Txakurra ala txerria?


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Garitaonandia Bitor »  Ipuin laburrak umetxoentzat »  Txakurra ala txerria?

XIX

Txakurra ala txerria?



Altzako Kilimon kirten Donostiara txerri eder bat eraman beharrean aurkitzen zen. Baina, Santa Katalina zubia igarotzeko zerga gogortxoa ordaindu behar; eta horrek min handia ematen zion. Ez zuen lorik egin gau hartan: Zerga ordaindu gabe Donostiara nola sartuko ote zuen oldozten igaro zuen gau guztia. Asmatu zuen azkenerako, eta ederki asmatu ere.

Lehenbizi hil zuen txerria. Gero, heldu zion etxeko zakurrari, eta zorro batean sartuaz, badoa gure Kilimon zakurra bizkarrean duela.

Iritsi zen zerga etxe aurrera, eta zergari batek galdetu zion:

— Zere daramazu zorro horretan?

— Etxeko zakurra.

— Zakurra e? eta harategira beraz? Nik emango dizut zuri!

— Zakurra dela, gizona! Jauregi bateko baratze zaintzeko daramat.

— Ez diguzu sartuko ziri hori. Tira, tira, zabaldu zorroa berehala.

Zabaldu zuen Kilimonek, eta zalapartaka atera zen zakurra eta lasterka ihes egin zuen bere etxerantz.

Haserre handia irudikatuaz, honela zioen Kilimonek zergariari:

— Zakurra ala txerria izan da? Sinistuko al duzu orain? Zuek bezalako gezurtiak garela uste duzue? Arraio-pola!... Zoaz orain zakurra berriz harrapatu eta ekartzera!

Handiak esan ondoren, joan zen Kilimon bere etxera. Iritsi eta berehala zakurrari ondo esan eta arto zati bat eman ondoren, sartu zuen zorroan txerria eta bizkar gainean harturik abiatu zen Donostia alderantz.

Zerga etxera iritsi zenean aurpegi ilun eta begirakune zemaikor bat zuzenduaz, honela dio:

— Nahi al duzue berriz zakurra ikusi? Ez litzaizueke gaizki etorriko bere haginkada bat!

Eta zergariak barrez utzita sartu zen Kilimon Donostiara lasai eta pozez txerria bizkarrean zuela, zergariari iruzur-eginaz.








     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org