|
Ramon Illarramendi. Bateko Urrea
(Lehengoa eta Santi)
SANTI Hemen naiz, nagusia. Zer nahi zuen?
ON USABIYO Ba al dakizu zer daukadan buruan?
SANTI Bai, jauna.
ON USABIYO Bai? Nola dakizu zuk nire buruko berri?
SANTI Nola jakingo dut? Egunero berori orrazten ari naizela, ikusten baitiot bada, eta berorrek daukana da soil asko eta ile gutxi.
ON USABIYO Begira, Santi, ez nuen hori galdetu nahi; pentsatu dut gaur zu nire tokian jartzea.
SANTI Bazkaritan ala?
ON USABIYO Ez, hemen, gela honetan; eta norbait baserritar datorrenean zerbait galdetzera, paper handiak egin.
SANTI Eta ez datorrenean?
ON USABIYO Ez datorrenean... (burlaz) txikiagoak; gero liburu bat jira eta bestea jira, ibili batera eta bestera, jarri eta kendu maiz behakariak, izkiribatu paper punta batean zerbait eta...
SANTI Izkiribatzen ez dakit-eta, nola?
ON USABIYO Papera egin.
SANTI Handia edo txikia?
ON USABIYO (Ernegatua) Erdipurdikoa; baina...
SANTI Eta nagusia, behakariak eta, bizarra eta...
ON USABIYO Bai, gizona, bai; moldatuko zaitugu nolazpait ere, baina ez ahaztu gero esatea zenbat den kontua galdatzen dizunean.
SANTI Ez, jauna, ez.
ON USABIYO Baina, gizona, utz iezadazu bukatzen! Zer esan behar nizun azken horretan?
SANTI Ez ba nik jakin.
ON USABIYO (Oihuka) Ez ahazteko «zenbat» galdetzean, «hiru pezeta» esatea.
SANTI «Zenbat» galdetzean? Ondo da, jauna.
ON USABIYO (Jendeari) Zenbat...
SANTI Hiru, hiru pezeta.
ON USABIYO Berritsua ote zara ba!
SANTI (Hasten da zalaparta bizian liburuak azpikoz gainera jiratzen).
ON USABIYO Zenbat...
SANTI Hiru pezeta.
ON USABIYO Jolas egin behar dugun burugogor hauei zerbait buruan sartzeko. (erreparatuaz eta errietan) Baina, gizona, orain ez; esan dizut baserritarrak datozenean.
SANTI Ez naiz gaizki alferrik nekatu beraz, eta oraindik lanen erdirik ez nuen egin.
ON USABIYO (Bata eta behakariak kenduaz) Tori, jantz itzazu eta prestatu azkar, ni banoa.
SANTI Bihoa ondo, nagusia, baina bizarrik gabe...
ON USABIYO Emango zaizu (kentzen du bere bizar erakarria eta ematen dio) Erromanak lagunduko dizu moldatzen. (jendeari) Honelaxe baliatzen naiz ni nire isilkakoak egiteko, bada, gaur. (Santiri) Eta ez ahaztu gero hiru pezeta esatea.
SANTI Ez, jauna, ez.
ON USABIYO Ikusiko dugu (joaten da).
|