1. 06. Agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Garitaonandia Bitor »  Aitona eta biloba »  1. 06. Agerraldia

SEIGARREN AGERRALDIA



Pantxike eta Sabin: gero Txomin.
Pantxike. (Bakarrik.) Hauek istiluak!..... Sabin eta Arantzazutxoren ibilerak zaindu behar nik!..... Zainduko ditut bai; eta gogoz zaindu ere, eragozpenik izan ez dezaten beren asmoak betetzeko..... Hamaika eragabekeri ikusten da ludi honetan!.....

Sabin. (Olarako atetik.) Zer dugu, Pantxike? Hiztun aurkitzen zaitut.

Pantxike. Bai, Sabin, bai. Harrituta nago.

Sabin. Zer duzu ba?

Pantxike. Zure aitak ez du nahi Arantzazuren lorratzik ere.

Sabin. Eta zer egingo diogu ba!

Pantxike. Gainera, ez dakizu beste gauza bat.

Sabin. Zer?

Pantxike. Ez nuke esan behar..... baina, hain asko nahi dizut!..... isilik gero!

Sabin. Isilpekoa bada, lurpean egongo da.

Pantxike. Gaurtik, nire zaitasunpean izango zarete.

Sabin. Ez gara gaizki izango.

Pantxike. Ez, e?

Sabin. Nola bada! Bi urte nituenez geroz zu izan zara nire ama-ordeko, eta ontsua benetan.

Pantxike. Bai baina, orain zaindari izango naiz: zu eta Arantzazu zaindu, zuen ibilera guztiak azterkatu, eta gero, nire azterkuntzaren kontu garbiak eman zure aitari.

Sabin. Agindu hori eman al dizu aitak?

Pantxike. Bai. Ez esan gero berari!

Sabin. Ez, Pantxike: eta eskerrik asko zure nireganako uste onagatik.

Pantxike. Ni beti izango naiz zure alde.

Sabin. Ba, zuk ere badakizu, ama bezain maite zaitudala.

Pantxike. Kontuz ibili bada. Sabin.

Sabin. Bai, bai: ez izan ardurarik. Arantzazu eta ni ez gara ibiliko behar ez den bideetatik, eta ez duzu gure erruz zer esanik izango.

Pantxike. Hala uste dut; biok zarete onak eta.....

Sabin. Arantzazu niretzat eta ni Arantzazurentzat.

Pantxike. Izango ote da ba!

Sabin. Bai, bai; horretaz ez dut ezbairik. (Etortzen da Txomin olarako atetik.)

Txomin. Txurruka jauna etorri da olara, eta aita etxean ez bada zu joateko lehenbailehen, esan dit.

Sabin. Bai: berehala noala, (Joaten da Txomin.) Badakizu ba,

Pantxike. Niretzat Arantzazu, besterik ez.

Pantxike. Ondo egingo duzu.

Sabin. Ez dugu behar etxe honetan Margari bezalako handiputzik.

Pantxike. Ez, ez; Jainkoak aparta!

Sabin. Gero arte. (Joaten da)

Pantxike. Bai.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org