10. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  Bateko urrea »  10. Irudia

Ramon Illarramendi. Bateko Urrea



HAMAR GARREN IRUDIA



(Lehengoak eta herriko sendakina)



SENDAKINA Egun on dizuela Jaungoikoak.

SANTI Oi! Zein da! begira iezaiozu nor den horri, Erromana.

ERROMANA (Jiratuaz erantzuten dio) Baita zuri ere.

SANTI Ez, niri ez; horri, horri.

ERROMANA Santi.

SANTI Zer da?

ERROMANA Justiziakoa izan behar du; horiek begiratuak!

SANTI Bai, e? (hau egoten da jendeari begira aldizka atzera begiratu nahian)

SENDAKINA Etxe honetan errezelo txarrak aurkitzen ditut txit.

SANTI Nik txarragoak, hitz egiteko modu horretan ra! ra! ra! zera dirudi, ezkurrean dabilen txe... ia esan nuen.

SENDAKINA Ez ditut seinale on-onak harrapatu eskailera horretan, baina etorri naizen bidez, nire garbitasunak egin behar ditut eskribau berria ezagutuaz.

SANTI (Bere artean) Bolada bateko tratua baduzu, adiskidea.

SENDAKINA (Erromanari Santirengatik) Hori izango da noski.

ERROMANA E? Jauna? Nola jauna? Hori den alegia?

SENDAKINA Alegia ez, eskribau esan dut.

ERROMANA A! eskribau, bai, bai, eskribau.

SENDAKINA Ez dakit, ez dakit, zer etxetakoa ote den hau.

ERROMANA (Isil antzean) Santi, zer esango diot? baietz?

SANTI Hau trantzea, baietz esan beharko, eta galdetzen badu ezer, esango diogu morroiarekin haserretu den baten gorritasunak direla.

ERROMANA Esango diot beraz baietz?

SANTI Ez dakit bada nik; bai, bai, esan.

ERROMANA Adi beza berori hori, hemen da.

SENDAKINA Hori hemen da, jun! baina zergatik ez du aurpegi ematen?

SANTI Ez baita nirea.

SENDAKINA (Arrimatuaz). Eskribau jauna.

SANTI (Ikaratua). Baita berori ere.

SENDAKINA Ez, ni sendakina, berori ezagutzera etorri naizena.

SANTI A! Berori ez da beraz... bai, bai, bai, (ez da justiziakoa) urte askoan, urte askoan.

SENDAKINA Eskerrik asko.

SANTI Ez dago zeri (ba! Hasi gara lehengo kantarekin)

SENDAKINA Alegratzen naiz ezagutzeaz.

SANTI (Nahastua) Bai, bai, eta etxetakoak ondo.

ERROMANA Horiek astakeriak!

SENDAKINA Ondo; hau emaztea izango du.

ERROMANA Bai, jauna.

SANTI Ez, jauna.

SENDAKINA «Bai, jauna» eta «ez, jauna»; nola erabaki liteke hau?

SANTI Nola esango diot; hara (sendakina bata eta besteari ezin entzunaz)

ERROMANA Bai, ba...

SANTI Ni ezkongaia naiz oraindik...

ERROMANA Bai, bai... eta laster nirekin ezkonduko da e... eta...

SANTI Justu eta nola galdetu baitu...

ERROMANA Bai, bai, berorrek...

SANTI Hau emaztea izango da?...

ERROMANA Galdetu baitio ba.

SANTI Hori da.

ERROMANA Eta hori zen oker guztia.

SENDAKINA Beraz laster ezkontzeko asmoetan... (hauek eroren batzuk dira).

ERROMANA Aurreratzen bagoaz poliki-poliki.

SENDAKINA Santa Ageda aldera.

ERROMANA Nire soldatatik aurreratzen dudan guztia horri ematen diot gordetzeko.

SANTI Dena...? Ez da hori egia.

ERROMANA Ez dela egia? Ez al dakizu hil honetako nire zortzi pezetak ere nola brilletan galdu dituzun.

SANTI Irabazi izan banu ez zenuen horrela esango.

SENDAKINA Ez da hau eskribauaren etxea ezik gutxiago ere; ijito etxea dirudi.

ERROMANA Honek egiten du, bada, nireak gastatu eta bererik aurreratu ez.

SANTI Nire soldatarekin ez duzu ikustekorik; eta zurearekin...

ERROMANA Nirearekin bai (segitzen dute bata bestearekin errietan baina isilik).

SANTI Harrapa ezan ba...

SENDAKINA Oraintxe iruditzen zait hau dena tranpa dela; eskribau dela eta nagusiaren soldatak aitatzen ditu; gainera mirabe honekin arrimatua ezkondu baino lehenago (begiratuaz) eta biak mokoka ari dira oilaskoak bezala; ez du inola ere gizon errespetukoaren antzik; ikusiko dugu nolaz moldatzen den nik ematen diodan eskrituraz, baldin igartzen badiot ez dakiela, justiziarengana joango naiz parte ematera, e... (paper bat atereaz) oilasko jauna! edo eskribau jauna!

SANTI Zer nahi du?

SENDAKINA Honoko paper honetako zikinkeriak garbitzea.

SANTI Erromana, hori zure lana da, garbi ezazu harraskan xaboi eta ur pixka batekin.

SENDAKINA Zer xaboi eta zer ur (haserre).

SANTI Garbitzeko ez du esan?

SENDAKINA (Ernegatua) Esan dut eskribau izateko asko falta duzula eta txulioko gogoak nik kenduko dizkizudala.

SANTI Baina, gizona.

SENDAKINA Ez dago hemen gizonik.

SANTI A! mutilzaharra al zen?

SENDAKINA Zera naiz, matraka, gogoak eman dit sartu orduko ez dela hau eskribau etxe; noa azkar alkatearengana parte ematera (joaten da).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org