 |
|
 |
 |
Seigarren Agerraldia
Ines bakarrik: gero Joxepa.
|
Ines.- Horrela agertzen den mutil zintzo bati, zer esango diot ba? Baietz esan behar. Egia esateko, ez da bere diruengatik. Berak esan duena diot nik ere: lagun egoki bat nahi dut: eta Ixidorrek zintzo eta egoki-egokia dirudi... Aitaren beldur naiz: gogor egiten badigu, ni ez naiz ausartuko esandako bideari jarraitzen... Nola taxutuko ote gara!... (Deitzen dio Joxepari, atea puska bat irekiz). Joxepa!... Joxepa!...
Joxepa.- (Barrendik). Banoa... (Ateratzen da). Bakarrik al zinan?
Ines.- Bai: oraintxe joan dira apaiz jauna eta Ixidor.
Joxepa.- Ixidor!... Hemen izan al da?
Ines.- Bai; hemen izan da, nire idazkiaz harriturik bere zintzotasuna erakustera.
Joxepa.- (Lehiatsu). Eta zer dio?
Ines.- Ez beldur izateko bere aitaren izaeragatik.
Joxepa.- Gertu dago beraz zurekin ezkontzeko.
Ines.- Bai; garbi eta zintzo erakutsi du bere maitasun eta nahia.
Joxepa.- (Erdi negarrez). Banekien... banekien... ez nuen ezbairik...
Ines.- Baina.. zer da hori?... negar?...
Joxepa.- ... Ezin dut...
Ines.- Nire ezkontzak izutzen zaitu?
Joxepa.- Ez: ongi da zu ezkontzea, batez ere Ixidorrekin.
Ines.- Niretzat ongi bada, zuretzat ere izango da.
Joxepa.- Bai... baina, hainbeste urte elkarrekin igaro eta...
Ines.- Zer?... Nire ezkontzak banatuko gaituala uste duzu?... Ez Joxepa, ez: zu nirekin izango zara, zuk nahi baduzu.
Joxepa.- Hori da nire gogo eta nahitasun guztia.
Ines.- Ba, ez izan ezbairik horretaz. Ni Ixidorrekin ezkontzen banaiz, zu nirekin izango zara: eta ez neskame, baizik lagun, ahizpa bat bezala.
Joxepa.- Ez; ez dut horrenbeste merezi.
Ines.- Bai eta gehiago ere... Ez litzateke behar!... Zuregatik, zuri eskerrak, ez nintzan gelditu bakartasun oso-osoan; eta beharturik nago, nire eskuan dudanean, zu ongi izateko al dudan guztia egitera.
Joxepa.- Eskerrik asko, Ines.
Ines.- Ez duzu eskerrik eman beharrik. Eta orain, gai oni utziz, gure egunerokoari jarraitu behar diogu.
Joxepa.- Bai: zeregin askotxo dugu, lan guztiak bukatu behar baditugu.
Ines.- Lehenbizi «Eusko-janztegi»rakoak egin behar dira.
Joxepa.- Ez dugu izango behar den beste oihal eta ehunik.
Ines.- Ekarri egin beharko duzu.
Joxepa.- Bai, dirua balego.
Ines.- Ez al duzu dirurik?
Joxepa.- Nola izango dugu ba, josketan irabazten duguna hartu orduko urte bete igarotzen da eta!
Ines.- Bai... urte bete edo...
Joxepa.- Den bezalaxe! Bihar izango dira bi hilabete «Jauregi-Berri»ko Kondesari soinekoa eraman niola: eta... badakizu... batean, ez dela etxean aurkitzen, bestean, gizonak eraman diola giltza, eta.. horrela, oraindik ordaindu gabe: eta horrek bezala egiten digute beste batzuek ere.
Ines.- Ba... berriz eskatu beharko.
Joxepa.- Oraintxe joango naiz; eta egia diotsut: ez nautela utziko diru gabe. Bestela, lapur egingo ditut, eta epaileari adieraziko diot.
Ines.- Bai zera!... ez zara ausartuko.
Joxepa.- Ikusiko da... Banoa.
Ines.- Zoaz ba, eta laster itzuli.
Joxepa.- Berehala. (Joaten da kalerako atetik).
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |