1. 05. Agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Garitaonandia Bitor »  Aitona eta biloba »  1. 05. Agerraldia

BOSGARREN AGERRALDIA



Lehengoak eta Kristobal.
Kristobal. (Olarako atetik.) Zer darabilzue? Beti bezala txorakerietan orduak igarotzen! (Joaten da Pantxike.)

Sabin. Ez aita: nik ez dut uste txorakeria denik gure aberriaren alde zerbait egitea.

Kristobal. Zertan ari zinaten bada?

Sabin. Mutil koxkor hauei herri-abestitxo batzuk erakusten, datorren igandean ondo abestu dezaten.

Kristobal. Ze jai duk ba igandean?

Sabin. «Euskaltzale Lagundiak» eratu duen euskal jaia.

Kristobal. Ba, ba!..... lehen esan dudana: txorakeriak.

Sabin. (Mutikoei.) Mutilak: gaurko nahikoa duzue.

Kristobal. Baita biharko ere.

Sabin. Zoazte orain. (Joaten dira mutikoak agurtuaz.)

Kristobal. Hori duk!.....Txorakerietan igaro hainbeste ordu, eta idazkolako lanak atzeratuta.

Sabin. Nire lanak atzeratuta? Ez dut uste.

Kristobal. Bai: eta badakik, lehenbizi etxeko gora beherak eratu behar dituala.

Sabin. Horretan naiz: eta zerbait bada, berehala egingo dut.

Kristobal. Ba, joan eta ikusi zer egin behar den.

Sabin. Berehala egingo dut.

Kristobal. Hori duk hire egin beharra. (abiatzen da Sabin.) Itxoin puska batean. Beste gauzatxo bat esan beharra diat.

Sabin. (Apal.) Nahi duzuna. aita.

Kristobal. Entzun diat hemen izan dela Arantzazu umezurtz hori.

Sabin. Bai, aita, hemen izan da.

Kristobal. Ba..... zentzua duen gizonak, ez lioke eman behar hasierarik egipenari, aurrez ongi oldoztu gabe.

Sabin. Egia da.

Kristobal. Eta, hik oldoztu al duk ongi, neskatxa horrengana joan baino lehen?

Sabin. Bai, eta benaz.

Kristobal. Eta. Zer uste duk?

Sabin. Ba..... egia esateko, gaur nintzen zuri eskari bat bihotz-bihotzez egiteko ustean.

Kristobal. Zer eskari?

Sabin. Ezkontzeko baimena.

Kristobal. Hiri dagokidan bezalako neskatila batekin nahi baduk, ez duk izango eragozpenik.

Sabin. Ez al da ba Arantzazu itxurazkoa eta egokia?

Kristobal. Egokia!..... Bera bezalako txatxar eta lander baterentzat!

Sabin. (Suminduta.) Arantzazuren egikera eta izaeragatik ez du inork zer esanik izango.

Kristobal. Baina, ze uste duk hik? Nire seme bakarra edozeinekin ezkonduko dela?

Sabin. Arantzazu ez da edozein; baina bai beste edozein bezain egokia. Behartsu aurkitzen dela! diru gabea dela!..... Ez du beste zer esanik; eta nik uste dut, ez diogula begiratu behar aberastasunari, zintzotasunari baizik.

Kristobal. Baduk beste neskatila bat. Arantzazu bezain zintzoa, eta hiretzat omengarriagoa izango dena; eta begiratu ondo, oldoztu ondo eta lehenbailehen ze bide hartu behar duen, aitari nahigabe minkor bat ematea nahi ez baduk.

Sabin. Nire ustez, nire gogoz, ez nuke nahi nire aita nahigabetzerik; eta horregatik, Arantzazuri hitz emanda daukatelako, bihotz-bihotzez eskatzen dizut baimena; eta mesede horregatik zu maitatzen eta bedeinkatzen igaroko dut nire bizitza guzia.

Kristobal. (Biziro eta dardaraz.) Baina..... txoratuta aurkitzen al haiz, umezurtz eta txakur txiki baten jabe ez den neskatxa batekin ezkontzeko baimena niri eskatzeko?

Sabin. Ez aita: zentzudun eta benaz otoitzen dizut.

Kristobal. Ez duk bada lortuko..... Muker eta setatsu hori!..... Ken adi nire aurretik!

Sabin. Aita!.....

Kristobal. Lanera!..... (Abiatzen da Sabin.) Datorrela Pantxike hona. (Joaten da Sabin apalki olarako atetik.) Zentzugabeko ume txatxuok!..... Utzi beharko diok neskatxa horri!

Pantxike. Zer nahi duzu, nagusia?

Kristobal. Zatoz hona. Hemen izan omen da Etxezuriko ume zurtz hori?

Pantxike. Bai jauna: eta..... neskatila egokia.

Kristobal. (Haserre.) Ez dizut galdetzen egokia hala baldarra denik. Zertara etorri da?

Pantxike. Ba..... janzki batzuk ekartzera. Ez omen zuen zeinekin bidali eta.....

Kristobal. Ze janzki dira horiek?

Pantxike. Niretzat egiteko agindu nion soinekoa.

Kristobal. Ez al duzu beste jostunik herrian?

Pantxike. Ba..... Bera izan da, bost urte honetan nire jostuna eta..... egia esateko, ez dago niretzat bera bezain azkarrik.

Kristobal. Zaude isilik! Ezer ez duen umezurtz kaxkar hori!

Pantxike. Bai; umezurtza da gaixoa..... baina.....

Kristobal. Ba, zure kontu: Zuk zaindu behar dituzu. Begiratu ondo beren maitasunak ze bide daraman.

Pantxike. Ez da begiratu beharrik.

Kristobal. E!..... Ze uste duzu? Nire semea eta neskatxa ximel hori maila batekoak direla?

Pantxike. Ez dakit ba nik!: maila konturik ez dut aditzen da.

Kristobal. Ze aditu behar duzu zuk!..... Margari da Sabini egokitzen zaion andre-gaia.

Pantxike. Ba. Sabinek ez du nahi besterik, Arantzazu baizik.

Kristobal. Beharko!

Pantxike. Baina..... hori da ba....

Kristobal. Zer?

Pantxike. Ezer ez!..... ez dela gauza-onik egingo, txarrean hasiz gero: eta horrela guztiok izango gara gaizki.

Kristobal. Gaizki nahi ondo.

Pantxike. Baina..... nola nahi duzu ba, berak nahi ez duenarekin ezkontzea? Maitasun gabeko ezkontzak, ez du sustrairik, ez sendagarririk: eta badakizu, oinarri gabeko etxeak laster joko du lurra.

Kristobal. Berriketak dira horiek!..... Zuk egin ezazu agindu dizudana. Zaindu ondo beren ibilera guztiak; eta gero, eman niri kontu garbiak.

Pantxike. Ondo da.....

Kristobal. Eta..... ixo!..... ez esan ze agindu eman dizudanik.

Pantxike. Ez jauna.

Kristobal. Ez gero txintik ere atera!

Pantxike. Ez, ez.

Kristobal. Gero arte bada.

Pantxike. Agur jauna.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org