Sagu erneak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Garitaonandia Bitor »  Ipuin laburrak umetxoentzat »  Sagu erneak

XV

Sagu erneak



Sagu gaixoentzat katua izan da beti etsairik gaiztoena. Gogaitu ziren katuaren eguneroko jarraitzea ikusiaz, eta bildu ziren guztiak beti itxita aurkitzen zen gela batean batzar bat egiteko. Berrogei eta zortzi aldiz katuaren atzapar-artetik ihes egindako sagu maltzur bat hautetsi zuten batzar-buru: «Gaztaki» zen bere izena. Nahi zuten guztiak txandaka hitz egin ondore, jaiki zen Gaztaki, eta honela hitz egin zuen: — Nire anaia eta lagunak: Hitz gehiegi egite duzue. Guri dagokiguna da alferrikako berriketari utzi eta erabaki zuzenak hartu.

— (Hori duk, Gaztaki! — zioten guztiak) — Bai, zuek baino hobeto ezagutzen dizkiat katuaren gogokizun gaiztoak. Gaur goizean berrogei eta zortzigarren aldiz aurkitu nauk gure etsaiaren atzapar artean; eta ez nikek nahi berriz arrisku horretan nire burua ikusterik. Horretarako, astiro oldoztu ondoren, asmatu diat bide zuzen eta egoki-egoki bat.

— (Guztiak txaloka: Gora Gaztaki!) — Bide egoki hori duk, katuari lepotik zintzilika txilin bat jartzea. Horrela sumatuko diagu urreratu baino lehen, eta izango diagu zuloan garaiz sartzeko astia. — Hori, hori! Bejondeiala! — zioten guziek.

Ekarri zituzten txilin zoli bat eta lokarri polit bat. Guztiak agertzen zuten beren alaitasun eta pozkida. Bat bakarrik, zahartxoa bera, aurkitzen zen oldozkor. Jaiki zen oldozketa ondoren, eta galdetu zuen benaz.

— Nor izango da katuari txilina jarriko diona?

Guziak isildu ziren bat-batean.

Gaztaki batzarburuak ere galdetu zuen:

— Ez al du inork azarkuntzarik? (1)

Ez zuen inork erantzuten.

— Katua lo aurkitzen den bitartean ere ez? — galdetu zuen berriz.

Baina berdin; guztiak, zahar eta gazteak, isil-isilik aurkitzen ziren.

Haserretu zen Gaztaki, eta jarraitu zuen esanez:

— Ba, alperrik bildu gara. Zoazte hemendik, katuaren erpekada goxoak ezagutzera.

Eta banaka-banaka, apal-apal eta atsekabez, joan ziren sagu gaixoak bakoitza bere zulora; eta hor dabiltza bazterrik bazter hanka jokoka, katuaren ingurutik itzurka.



(1) Azarkuntza = ausardia (euskaraz.net-en oharra)






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org