 |
|
 |
 |
Hirugarren Agerraldia
Joxepa bakarrik, gero Apaiza.
|
Joxepa.- Hau ere bada ba!... «Usterik gutxienean, gurutzea atari aurrean». Esaera hau gertatu da gurekin... Bai, jakina: «Usteak alde erdia ustel». Baina zer egingo diogu ba!... datorkigun bezala hartu behar bada «bake txarra hobea da, gerra ona baino»... Ines gaixoa!... Hamaika neke eta samintasun eraman beharra badu! Aita bizi zenean, ez zen horrelakorik: mordoska agertzen ziran ezkongaiak bere ondoren. Baina egia esateko, ez dira guztiak berdinak: Ixidor orain ere, bere alde, zintzoro agertzen da, eta pozik aurkitzen ginen, baina... horrek ere kale egin behar digu.
Apaiza.- (Sartuaz). Agur Miren garbia!
Joxepa.- Erru gabe sortua!
Apaiza.- Zer da Joxepa?
Joxepa.- Hemen gaude... lan egiteko asmoz. Eta, berorrek zer darabil?
Apaiza.- Zuek ikustatuaz. Joan den asteko joskintzaren ordaina ekartzera.
Joxepa.- Ez naiz gogoratzen.
Apaiza.- Ba, elizako aldare zapiak.
Joxepa.- A!... hori hutsa da.
Apaiza.- Nik ematen dizudan saria ere ez da izango handia. Hamabost erreal.
Joxepa.- Nahikoa da, bai. Eser bedi.
Apaiza.- Non da Ines?
Joxepa.- Soineko bat egiteko neurria hartzera joan da: berehala etorriko da.
Apaiza.- Tira ba. (Eseriaz). Gainera, gertu behar didazue zerbait «Eusko-Janztegi»rako ere.
Joxepa.- Zer nahi du gertatzea?
Apaiza.- Hori, zuek hobeto jakingo duzue. Izan daitezela berogarriak.
Joxepa.- Baderitzo... harako... artilezko txamar batzuk umetxoentzat?
Apaiza.- Ederki asmatu duzu. Langile eta behartsuen ume gaixoak behar dute zerbait neguko haize hotz eta ekaitzak eramateko.
Joxepa.- Bai jauna, bai.
Apaiza.- Eta, langileak berak ere; ez al dute zerbait beharko?
Joxepa.- Nahi bada txartes, alkandora nahiz txamarra batzuk...
Apaiza.- Bai, ederki. Guztia beharrean aurkituko dira gaixoak, neguko hotz eta bustitzeari aurka egiteko.
Joxepa.- Ba, ahaleginduko gara pixka bat eta ondo egiten; onuratsu eta goragarria delako eginkizun hori.
Apaiza.- Bai, bai; badakit, zuek ahal denik ongien egingo dituzuela, eta... gehiegi irabazi gabe.
Joxepa.- Horretara behartuak gaude, txiroen alde izanez gero: bada, zenbat behartsu eta langile gaixo ikusten ditugu hotzikaraz, soineko gutxi eta erdi urratuak dituztelako!
Apaiza.- Bai; errukarri dira gaixoak.
Joxepa.- Aberatsak gehiago arduratu behar lukete eusko-janztegi horiei lagunduz.
Apaiza.- Bai, baina, askoz ere gehiago egiten dute harako... bitartekoak; ez behartsu ez aberats aurkitzen direnak. Egia esateko, badira banakak aberats artean ere. Lehengo egun batean, esan didatenez, berrogeita hamar alkandora sendo-sendo eta berogarriak bidali omen zituen Ondegitar Miren andereak.
Joxepa.- Ze ederki!
Apaiza.- Onuratsua eta behar-beharrekoa da eginkizun hori; batez ere aberats eta lasaitasunez bizi direnentzat.
Joxepa.- Bai, baina, goimaitasun gutxi dute bere bihotzetan. Behartsuak, berori bezalako jaun bihozdun beharrean aurkitzen dira, eta... (Itunduz.)... gu ere bai; batez ere garai honetan.
Apaiza.- Zerbait al duzue?
Joxepa.- Zerbait bakarrik? Bai, jauna, bai.
Apaiza.- Zer da ba?
Joxepa.- Ba... Ixidorrekin ezkontzeak ere, huts eman behar digula.
Apaiza.- Egia ote da!
Joxepa.- Hobe ez.
Apaiza.- Nola baina?
Joxepa.- Ba... aitak ez duela nahi... (Ines sumatuz). Badator bera.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |