1. 09. Agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Garitaonandia Bitor »  Aitona eta biloba »  1. 09. Agerraldia

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA



Lehengoak eta Arantzazu.
Arantzazu. (Sartuaz.) Bada baimenik? (Gelditzen da.)

Pantxike. (Orain kontuak!) Aurrera, Arantzazu.

Arantzazu. (Isabel eta Margariri) Egun on duzuela. (Isabel eta Margari, erantzun gabe, zerbait apaintzen edo.)

Pantxike. (Arantzazuri maitekor hitz-eginaz.) Baita zuk ere. Zu, agindu duzun bezala, txintxo-txintxo. Eseri zaitez, eseri Arantzazu. (Arantzazu lotsaz.)

Margari. (Hantustez.) E!..... Gu hemen gaudela esaten diozu esertzeko!..... Hori al da edukazioa?

Pantxike. Non eseri behar du ba?

Margari. Sukaldean, sukaldean..... neskatxak sukaldean.

Arantzazu. Eragozten badizuet.....

Pantxike. Ez, Arantzazu, ez. (Margariri.) Hau, beronen zeregin bat betetzera etorri da.

Isabel. Neskameen zereginak..... sukaldean.

Arantzazu. Gaizki egin al dizuet?

Margari. Gaizki egiten duzu, gu gauden bitartean hemen gelditzeaz.

Arantzazu. Barkatu bada.

Margari. Ze barkatu!..... Ikasi Señoritak tratatzen.

Pantxike. Jakin behar duzue, hau ez dela neskamea: hau, señorita da.

Isabel. A!.....

Margari. Ola!.....señorita e?..... badirudi bai, panpoxa dago!..... (Burlez.)

Arantzazu. (Erdi negarrez.) Baina, zer da hau!..... Gauza horiek entzun behar!

Pantxike. Ez izutu, maite.

Arantzazu. Etxe honetan iseka egin niri!..... Non da nire Sabin!

Margari. Oi!..... (Altxatuaz eta iseka eginaz.) Nire Sabin! Bere senar-gaia balitz bezala!

Pantxike. Eta zergatik ez? Hori, Sabinek jakingo du.

Isabel. Zer diozu? (Jaikiaz.)

Margari. Ja, jai!..... Biokin ezkondu behar al du?

Arantzazu. (Gogoz eta benaz.) Sabin nirea da!






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org