 |
|
 |
 |
HIRUGARREN AGERRALDIA
Pantxike: gero Kristobal eta Imanol.
|
Pantxike. (Bakarrik.) Inoiz agertzen ez badira hobe! Baina. etorriko dira bai!: batez ere..... señorita txatxala hori! eta.....beti erregalotxoekin..... bai, bai! badakite zer egin beren alde!.....bat ekarri, hamar eramateko! Eta, nik isilik egon behar!.... Imanol nire nagusiaren diruzaina dela eta!.... Ai, ai, ai! Diruzaintza horrek orraztuta utzi behar du laster Kristobal jauna!..... Ixo!..... hemen dira..... (Kristobal eta Imanol olarako atetik.)
Pantxike. (Kristobali.) Andre Isabel eta Margari izan dira. Hau utzi dute zuri emateko; eta etorriko direla gero ahal badute.
Kristobal. (Gogaldi txarra du.) Ondo da. (Joaten da Pantxike.)
Kristobal. (Imanoli, errolda-idaztia irekiaz.) Nik ezin dut ulertu nola izan liteken hau. Lan asko dugula burdinolan, asko irabazten dela: eta, hala ere diru uskaria. Zer deritzozu?
Imanol. Ba: asko irabazten dela, baina gehiago hondatu.
Kristobal. Eta nondik dator hondamendi hori?
Imanol. Nik ez dakit ba.....
Kristobal. Ba, diruzaina zeran ezkero, zu zara beste inork baino hobeto jakin behar duzuna.
Imanol. (Musu ilunaz.) Beraz zerbait susmatzen al duzu nitaz?
Kristobal. Susmatu..... ez dakit ba nik!..... zu zarela bai burdinolako gora-behera guztien kontua garbi eraman behar duzuna.
Imanol. Bai, egia da: nire arazoa da hori. Baina, ez didazu ukatuko nik ahalegin guztiak egiten ditudala ahal denik ondoen eramateko; eta hau egia den hala ez, aurrean duzun «banaketak» erakusten dizu.
Kristobal. Nor izan liteke bada errudun?
Imanol. Ezkutuz dabilen gaiztagileren bat.
Kristobal. Eta zuk ez al duzu inoren susmorik?
Imanol. Susmoa.... Agerbiderik ez dut, baina... zerbait...
Kristobal. Nortaz?
Imanol. Dakizun bezala, zure semea da hemengo gora-behera guztien berri ondoen dakiena: eta... nik, inoiz aditu dut, Sabinek esana dela, bera etxetik kanpora ateratzeak izango duela noizbait ordainpena.
Kristobal. Egia al da hori?
Imanol. Nik hala aditu dut.
Kristobal. Nola izan liteke baina? Egunero entzuten dut nire semea bezalako gizonik ez dela: bere aitaganako maitasuna handia dela, herri guztiak maite duela; Eta nire ondora ekarri behar nukeela!; eta orain, zuk, hori diozu?
Imanol. Nik ere, entzun dudana. Badira, bai, asko, zure semea goratu nahi dutenak, baina ez guztiak.
Kristobal. Gainera, dakizun bezala, nire semea ez da sartu etxe honetan ezkonduz gero, ezta sartuko ere!, eta nola izan liteke zuk diozuna?
Imanol. Etxean sartu beharrik ez da. Izango du adiskideren bat ola-gizonen artean.
Kristobal. (Tamal.) Orduan zure ustez, nire semea izango da!
Imanol. Esan dizut, ez dudala agerbiderik: baina, nire ustez, bere erruz izango dela: bada, Txantonek ere esan zidan, Sabinek min handia hartu zuela zuk etxetik ateratzeaz, eta ez dela geldituko etxe guztia hondatu arte.
Kristobal. Horrela ote da ba!
Imanol. Hartu, badaezpada, oharpenak, eta zaindu.
Kristobal. Nire semeak ausarkeri hori! Ez naiz ba ni ere geldituko bazter guztiak aztertu gabe, eta nire hondamendiaren errudun zein den jakin gabe.
Imanol. Ondo egingo duzu: nik ere ahaleginak egingo ditut.
Kristobal. Banoa. (Jaikitzen da.) Eta zuk bitartean, azterkatu ahal denik ondoen kontu horiek.
Imanol. Hala egingo dut.
Kristobal. Gero arte. (Joaten da.)
Imanol. Agur. (Kristobal joan eta gero.) Kontuak azterkatu! Ez daukate azterkatu behar handirik. Ongi ikusiak dauzkat.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |