 |
|
 |
 |
Bigarren Agerraldia
Joxepa bakarrik, gero Ines.
|
Joxepa.- Zintzoro agertzen da mutil hori... Goragarri da bere gizabidea! Orain, bere aitak ze asmo hartzen duen ikusi behar! Nire ustez, izebak erru gehiago du, aitak baino. Ondo gogoratzen naiz bai, Imanol gaixoa hilzorian aurkitzen zenean, zer egin zuen emakume hark! Inesen ondasunetaz zerbait sumatu zuenean... kaixo mutil!... Hori ez da gizalegea!... (Oin hotsa sumatuaz.) Badator... (Ines, beltzez jantzita, apalki agertuko da: baina bere jatorrizko eredu eta gizabidea adieraziz.)
Ines.- (Sarturik). Hau mundua, Joxepa!
Joxepa.- Zer da ba?
Ines.- Deabrua beti ari da lanean nahaspila ondoren.
Joxepa.- Ez du beste zereginik; baina zu menpetzea nahi badu, izango ditu lanak.
Ines.- ... Ez dakit... ez dakit... Uste gutxien denean aurkitzen dira nahigabeak.
Joxepa.- Ixidor ikusi duzu, noski?
Ines.- Bai.
Joxepa.- Hemen izan da.
Ines.- Ba, hemendik zihoala kale bertan bat egin dugu!. Gelditu nau, eta hiru edo lau hitz egin baino lehen, ikusi gaitu bere aitak... Horra!... Ez dizut esan nahi nolako aurpegi iluna jarri digun!
Joxepa.- Bai, e?
Ines.- Bai, Joxepa: aurpegi iluna benetan. Ni izututa gelditu naiz, eta esan diot Ixidorri, horrelako atsekabeak eramatea baino nahiago dudala gure maitasun bideari utzi, eta bake-bakean bizitzea.
Joxepa.- Hori esango zenion bada! Eta, zer erantzun dizu?
Ines.- Ez estutzeko horregatik; eta jarraitzeko. Baina, badakizu, bere aitaren gogoz izan ezik, ez ditugu izango nahigabe eta atsekabeak baizik. Nola nahi duzu bada jarraitzea?
Joxepa.- Hala da, baina... nire ustez, Ixidor baietzean dagoen artean, zuk ez duzu atzera egin behar. Bada, zindoro jarraituz gero, gaur ez bada bihar, Ixidorrek limurtuko du noski bere aita.
Ines.- (Sinesgabe)... Baliteke!... Baina, ni ez naiz ahaleginduko. Berez eta bide zuzenez etortzen bada... ongi etorri; bestela aurrera gure lanean.
Joxepa.- Bai... bai... hala da. Baina, hain egoki aukeratu, eta, gero ezerezean gelditzea ere... tamalgarria da.
Ines.- Eta, zer egingo diogu ba?... Jaungoikoaren nahia izango da, ni behartsu aurkitzea: eta gertu nago egoera honetan jarraitzeko... zuk laguntzen badidazu.
Joxepa.- Nik bai; ni ez naiz aldenduko zuregandik. Baina, badakizu, bete-betean gabiltza janari eta beste behar-beharreko bizigarriak irabazteko: eta ogia geroago eta garestiago, babarrun eta patatak aparra bezala gorantz; etxe-errentak berriz, erruki gabe jaso eta jasotzen ari dira; eta... horrela beste gauza guztiak. Nola nahi duzu?
Ines.- Bai, horrela da; baina, guk ez dugu gauza handi beharrik bizitzeko. Lehenago ugaritasunean bizi izan arren, ohitu gara urritasunean ere. Zoriontasuna, Joxepa, gauzak datozkigun bezala hartuz aurkitzen da.
Joxepa.- Bai... zu bezalako on zale eta donetsua izanez gero.
Ines.- Donetsua izateko askoren beharrean aurkitzen naiz. (Deia). Ea nor den. (Joaten da Joxepa atera.)
Joxepa.- (Idazki bat eskuan dakarrela.) Idazkia zuretzat.
Ines.- (Jaikiaz) Zeinena ote da? (Izenpeari begiratuz.) E! Ixidorren aitarena? Ze ote dakar! (Irakurriaz.) «Ines jostunari.»
Joxepa.- Idazki-buru motza jarri du.
Ines.- (Irakurriz.) «Etorri nintzan herri honetara udate alai eta baketsua igarotzeko ustez: baina zure uzi eta ausarkeriak eragotzi behar didate». (Hizketan.) Ausarkeriak!... nire uzi eta ausarkeriak!... Hau ere entzun egin behar!... Jaungoiko maitea! (Irakurriz.) «Ikusi zaitut Kale-berrian nire semearekin hizketan; baina, alperrik zabiltza. Nire semea ez dago jostun gaixo batekin berdintzeko; batez ere, zure aitari buruz entzun ditudanak argitu arte» (Negarrez.) Zer esan nahi du nire aitari buruz? Nire aitak azken zintzo eta zuzena izan du! zeruan dago: eta zerbait esan beharra izanda ere, nik ez dut errurik.
Joxepa.- Ez, Ines, eta gizon horrek ez du zer esan beharrik ere.
Ines.- Esan dezala garbiro, zer entzun duen nire aitari buruz.
Joxepa.- (Zaleki.) Ez nekatu, Ines, eta jarraitu irakurtzen.
Ines.- Ez... ez dut nahi gehiago irakurtzerik ere!... Jarraitu zerorrek, nahi baduzu. (Idazkia emanez.)
Joxepa.- (Idazkiari begira)... Non zinan?... (Irakurriz) «alperrik zabiltza»... A! hemen da. «Utzi bada ausarkeri horiei, eta jakinarazi nire semeari, neronek beste bide bat hartu baino lehen». Arriagatar Erramun.
Ines.- (Jaikitzen da). Oraintxe bertan idatziko diot.
Joxepa.- Nori?
Ines.- Ixidorri.
Joxepa.- Ez duzu hori egin behar.
Ines.- Bai eta berehala. Ez dut atsekabe biderik behar. (Eseri eta jartzen da idazten.) (Isilaldia.)
Joxepa.- Zer jartzen diozu?
Ines.- Ba... ez al duzu irakurri zer dion idazkiak. (Jarraitzen du idazten.)
Joxepa.- (Hauxe da ba!... Badakit Ixidor nahigabetuko dela... Tamalgarri da!) (Inesi.) Nik ez nioke ukorik emango.
Ines.- (Idazten ari dela). Ez diot ezetzik ematen: baizik adierazi bakean uzteko, bere aita egoera horretan aurkitzen den artean.
Joxepa.- Nik uste dut... apaiz jaunari esatea izango litzatekeela egokiena. (Isilaldia.)
Ines.- (Idazkia amaituaz.) Nahikoa da honekin. (Sartzen du azalpean.)
Joxepa.- Zer jartzen diozu?
Ines.- Esan dizudana bakar-bakarrik.! (Idazkia emanez.) Bidaliko al diozu?
Joxepa.- Bai, bai, datorrena datorrela! (Abiatuaz.) Hemen naiz berehala. (Joaten da.)
Ines.- (Bakarrik.) Gorabehera asko ikusten da ludi honetan! Goitasun ondoren apaltasuna! onespen ondoren, narga eta erdeinuak!... Ludi atzipekorra benetan! Atseden, zorion, pozkida eta alaitasun iduriz, kezka, zorigaitz, atsekabe eta goibelaldiak daramazkigu... Mundu honetako biziera, ez da, ez, egiazko bizitza! beraz, ahal dezakegun gogo-atsedena, jaungoikozko legedi arauz bakar-bakarrik iritsi genezake, datorkigun zorian apalki jarraituz. (Oldozkor.)
Joxepa.- (Sartuta.) Bidali diot.
Ines.- Ongi da... (Gogo aldatuz.) Eta noiz hasi behar dugu lanean?
Joxepa.- Ekarri al duzu Andre Konstantziren soineko mihisea?
Ines.- Ene bada! ez eta gogoratu ere! Zortzietako joan behar nuen neurriak hartzera!
Joxepa.- Tira... ez du zeregin handirik eta etxean arki- tuko duzu oraindik.
Ines.- Baina hau burua!
Joxepa.- Ez naiz harritzen. Ixidorrekin kalean bat-egiteak ahaztarazi dizu.
Ines.- Baliteke... Ba, berehala joan behar dut. (Abiatzen da.)
Joxepa.- Bai, bai, bestela ez dugu lanik.
Ines.- Laster bihurtuko naiz. Gero arte.
Joxepa.- Bai.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |