 |
|
 |
 |
Hirugarren Agerraldia
Lehengoak eta Sendagilea.
|
Sendagilea.- (Sartzen da. Joxepak atea irekiz.) Arratsalde on.
Karmele-Ixidor.- Arratsalde on. (Jaikitzen dira.)
Ines.- (Sendagileari.) Baita zuri ere.
Sendagilea.- Eta; zer dio aitak?
Ines.- Nire ustez, berdin xamar.
Sendagilea.- Ikus dezagun. (Karmele eta Ixidorri.) Zuen baimenaz.
Ixidor.- Zuregan duzu.
Ines.- (Karmele eta Ixidorri.) Berehala naiz zuekin.
Karmele.- Ongi da. (Joaten dira Sendagilea eta Ines.)
Ixidor.- Zer deritzozu?
Karmele.- Andere egoki eta itxurazkoa benetan.
Ixidor.- Horrela uste dut!
Karmele.- Gainera, alaba bakarra: eta bere dirutza eta ondasunak ez dira atzean uztekoak izango.
Ixidor.- (Axola eman gabe.) Poliki izan behar du; baina hori...
Karmele.- Ze poliki!... Asko, diotenez.
Ixidor.- Batere izan ez eta ere, nahikoa ondasun da bera.
Karmele.- Horratiokan!
Ixidor.- Bai, bai:... nire alde... (Itzultzen da Ines.)
Ines.- Asketsi.
Ixidor.- Nola aurkitzen da?
Ines.- Gutxi gorabehera berdin.
Karmele.- Banuen ezagutzeko gogoa, baina, ez da orain izango berarekin hitz egiteko garai egokia?
Ines.- Ez, anderea: eta... asketsi, bada sendagilearen agindua da.
Karmele.- Ongi da: Behar duguna, lehenbailehen sendatzea da.
Ines.- Jaungoikoak nahi dezala!
Ixidor.- Zuk sendagilearekin egon beharra izango duzu, eta ez dut eragozpenik jartzerik nahi. Bitartean, zeregintxo bat betetzera noa eta... gero itzuliko naiz. (Jaikitzen dira.)
Ines.- Nahi duzuenean.
Karmele.- Atsegin zait ezagutzea, eta agindu uste-onez.
Ines.- Berdin diotsut. Zuen agindupean naukazue.
Karmele.- Eskerrik asko.
Ixidor.- Gero arte, Ines; eta ea, itzultzean, aita hobeto aurkitzen dudan.
Ines.- Jainkoak nahi dezala.
Karmele.- Agur.
Ines.- Zoazte ongi. (Joaten dira Karmele eta Ixidor.) Mutil egoki eta eratsua da benetan Ixidor. (Isilaldia, oldozkor)... Nola aurkitu ote du aita sendagileak! (Joaten da gela aldera, baina sartu baino lehen agertzen da sendagilea.) Zer deritzozu?
Sendagilea.- Ez du aldaketarik egiten. Bihozkadak berdin aurkitzen dira, eta arriskutik ez da ateratzen. Kontuz ibili behar duzue higitzen denean, batez ere jaikitzean.
Ines.- Eta ongi aurkituko al da jaikita?
Sendagilea.- Bai, bai. Esertoki bigun eta eroso baten jarriz gero, hobeki aurkituko da, eta lasaiago hartuko du arnasa.
Ines.- Sendatuko ote da!
Sendagilea.- Hori... ez da erraz izango: bada bihotz horrek ez du indarrik; eta... gehiegi indarkatu, edo atsekaberen bar hartuz, ber-bertan gelditzeko arriskuan aurkitzen da.
Ines.- Gaixoa!
Sendagilea.- Bai, Ines, sendagileok egia esatera behartuak gaude, gauza guztiak behar den bezala eratzeko.
Ines.- Ulertzen dut zer esan nahi duzun.
Sendagilea.- Bai: eta egoki izango da, jaiki eta gero, berarekin batean aurkitzen zarenean, zerbait esatea.
Ines.- Bai Jauna, bai: ez nuke nahi nire erruz, eginbehar hori bete gabe uzterik.
Sendagilea.- Ondo egingo duzu. Eta orain banoa. Ilunabarrean itzuliko naiz, baina etorri beharra balitz deitu, nahi duzunean.
Ines.- Eskerrik asko.
Sendagilea.- Gero arte.
Ines.- Zoaz ondo. (Badoa sendagilea.)
Ines.- (Bakarrik: oldozkor, eserita.) Aita gaixoa!... Gaizki aurkitu izango du sendagileak!... Esango ote diot?... Atsekaberik hartuko ote du hori esanez!... Hau lana!... Atsekabea izango dela beretzat kaltegarriena! eta nola esango diot nik aitortzea egoki izango zaiola... atsekaberik eman gabe?... Ez da erraz!... bada, hori esanez, gaizkiago aurkitzen dela irudituko zaio. Baina, esan egin beharko!... Bere arima da lehenbizi... eta ez nuke nahi nire erruz gaiztokian betiko galdurik... minez eta oinazez nire aitatxoren gogoa aurkitzerik!... Ez Jauna, ez:... nire aitaren betiko zorion-ordez, poz pozik... bihotz-bihotzez eskaintzen dizut nire bizitza: eta Zugan nire ustea jarriz, banoa nire eginbeharra betetzera... Nola esango ote diot!...
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |