 |
|
 |
 |
|
Ramon Illarramendi
(Juli bakarrik)
Hau lanbidea eman diot neure buruari; ikusten dut gerora eta gehiago maitatzen nauela gizajoak! Esango banio nire anaia dela, nork daki zer mira egingo liokeen hori jakiteak. Ez, komeni zait oraindik isilik gordetzea; lehendabizitik esan behar nion nire anaia dela, orduan ez zen ezer ere. (bordari begiratuaz) Hau diferentzia gure etxetik borda honetara; han dena urre, zilar eta tapiz baliotsuekin edertuak goiak, beheak, paretak eta gisa berean gauza denak; zerbitzari eta aginatzi urguilutsuen sartu-atera, erakustaileak beti nire inguruan, ni jakinduriaz apaintzeko; eta orain, borda honetan ardi eta bildotsen artean; baina halaz guztiaz ere; nahiago dut borda eta, nahiz lurruspe batean, nire anaiaren inguruan bizi, Aitaren jauregian anaia falta baino! Munduan eta pertsona bakoitzak sentitzen du amodio bat bakarra; eta nik ez ezagutuagatik zein zen, baizik nire zerbitzari maite baten esana besterik, ergai hartatik nire bihotza anaiaren amodioan menpean zegoen; ez da nire amodioa edertasunez, zintzotasunez, eta beste dohain askoz sentitua, da anaitasunezko amodioa. Pillipe da nire anaia aitortua eta egiazkoa, eta beragatik etorri naiz aitari itzuri eginaz; bada nire aitak esan nahi badu alaba bat baduela, esan beharko du baduela seme bat ere; biak edo inor ez. Betoz nahi duten kastiguak; baina nik herri guztiaren aurrean aitortuko zaitut! Zu, kontzientzia gabeko aita! (eskapularioagatik) Honek galtzen zaitu, eta zu, artzain leiala, honek jarraituko dizu merezi duzun ohorea!
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |