 |
|
 |
 |
|
IV
Artzain zoritsua
|
Artzain-mutil gazte bat, udaberriko goiz distiratsu baten, mendi bizkar orlegi eta loretsuan bere arditxoak zainduaz, alaiki eta gozaro aurkitzen zen. Une oroko abesti eta soinu jotzeaz erakusten zuen bere barrengo atsegin ugaria.
Halakoren batean urreratu zitzaion han inguruan ehizatzen zebilen laterri jaurlaria (1), eta onginahiz honela hitz egin zion:
— Alaitsu aurkitzen zaitut, gazte.
Artzainak, nori hitz egiten zion jakin gabe, erantzun zion:
— Bai, eta nola ez? Gure jaurlaria bera ere ez da ni baino aberatsagoa.
— Benetan? — zion harriturik jaurlariak — Jakin behar dut non dituzun aberaski horiek.
— Bai, bai. Hara; — jarraitu zion artzainak — ortzi urdin horretan agertzen zaigun eguzki distiratsuak jaurlari jaunarentzat bezain argi bidaltzen du niretzat ere. Mendi eta zelai, ibar eta soroak, bakoiztasun gabe ematen dizkigute urrin eta usain goxozko hostaila eta loreak. Nire esku eta besoak ez nituzke emango berrehun mila laurlekogatik, eta nire begiak erosteko ez dira aski jaurlariaren aberaski guztiak. Nahi dudan adina jaten dut, edan ere bai; zer jantzi badut, eta urtero lansaritzat ematen didate behar dudan adina diru. Gainera, Jaungoikoaren adiskide naiz. Ez al naiz bada jaurlaria bezain aberatsa?
Jaurlariak, irribarrez artzainari begiratuaz, eta nor zen jakinarazi ondoren, honela erantzun zion:
— Bai, artzain zoritsua: hizpidean hago. Hire jaurlariak ere horrela uste dik. Iraun diezaala urte askotan zorionezko alaitasun horrek.
|
Barrengo alaitasunez
Bizi den otseina
Jaurlari jauna baino
Aberatsagoa da.
(1) Laterri-jaurlaria=Enperadorea.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |