1. 08. Agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Garitaonandia Bitor »  Aitona eta biloba »  1. 08. Agerraldia

ZORTZIGARREN AGERRALDIA



Pantxike, Isabel eta Margari (1).
Isab.-Marg. (Sartuaz.) Egun on. (Harroxko eta handikeriaz hitz egingo dute.)

Pantxike. Hala ekarri.

Isabel. Tira. hartu kaba eta abriguak.

Margari. Tori. (Isabelek kaba eta abrigua, eta Margarik abrigua ematen dizkiote, eta Pantxike haiek hartuta ahoa zabalik gelditzen da.)

Pantxike. Niretzat al dira?

Isabel. Emakumea, jaso itzazu behar den lekura.

Margari. Zuk ez dakizu nola errezibitzen diren señorita handikiak.

Isabel. Hauek neska atrasatuak! (Pantxikek aulki baten gainean uzten ditu emandako gauzak.)

Pantxike. Izututa gelditu naiz zuek ikusteaz. Printzesa bat zetorrela iruditu zait.

Margari. (Oso pozturik.) Bai, e?

Isabel. Hala dirudi, e?..... Nire alaba da.

Pantxike. Bai; ezin ukatu: mingainean duzue ezagun.

Isabel. Mingainean! Ikusi al didazu?

Pantxike. Mintzaeran esan nahi nuen.

Margari. A..... bai! Hizketako moduak asko erakusten du norberaren bikaintasun eta gailentasuna.

Isabel. Orain zepilo bat ekarri, eta poliki-poliki hautsak kenduaz garbi-garbi eta apain-apain jarri behar dizkiozu janzki eder horiek.

Pantxike. Garbi eta apain daude orain ere janzki horiek.

Margari. Ez; ni horretan pinpilinpauxa baino delikatuagoa naiz: garbi eta txukun presentatzea gustatzen zait; eta nire Sabintxo etorri baino lehen apaindu behar dut.

Pantxike. (Atzeko aldera joanaz.) (Beregain.) Nire Sabintxo! Harrapatuko den!

Margari. Zaude: lehenbizi basotxo bat ur ekarri behar didazu, esponjarekin, ahoa lehortu zait eta. (Margari eskularruak kentzen hasten da.)

Isabel. Ura bakarrik ez; gaitz egiteko ere. Hara: jerezarekin nahastuta hartuko du. Horrela ohituta dago.

Pantxike. Ba, gure etxean dagon jerezik et du hartuko.

Isabel. Ez al duzue? A!..... Horrelako gauzak beti aurkitu behar dira etxean.

Pantxike. Guk sagardoa edo txakolina.

Margari. Ene!..... Edari ordinarioak dira horiek.

Isabel. Ez gaude ohituta.

Margari. (Esku-larruak kendu eta eskuei begira.) Ekar iezadazu behintzat eskuak garbitzeko ura.

Pantxike. Esponjarekin behar al du hori ere?

Isabel. (Haserre.) Barkiluarekin behar du.

Margari. (Oso haserre, esku-larruak berriro jarriaz.) Ez dut ezer ere behar.

Isabel. Entzun duzu: ez eta ezer ere. (Beregain.) Neska baldana! !Que ignoranzia! (Margariri.) Nire printzesa: eseri zaitez. (Biak eserita: isil aldia.) Etxean izango dira señorituak? (Pantxikeri.)

Pantxike. Ez bata eta ez bestea.

Isabel. Ez direla etxean?

Margari. Otro tanto!

Isabel. Non dira ba?

Pantxike. Ez dakit. Nagusia kalera atera da, eta Sabin..... ez dakit non izango den.

Margari. Gure bila joango ziran.

Isabel. Baliteke.

Margari. Bai, bai: jakina da. Orain da trena etortzeko ordua, eta estaziora joango ziran, eta gu automobilean etorri.

Isabel. Arrazoia duzu!

Margari. Klaro!

Pantxike. (Hauek emakumeak!)

Isabel. Petardua eraman behar dute.

Pantxike. (Bai zuek.)

Margari. Baina gero, etortzen direnean sorpresa ere handiagoa izango da.

Isabel. Poztuko dira gu automobilean etortzearekin.

Margari. Ya lo kreo! (Pantxikeri.) Eta zuk, zabiltzan baino zuzenago ibili beharko duzu.

Pantxike. Zuzenago? Okerka al nabil ba?

Margari. Bai; ikusiko duzu, zure señorita izateko etortzen naizenean.

Pantxike. (Jainkoak aparta!.....) Eta..... Laster izango al da?

Margari. Bai: Kristobal jaunak esan ziran udaberrirako gertuko garela. Garai horretan ezkontzen dira aristokraziakoak.

Pantxike. Aristokraziakoak!..... (Gogoraziaz.) Ez ditut ezagutzen. (Margari eta Isabel parrez.) Zuen herritarren batzuk al dira?

Isabel. Honek ez daki zer diren aristokraziakoak.

Pantxike. Zer diren?..... Ezkondu behar badute, neska-mutil ezkongaiak.

Margari. Ez, ez, ez!...... Aristokraziakoak deitzen zaie, gu bezalako handikiei; jente grandezakoei: orain, baita deitzen zaie jente bien.

Pantxike. Bien!.....



(1) Isabel eta Margariren irrigarritzat jartzen dira erdarazko hitz batzuk.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org