2. 09. Agerraldia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Garitaonandia Bitor »  Aitona eta biloba »  2. 09. Agerraldia

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA



Lehengoak eta Pantxike.
Pantxike. (Pozez.) Jauna; alaitu zaitez.

Kristobal. Egin al duzu zerbait?

Pantxike. Behar den guztia.

Kristobal. (Txomini) Joan zaitez orain, eta esaiok Bilbotar horri, ez naizela aurkitzen ezeren beharrean.

Txomin. Ondo da. (Joaten da.)

Pantxike. (Oraingoan behartu behar dut nire alde.)

Kristobal. Eta zuk zer egin duzu?

Pantxike. Hara: Jaungoikoagandikoa izan da! Apaiz jauna bilatu dut honantz zetorrela, eta esan dit: «Kaixo Pantxike: zuen etxera nindoan: Kristobal etxean al da?» — «Bai jauna; zerbait nahi al du? Nik egitekoa ba da.... » — «Bai esan dit; eta ondo datorkit zu bilatzea; bada, honantz nentorrela, esan didate berehala joateko Mendiaurrera. Pello gizajoa gaizkiagotu egin dela-eta »

Kristobal. Bai; atzo esan zuten gaizki aurkitzen zela.

Pantxike. Horra ba. Eta esan dit, hau ekartzeko zuri. (Idazti azal bat emanaz.) Sei mila laurleko direla, azalean jartzen duen bezala.

Kristobal. (Harrituta.) Baina zer dela-eta?

Pantxike. A!.... isilpekoa dela esan dit. Berari eman diotela zuri ekartzeko; baina isilpean; eta bere eginbeharra dela, agindu dioten bezala zuri ematea.

Kristobal. Sinistuko al dizut?

Pantxike. Ez sinistu nahi ez baduzu.....Eta zergatik ez duzu ba sinistu behar?

Kristobal. Nola nahi duzu ba..... zeinena den jakin gabe sei mila laurleko bidaltzea?

Pantxike. Ba, sinistu ezazu. Izan liteke..... zuri lehenago ostutako dirua ere, eta orain damututa, apaizari ematea, zuri ekartzeko. Hori, maiz gertatzen da. Barrengo arraren zirikadak izaren dira horiek.

Kristobal. Baliteke..... Dena dela, ondo datorkit, eta eskerrak bidali didanari: eta jarrai dezala lanean barrengo arrak.

Pantxike. Lehenbizi Jaungoikoari eskerrak eman behar dizkiogu.

Kristobal. Bai, hala da. Gaizki aurkitzen nintzen, eta zer egin ez nekiela: baina, ikusten dut ez direla guztiak bihotz-gabeak. Ezkerrak zuri ere, Pantxike, nireganako maitasun bizia agertu duzulako.

Pantxike. Dakizun bezala, atsegingarri da niretzat zu zorionez ikustea.

Kristobal. Aspaldi honetan ez dugu ba zoriontasun handirik izan.

Pantxike. Ba, aurrerakoan izateko, gaurtik hartu behar dugu bidea.

Kristobal. Eta zein bide da hori?

Pantxike. Ba..... etsaitasun eta gorrotoak alde batera utzi; eta elkarrenganako maitasunez bizi. (Bihotzez.) Ze gauza ederra! eta ze zoriontsua, senide guztiak bata bestearenganako maitasunez bizitzea!

Kristobal. Ulertzen dut zergatik diozun hori; baina..... alperrik ariko zara!

Pantxike. Ez al da egia, maitasun eta elkartasun gabe ez dela aurkitzen zoriontasunik?

Kristobal. Bai: egia izango da: baita, zoriontasun horren beharrean aurkitzen naizela ere: baina..... nik burua makurtu! ez!

Pantxike. Zuk ez duzu burua makurtu beharrik, lehengoak ahaztu baizik: eta..... igaroa igaro!.....

Kristobal. Baina zenbat bider esan dizut ez aipatzeko niri seme konturik?

Pantxike. (Hau lana!.....) Ba...... nire gogo eta nahikundeak, guztion onbidez dira.

Kristobal. Hala izango dira; eta eskertzen dizut: baina, ez dut nahi ezer horretaz: eta orain..... utz iezadazu bakean. Idazki bat egin behar dut.

Pantxike. Ondo da..... Ni bitartean, bateren bat etortzen bada ere, eratzera noa gela hau, hainbeste sartu-irtenaz nahaspilatu dute ia. (Gela eratzen hasten da. Gero leihotik begiratzen du eta hitz egiten du beretzat.) Ez da ageri oraindik!..... Badut igaropen beharra!..... Sabintxo datorrenean ikusiko da!. Zailduko ote da bilobatxoaren aurrean ere!..... Ez dut uste. Sabintxoren liraintasun eta laztantasunak bigunduko dio bihotza..... (Leihora begiratuaz.) Badator. (Abiatzen da aterantz.)

Kristobal. Idazki hau bota behar duzu bukatzen dudanean.

Pantxike. Bai, berehala. (Joaten da kalerako, atetik.)

Kristobal. (Bakarrik: idazkiari begira.) Nik uste dut, honenbesterekin nahikoa izango dela..... Edo bata edo bestea eroriko da, eta eman beharko du ordainpena..... (Gogoratuaz.) Ai! ez nintzen gogoratzen!..... (Jartzen da berriz idazten.)






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org