 |
|
 |
 |
|
Ramon Illarramendi
(Pillipe eta Juli)
PILLIPE (Azalduaz) Atera, Juli, gorde leku horretatik; joan zen; zatoz beldur gabe.
JULI (Atereaz) Ez ote da etorriko oraindik berriz?
PILLIPE Ez gintezke inola ere hemen izan; joan behar dugu hemendik bide puskatxo bat dagoen lurruspera, eta hantxe ahal den gordeenean bizi beharko dugu.
JULI Eta nolaz ihes egin duzu, Pillipe?
PILLIPE Ai, Juli, Juli; zuregatik zerbait egitekoan, niretzat ez da gauza zailik. Bordatik apartatzen nindoan bezala, nire bihotza zureganatzen zen, eta sentitu dut barrenean gauza bat, berotasun handi bat bezala; batean gelditu zait nire begien aurrean kolore bat (uste dut errabiarena zela) ikusten dudala, eta hasirik gatazka bizian gogoratzen naiz nola heldu didan lotu nauen gizon hark, baina amodioaren kontrako indarrik ez dago; bada astinaldi gogor batean, nabaritu dut neure burua libre dagoela eta inork biderik galarazten ez didala; orduan eman diot korrikari, zu jaso eta biok gorde gaitezen toki seguru batean.
JULI O, Pillipe, Pillipe! zeinen ona eta leiala zaren! egingo al zenuke zure arreba batengatik niregatik egin duzuna?
PILLIPE Zu zara, Juli, niretzat arreba.
JULI (Jendeari) Egia; Baleki gizajoak orain esan duen hori egikaritu behar zaiola! (geldi ezin egonez) Zergatik esaten ez diot nor garen elkarrekin? zoratua nago; ez dakit zer egin, edo esan, edo isildu oraindik. Ama Birjinak lagun diezadala, trantze honetan ondo atera nadin! (Nabaritzen dira tronpeta soinuak urrun samar) zer dira soinu horiek? O! jauregiko soldaduak nire bila, galdu gara, Pillipe; galdu gara; hemen datoz aberez gure bila; gorde zaitez, Pillipe!
PILLIPE Ez dago denborarik, Juli; bertan dira (nabaritzen dira tronpeta soinuak eta abereen golpeak).
JULI Ez ikaratu, Pillipe, joan lasai jauregira, nik (bularrean eskua jarriaz) hemen daukat zure salbazioa.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |