 |
|
 |
 |
|
XIV
Txoriak txapelpean
|
Mikel basetxe eder bateko seme-nagusia zen: lelotxoa bera. Egun batean, habi bateko txori gaztetxoak harrapatu zituen. Non eraman ez zekiela, txapelean sartu zituen, eta txapela txori eta guzti, buruan. Izango zuen kili-kilia buru aldian!
Etxerantz zihoala ezezagun batek, gurka bat eginaz, esan zion:
— Adi ezazu adiskide: norakoa da bide hau?
— Baina Mikelek txoriak zeuzkan ginbailean, (sombreroan) eta agurrari erantzuteko ginbaila kendu behar, eta... txoriak ihes egiteko bidean jarri baino lehen, oldoztu zuen bere artean: — Nik zer zeukaat zer ikusi ezezagun honetaz? — eta jaramonik egin gabe jarraitu zion bideari.
Ezezagunak harriturik, honela zion: — Hau zakarkeria! begiratu ere ez! Basatiak ote dira hemengo gizasemeak? — eta gehiago gabe utzi zion Mikeli.
Geroxeago, endore jaunaren ondotik igaro zen Mikel. Herritar guztiak zuten endore jauna agurtu beharra: baina Mikelek, ginbailean txoriak zituelako edo zakarra zelako, ez zion agurrik egin. Endore jaunak esan zion bere ondoren zetorren otseinari:
— Mutil horrek ginbaila buruari iraatzita al zeukak?
Joan zen otseina berehala Mikelgana, eta esan zion:
— Aizak Mikel: Endore jaunak ginbailpean zer daukan jakitea nahi dik, eta kendu ezak berehala.
— Ez zeukaat ezer, mutil... ileak bakarrik — zion Mikelek; eta ez zuen ginbaila erantzi nahi.
Baina otseinak Ez zeukan berriketako gogorik eta zapla! jo eta bota zion lurrera ginbail hori. Hura zen ikustekoa! Txoriak, barra-barra, pozkidaz hegazka!; Mikel haserre eta purrustaka: Endore, otsein eta inguruko guztiak irriz eta barrezka!
Handik aurrera «Mikel txori» deitzen zioten Mikeli: eta agur egiten ez zutenentzat esakunea sortu zen:
|
«Horrek txoriak ditu ginbailpean noski».
|
Iraatzita = erantsita (euskaraz.net-en oharra)
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |