badiogu behintzat.
Lehenengoa subjetibitate berri baten kultoa izango litzateke, Moltmannen definizioari jarraituz. Hau esan nahi dugu: ezin dugula pertsona bokazio intimo baten burutapenarekin definitu -poesia nahiz zientzia egin, enpresa bat sortu nahiz zuzendu- bokazio hori metodikoki inguratzen gaituenetik segregatzen gaituen zerbait bada. Eta egia esan, hortara bultzatzen gaitu bizi garen mundu sekularizatu eta teknifikatuak. Hala ere, gure ustez, uko egin behar diogu bakardade sortzailean eraikitako bizitzari.
Denok dakigu Estaduaren eta gizartearen "beharkizunen sistema" gaur egun ulertzen den bezala ulertzen badugu, gizartearentzat eta Estaduarentzat guztiz jasangarria dela halako pertsonen presentzia. Bere "beharkizunen sisteman" ezarrita dagoen botere politikoari aski zaizkio boterearen intelektual organikoak, sistemarekin bat etorri eta sistema garatzen ahalegintzen direnak. Beraz, disidentzia bakartia, "intelektual inorganikoen mundua" hornigarri izango litzaioke, boteraren egongelari ukitu exotikoa eman ziezaiokeen lorontzia. Halako gizon emakume bakartiek ezin dute mundua aldatu. Horrexegatik ekiditu behar da oinarrizko jarrera bezala.
Bigarrena, insularitatearen kultoa izango litzateke, gizartetik apartaturik, elkarte txiki eta goxo baten insularitatean biltzera bultzatzen gaituena, taldearen helburuak onak eta laudagarriak izan arren. Izpiritu objetiboak hain menperaturik daukan gure munduan guztiz eztabaidagarria iruditzen zaigu pertsonaren gizarte bizitza talde segregatuaren murrizkeriaren mugetan zokoratzea.
Hirugarrena, erakundearen kultoa izango litzateke, gehiegizko babesaren parametroen arabera bizi nahi izatea, segurantzan beti, arazoezazko goxotasunean. Biharko euskaldunok, gure migralarien hastapenetako egoeraren arabera, naufragoen modura bizitzera ohitu behar dugu, igeri egitera behartuta beti, hondoa jo ez dezagun. Nolabait Paris hiriko harmarriaren mezuaren estiloan "fluctuat nec mergitur". Ortega filosofoak esaten zuen bezala, naufrago, hondartari izatearena baita egiazko gizon-emakumeon bizi-egoera. Exodoan nolabait eta aberrian une berean. Beharbada, mass mediaren sarraskiaren erdian horixe izango da oraingo eta geroko euskaldunak izango duen erronkarik bortitzena: euskaltasunetik exodoan bizi izan behar arren, euskaldun izaten jarraitzea.
Garbi dago "euskaldun izaten jarraitze" hori zertan datzan definitzean dagoela arazoaren gakoa. Migralarien testuak eta bizikerak luzaroan aztertu ondoren, hauexe izango litzateke, gure ustez, bidearen aztarnarik garrantzitsuena: euskaldunok munduan eta munduarentzat bizi behar dugu, munduan eta historian kokaturiko herri bezala baina inola ere ez eman nahi zaizkigun giza rol politikoen arabera, esperantza utopikoaren argitan baizik. Honek esan nahi du, Zubirik zioenaren arabera, gizona MISIO dela, eta misio denez, munduaren aldaketa izan behar duela helburu. Eta ez dago aldaketa eraginkorrik esperantzaren ereitean oinarritzen ezbada.
Intimitatean eta zeregin profesionalean burutu behar dugun iraultza honek egingo du euskaldunon misioa benetan historikoa, geroarekiko irekitasunak eskatzen digun malgutasunaren ildotan.
Guretzat, Jürgen Moltmannen ideia batetan oinarrituz, hiru dira ildo horiek:
Lehenengoa, elkartasun unibertsalari irekita bizitzea; gizonak gizonen gain ekiten duen zapalkuntzaren aurrean sentiberatasunik ez galtzea, ematen den tokitan eta modutan ematen delarik ere. Beraz, sofritzen duenarekiko disponibilitatea, afektiboa eta operatiboa. Mass-mediak, beste zenbait gauzen artean, gaitzaren presentzia etxeko biztanle bilakatu digu. Ohitu egin gara. Ohikuntza honen aurrean inkonformismoa betebehar moral bilakatzen da, erantzun mentala, afektiboa, operatiboa eskatzen diguna.
Bigarrena, guretzako haina besteentzako askatasun-exijentzia izango litzateke, bestea aurkakoa izan arren, nolabait askatasunaren parametroetan sarri erabili izan dugun lagun-etsaia
presupuestoak hautsiz eta bere ordez lagun-aurkako presupuesto etikoagoa ezarriz, batez ere ekimen politikoaren arloan.
Azkenik, erakutsi egin beharko genuke pentsakerarekin nahiz jokaerarekin ezin dela onartu planteatzen denetik haruntzagoko esperantza ukatzen duen gizartearen bizitzaren planteamendurik. Egia da etengabe proiektatuz, etengabe planteatuz bizi behar garela baina planteatzen dena baina urrutiago gelditzen den esperantzari uko egin gabe. Hauxe baita migralarien utopiaren oinarria.
Bukatzeko, esan dezagun, guk nahiko genukeen datorren gizarteko euskaldunak eutsi egin beharko liokeela joan direnen iharduera definituko luketen bereizgarriei: gartzutasunari, bizi estilo gisa, lanarekiko grinari, alaitasunari eta jolas-jokuari, Heideggerek "gizon izatearen esentzia" gisa ulerturiko arlo ludikoari.
Gure migralari bertsolariek izenpetuko luketelakoan gaude.
Oharrak:
1 SUSMAN, M.: Das Buch Hiob und das Schicksal des jüdischen Volken, 1948, orr 16
2 WITTRAM, R.: Das Interesse an der Geschichte, 1958, orr 15
3 WEBER, O: Grundlagen der Dogmatik 2, 1962, orr 108