01. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  Artzain Pillipe »  01. Irudia

Ramon Illarramendi



LEHENENGO ZATIA



Egintza honetako iruditegiak aurkeztatzen du mendi aldeko kanpoak; ardi borda bat eskuin aldetik duela. Aldizka nabarituko dira ardi edo bildostxoen be...! (adiak) eta Pilliperen frausuletearen soinua. Hau burtina altxatu baino lehenago; altxatzerakoan hasten da Pillipe kantari.



LEHENENGO IRUDIA



Musika



Pasa ziraden bildots umilak
negu gogor eta elurteak,
udaberrian senti gerade
alaitasunez beteak;
larre beltz gorri lehen ziradenak
dira orain txit berdeak
eta ardiak esnez asetzen
beren ondoan umeak.

Eguzki epelean zeharki gozo
kanpo zabalean loreak,
txori alai eta kilkerren kantak
dira udako albisteak;
nolazpait ere behar ditugu
ahaztu negu-gau tristeak,
zer gauza ederrak eman zizkigun
zeruko Jaun eta jabeak.

Alaitzen gaitu udaberriak
munduko zahar eta gazteak,
gisa berean nahiz izan jaio
berriak diren umeak;
denentzat berdin jarri zituen
mundu honetako Egileak
artzain, marinel, aberats, pobre,
eta gainera erregeak.


Hizketa



PILLIPE Ote da inor munduan ni baino hobeto bizi denik? Herrian asko bezala, ez maiz aurkituagatik ardandegi, kafe eta beste gainerako munduak jendea bereganatzeko prestatzen dituen tokietan, ez naiz zirtzilkeria horietaz oroitu eta penaz behin ere egoten. Alai nire bizimoduz, kontentu nire suertearekin; eta lasai denbora ailegatzean, goiko Jaun zuzenari kontua emateko. Ni baino hobeto... ezta... errege bera ere! Zer bizimodu garbia iruditzen zaidan nik daramadana; ez da herriko etxe galgirotsu haietako egurats pozoitu hura hemen arnasten; haietan ke eta edari biziaren sumo gaiztoa bezala, hemen loretxo mila kolore eta sumo gozoratu ondoko egurats garbia. Txori goiztiar alaiak eta kilker kantariak dira hemengo musikariak, bildostxoen be...! berriz iruditzen zait direla, feria handietako mila oihu eta deiadar nahastu haiek; eta azkenerako, denborale gogorretako haize sumintia ere iruditzen zait erregeren jauregiko dama aberatsen haizegileena bezain ezti. Dena dut aurkitzen freskoa, ederra eta alaia; guztia osasuna; eta ni, non eta sokaz lotu eta eramaten ez nauten, hementxe biziko naiz nire bildostxoak lagun ditudala. (Hasten da frausuletea jotzen)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org