02. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  Artzain Pillipe »  02. Irudia

Ramon Illarramendi



BIGARREN IRUDIA



(Lehengoa eta Juli. Hau harriturik aurreratzen da poliki-poliki, belarrian eskua duela.)



JULI Hauxe da hemengo alaitasun eta edertasun zoragarria! nor ote da soinu polit horren jotzailea?

PILLIPE (Isildurik). Norbait dabil hemen, aingeru baten hitz eztitsua zirudien; nor ote da? (Altxatzen da eta ikustean gelditzen da isil eta geldi).

JULI (Aurreratuaz) Artzaintxoa, zu al zara arestiko soinu polit horren jotzailea?

PILLIPE (Lotsatua). Bai, andrea; ni naiz.

JULI Ederki... ederki... kontentu beraz zeure bizimoduz?

PILLIPE Ni, txit kontentu, andrea; eta berori?

JULI Ez dut nahi niri berorika hitz egitea; nahi dut, nik zuri bezala, zu; da jolasik ederrena gazteentzat.

PILLIPE Bai, baina berori...

JULI Begira, artzaintxoa; igartzen dizut zergatik erantzuten didazun horrela: ikusten nauzu mendirako moduan jantzia ez nagoela, baina apainkeriak ez du pertsonen izatea egiten. Egia da; ni erregeren alaba naiz, baina...

PILLIPE (Itzurika). A! erregeren alaba...!

JULI Ez ikaratu, ez; artzaintxoa.

PILLIPE Baina erregeren alaba, hemen?

JULI Bai, ni erregeren alaba, eta zu?

PILLIPE Ni... ni... ni... artzain Pillipe.

JULI Artzaintxoa, ez nazazula utz bakarrik, zatoz hona; biek goiko Jaun haren aurrerako berdin balio dugu-eta.

PILLIPE Bai baina zure aitak... edo berorren aitak...

JULI Nire aitak ez daki hemen naizenik; bada beldur hori utziaz, hitz egin lasai nik zuri bezala. Nola esan duzu zure izena?

PILLIPE Artzain Pillipe.

JULI Pillipe? Felipe izango zara.

PILLIPE Ez dakit baina, hemen artzain Pillipe deitzen didate.

JULI (Jendeari). Hau poztasuna nabaritzen dut bihotzean. Saiatu naiz nire bihotzeko argitasunaren bitartez pausoak emanaz nire amodioaren bila eta nork daki orain topatu dudana izango den? (Pilliperi begira). Hogeita hiru urte, eta izena honek bezala...!

PILLIPE Niregatik ari ote da?

JULI Ezin burutik kendu dut hau dela nik bilatzen dudana.

PILLIPE Zer mirabe txukuna den! erregeren alaba ez balitz... artzain Pilliperentzat.

JULI (Pilliperi). Mendian jaioa al zara?

PILLIPE Non jaioa naizen ez dakit, baina hamalau urte hauetan hemen bizi naiz.

JULI Eta lehenago?

PILLIPE Lehenago... lehenago... kaleko etxe batean, baina bederatzi urte nituela ekarri ninduten gau ilun batez mendi aldera, eta hemen utzi ninduten pausoa nora eman ez nekiela. Ondoren topatu ninduten oraingo nagusiek, eta geroztik hemen bizi naiz denei on eta inori gaitzik desiratu gabe.

JULI Urruti bizi al dira zure nagusiak?

PILLIPE Bai, aski urruti; gauden tokitik haien etxera urruti dago eta haien bihotzetik hona, askoz urrutiago.

JULI Ez zaituzte maite! gizajoa!

PILLIPE Gutxi oroitzen dira nitaz. (frausuleteagatik) Hauxe da bakarra erregalatu didate oraindik; baina halaz guztiaz ere, ez zait iruditzen munduan ni baino aberatsago inor denik.

JULI Hori da, Felipe; horrela pentsatzen dutenak ongiena bizi dira, eta ni ere zu bezalakoa izanik, fabore txiki bat eskatu behar dizut.

PILLIPE Egingo dizut bizia galdu behar badut ere.

JULI Eskerrik asko, Felipe; gutxiagorekin egingo litzateke.

PILLIPE Zer nahi duzu ba? (Jendeari) Ia maitea esan nion!

JULI Nahi nuke... (berak nahiko ote du) beti zure ondoan izatea.

PILLIPE (Larriturik) Nire ondoan? artzain triste baten ondoan erregeren alaba bat?

JULI Bai, Felipe, bai; zure ondoan!

PILLIPE (Bere artean) Ametsa edo egia da entzuten dudana?

JULI (Belarrira arrimatuaz) Asko maite zaitut!

PILLIPE (Dena zoratua hasten da, non dabilen ez dakiela). Oi zer... zer...! zer da hau? sabaian al nago lotan, edo non nago? hau izerdi hotza nire kopetan! eta hau lanbroa nire begietan! (esertzen da poliki-poliki).

JULI Esertzera doa! zer gertatzen ote zaio? okerren bat; lagundu diezaiodan. (Izerdia xukatuaz) Zer duzu, Felipe...? min?

PILLIPE (Hitz hauek denak egin behar ditu bakan) Non nago?

JULI Nire ondoan, Felipe; nire ondoan! Jesus! hau izerdia dauka gizajoak!

PILLIPE Zeinek... deitzen dit... Felipe.

JULI Nik, Juli zureak; ixo, Felipe, ixo.

PILLIPE Ez niri... izen itsusi hori... deitu; Pillipe naiz ni, artzain Pillipe.

JULI (Jendeari). Orain da denbora jakiteko nik behar dudana, (sartzen du eskua poliki-poliki Pilliperen kolkoan, eta ateratzen dio eskapulario bat Pillipe hizketan ari den artean).

PILLIPE Ume gaizo hori... nitaz gustatua dago; erregeren alaba dio eta nik... aurkitzen dut nire barrenean... behin ere... nabaritu ez den gauza; nola adieraz... nezake... nire barrengo... borroka hau? Honi deitzen ote diote... amodioa? (egoten da pixka bat isilik) Horra...! horra... (Julik gelditzen du eskua...) bere begiratu... alaiarekin...; badarama nire bihotza...!

JULI Gizajoa! hitz erotua zaude! (segitzen du eskapularioa ateratzen).

PILLIPE Maite nauela... esan dit; baina... nik askoz gehiago.

JULI (Eskapularioa atereaz). Eskuetan daukat nik nahi nuena (eskapularioari begira).

PILLIPE Baina ni, non nago? (altxatzen da poliki-poliki).

JULI O, Jaungoiko maitagarria! topatu dut zure bitartez nire falta, nire amodioa, nire bihotza... (indarrez) nire anaia! (besarkatzen du Pillipe eta egoten dira pixka bat isil eta geldirik) Jauna, eman iezadazu indarra nire ahotik atera dezadan gizajo horren ez jakina!

PILLIPE O! nork heltzen dit? zein dira hemen?

JULI Ni naiz, Pillipe, ni naiz.

PILLIPE Zein zara?

JULI Ni... ni... ni naiz... Jesus, hau ezin esana!

PILLIPE A bai, bai; erregeren alaba (ernatzen da) O! zer esan ote ditut?

JULI Zer zenuen, Pillipe?

PILLIPE Ez dakit, maitea; ez dakit nola esan zer nuen, eta zer dudan nire bihotz honetan.

JULI Maitea deitzen didazu! Jesus, hau lana!

PILLIPE O, barkatu, barkatu! (belaunikatzen da)

JULI Altxa zaitez; ni naiz zure aurrean belaunikaturik barkazioa eskatu behar dizudana (belaunikatuaz) ni naiz, zuri esan behar nizukeena gordetzen dudana, eta ni naiz, urte asko eta lanbide askoren buruan topatu dudana, galarazten ari naizena; bada Pillipe... barka iezadazu.

PILLIPE Baina zergatik? zer gertatzen zaizu?

JULI Zergatik... zergatik... zu zaren...

PILLIPE Artzain pobre bat, Juli ni, baina zu...

JULI Ni naiz... Juli... (ezin esan) ni naiz, beti eta beti zure ondoan izan nahi duena; bada fabore bat eskatu behar dizut.

PILLIPE Eskatu nahi duzuna.

JULI Nire barrengo ilunpe handi hau alaitu dadin, beharra aurkitzen dut beti zure ondoan izatea, eta horretarako, soineko gorrotatu hauen truke, ekarriko bazenitu beste zahar batzuk.

PILLIPE Bai eta horiek gabe ere; hemendik harri tirada bat dagoen baserrian asko maite naute, eta salto batean ekarriko dizkizut nahi baduzu; itxoin pixka bat.

JULI Bai, Pillipe, bai, itxoingo dut.

PILLIPE Banoa, Juli... baina hemen taloa eta...

JULI Hori da gutxiena.

PILLIPE Ez, Juli, hori... gehiena.

JULI Ez dit axolarik horrengatik; zu zara nire asealdia, eta zu nire osasuna; zu gabe... ez naiz inor ere.

PILLIPE Beraz, ekarriko ditut, Juli?

JULI Bai, Pillipe, ekar itzazu.

PILLIPE O! nire barrengo pozarekin, han orduko hemen naiz! (joaten da korrika).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org