 |
|
 |
 |
SEIGARREN AGERRALDIA
Pantxike (bakarrik): gero diru-etxeko otsein bat.
|
Pantxike. Zuek bihurtu orduko zerbait agertuko dela uste dut..... Epaikaritzako behar diren argibide batzuk aldian ditut; eta orain ikusiko da zein den errudun eta zein den errugabea. (Joaten da urrutizkinera, eta bertatik hitz egingo du.) Urrutitzola.... Bost-hamar.... (Etxean izango ote da.) Pantxike... ondo eta zu?..... Ai, Sabin; gauza handiak ikusi ditut..... Margari etorri da Imanolgana, eta isilpean ibili naiz azterkatzen zer ote zebilen, ia harrapatu ditut..... Bai..... Bai, agertu da goizean esan dizudana..... Bai, zoaz eta harrapatuko duzu, edo beste bat bidali..... A! eta atzo esan nizuna egiteko ere gaur da aldirik egokiena..... Bai: zuk bidali ezazu hona..... Bai: kontuan egongo naiz..... Behar duguna da, zure aita ordu hartan etxean harrapatzea..... Nik hala uste dut..... Bai, hori da..... Bizkor ibili. Sabin: ea aitaren nahimena guganatzen dugun..... Bai, bai..... Bai..... Bai: Ezer ohartzen ez badizut, bidali Sabintxo..... Ondo da..... Bai; gero arte..... Bai; agur. (Uzten du urrutizkina.) Nire azterketak izango du emaitza. Baietz uste dut.... Epaikari ona izateko behar-beharrena da ernetasuna eta zolitasuna eta horretan ez dit irabaziko Imanolek. (Etortzen da otseina.)
Otsein. Baimenik bada?
Pantxike. Aurrera.
Otsein. (Ateratzen du diru ordainkia.) Kristobal jauna etxean al da?
Pantxike. Ez. Zer nahi duzu?
Otsein. Dirua jaso..... Hemen jartzen du zenbat.
Pantxike. Ba..... niri emanda berdin izango da. Datorrenean emango diot Kristobal jaunari.
Otsein. Ez: Paper hau ez da Kristobali dirua emateko: berak ordaindu behar du.
Pantxike. A! Orduan, zu ez zera etorri dirua emateko, eramateko baizik?
Otsein. Hala da. Eta hiru egun igaro baino lehen ordaindu behar du.
Pantxike. Eta zenbat dela esan duzu?
Otsein. Sei mila laurleko.
Pantxike. Sei mila!..... Ez gutxi ere!..... Ba, berak ikusiko du!
Otsein. Bai. Esango diozu, gero etorriko naizela.
Pantxike. Esango diot; ez du poz handirik hartuko baina.
Otsein. Gero arte. (Joaten da.)
Pantxike. Agur..... Hau biziera!..... Alde guztietatik korapiloz lotuta..... Baina ez! ez da izango luzaroko! Nonbaitetik leherraraziko diot!
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |