 |
|
 |
 |
BOSGARREN AGERRALDIA
Lehengoak eta Margari.
|
Margari. Etorri al da Imanol?
Pantxike. Bai, hemen duzu.
Margari. Sikiera ere. Jesus! Por si acaso etorri naiz amak doņa Kontxitarekin hitz egiten duen bitartean.
Pantxike. (Nik esan dudana.) (Joaten da Pantxike.)
Margari. (Imanoli.) Berandu etorri aiz!
Imanol. Gutxi gora-behera, beti bezala, zer nahi den?.
Margari. Ziertamente; bigarren aldiz natorrek. (Atzera begiratuaz.) Joan duk? Tira, bizkor-bizkor emadak behar dudana.
Imanol. Alperrik habil: diru-kutxa huts-hutsik aurkitzen dun.
Margari. Ba, atera Bankutik Kristobalen izenean, eta ahal dugunean bihurtuko dizkiagu.
Imanol. Ni beldur naun gehiago ateratzen.
Margari. Beldur e! niretzat delako?
Imanol. Isilik hago!
Margari. Ez duk izaten beldurrik, hik behar duanean!..... Lelo!.....
Imanol. Bai! eta..... gero agertzen baditun gure egikerak?
Margari. Ze agertu eta ze berriketa!..... Badakik, ni behar-beharrean aurkitzen naizena.... eta sin falta eman behar didak!
Imanol. Eta nola antolatuko gaitun?
Margari. Nola?..... errez-errez. Idatz ezak bost-mila pezetako diru-aterabide bat, eta nik aterako diat Bankutik.
Imanol. Bai, zera! lehengoan bat eta orain beste bat!
Margari. Lehengoan hiretzat eta orain niretzat!..... eta..... bat egin duenak bigarrena ere egin lezakek.
Imanol. Orain ez den aldi ona.
Margari. Ba, hik nahi ez baduk nik egingo diat. Jo ezak zigiluarekin paper hau. Bestela, neronek egingo diat. (Hartzen du ikurratza.) (Etortzen da Pantxike.)
Pantxike. (Sartuaz.) Imanol. (Margari eta Imanol oso ikaraturik.) Mesedez.....
Imanol. (Erdi-haserre.) Zer nahi duzu?
Pantxike. (Ingurrazti (koaderno) batekin.) Ez da ezer gizona!: ez haserretu! Galdera bat egitera nentorren: baina, aldi ona ez bada, banoa. (Bira-emanaz.)
Imanol. Zer nahi zenuen?
Pantxike. Hara..... hutsa. Nire hartu-emanak ezin azaldurik ari nintzen, eta zuri galdetzera.
Imanol. Ez dut orain astirik.
Pantxike. (Badakit nik ere.)
Margari. Gero jarriko dizu garbi-garbi.
Pantxike. Bai, bai!..... ez du orain beharrik. Gero arte. (joaten da.)
Imanol. (Amorruz.) A!..... Atso hori baino xauxun eta ia ximelagorik!.....
Margari. Ba, berak ez bazekik, zer egingo dik ba!
Pantxike. Jakin ez!..... Ez beraren hartu-emanak bakarrik, baita nireak eta hireak, etxekoak eta herri guztikoak eramateko lain ere bazekin horrek!
Margari. Ba..... ez kasurik egin: eta egin ezak berehala txeke hori.
Imanol. Azkenekoz izango dun gero! (Idazten du.)
Margari. Azkenekoz nahi lehenengoz..... Ekar ezak. (Artzen du papera.) Honekin ederki nagok. Bost mila!... Bapo!..... (Irri-parrez.) Hik ez duk begirik.
Imanol. Zer ba?
Margari. (Eskua erakutsiaz.) Ez duk ikusten sortija eder hau?
Imanol. Noiz erosi dun?
Margari. Oraintxe: hona etorri aurretik,
Imanol. Ba, ba!..... Horrela aurkituko haiz berriz ere diru gabe!
Margari. Bueno, bueno!..... Hemen gelditzen al haiz? (Laster joatea nahi du.)
Imanol. Ez; banoan ni ere: ia bazkaltzeko ordua dun eta. (Biltzen ditu idazti eta paperak eta deitzen dio Pantxikeri.) Pantxike!
Margari. Zertarako duk orain Pantxike?
Imanol. Banoala esateko.
Pantxike. Zer da?
Imanol. Bagoaz; eta..... esaiozu Kristobal jaunari zeregin askotxo daukatela, eta berandutxoago bihurtuko naizela.
Pantxike. Ondo da.
Margari. Adios, Pantxike.
Pantxike. Zoazte ondo. (Joaten dira Imanol eta Margari.)
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |