04. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  Bateko urrea »  04. Irudia

Ramon Illarramendi. Bateko Urrea



LAUGARREN IRUDIA



(Lehengoa eta Erromana)



ERROMANA (Sartuaz) Zer nahi zuen? a...! zu al zinen, Santi?

SANTI Hori galdera! ni nintzen. Zein izango naiz ba? ni?... Orain ez naiz ni, ez; ni naiz bai baina, ez naiz ni orain, zera... bai baina, ez behinik behin horra...

ERROMANA Baina, Santi, zer da erretolika hori guztia?

SANTI Esan nahi nizun nagusiak ni jarri nauela bere tokian, eta badakizu, orain ni...

ERROMANA Bai, bai.

SANTI Orain nahiko txanpona sortuko dugu.

ERROMANA Orduan, orain ez zara Santi.

SANTI Orduan Santi eta orain On Usabiyo.

ERROMANA Eta zer nahi zenuen niri deituta.

SANTI Zer nahiko nuen, nagusiari bezala ea erantzuten zenidan.

ERROMANA Beraz, alferrik etorri naiz?

SANTI Zaude; orain errietan eman behar dizut.

ERROMANA Niri? Zeinek? Santik niri errietan? ja, ja... ui!

SANTI Bai, nik; errespeta itzazu nire bata...

ERROMANA Bia, hirua, laua, bost...

SANTI Ixo eta lotsagabekeria gutxi nirekin.

ERROMANA Haizeak burua eraman dio.

SANTI Esan dizut....

ERROMANA Ez duzu esan; zer demontre?...

SANTI Arraiean muturduna, burutuko ote dugu honekin! Ekar itzazu berehalaxe guraizeak.

ERROMANA Zertako dituzu guraizeak?

SANTI Paperak egiteko.

ERROMANA (Eroarenak; sermoiren bat egin nahiko du) Berehala ekarriko ditut (abiatzen da eta berriz jiraturik) Ai... aizu, Santi; ez al diozu behin ere nagusiari entzun izan «eskerrak oroipengarritako altxatua daukadan bateko urreari, bestela ditudan txanponak ez nituen gaur izango».

SANTI Eta zer esan nahi duzu horrekin?

ERROMANA Zer esan nahiko dut; batan altxatua izango duela nagusiak zera... bost duroko urre koskorren bat eta...

SANTI Ostuko ote dugu ba?

ERROMANA Ez litzateke hori ostea, hori da hartzea; batetik, mutilzaharra delako, eta bestetik familiarik ez duelako; zertako du horrek dirua? Egia da, lehengoan bota zidan halako enbido txiki bat andregai kontuan baina...

SANTI Igarria nago bai aspaldikoan azaletik begiratzen dizula.

ERROMANA Baina alferrik.

SANTI Ekar iezazkidazu lehen esandakoak, tira.

ERROMANA Nondik?

SANTI Sudurretik... (Erromanak tiratzen dio sudurretik). Kanpaia dela uste al duzu nire sudurra?

ERROMANA Tiratzeko ez didazu esan?

SANTI Esan nahi nuen sudurretik eroriko ote zaizkidan behakariak.

ERROMANA Ganibetarekin kroska bat egin behar, Santi.

SANTI (Taia dela usteko du orain nire piperra). Norbait etorri baino lehenago, ekar iezazkidazu guraizeak, Erromana, eta bateko urrearen jabe egin gaitezen.

ERROMANA Egia! Ahaztu zitzaidan. (Joaten da)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org