|
Ramon Illarramendi. Bateko Urrea
(Santi eta Erromana)
SANTI Sendakina dela ez du itxura handirik; ni eskribau bezala izango da hori sendakin; badirudi eztarrian barrika ardo bat dabilkiola bueltaka.
ERROMANA Zenbateko zurrunga egiten ote du horrek lo dagoenean? Hori zakarra!
SANTI Noizbait ere gelditu behar genuen bakarrik, bateko urrea hartzeko.
ERROMANA Gabiltzan ba.
SANTI Dantzan ala?
ERROMANA Ez, gizona; gabiltzan agudo inor etorri baino lehenago.
SANTI (Miatuaz) Patrika honetan ez da behinik behin (bestea ikusiaz) hemen ere ez, besterik ote du?
ERROMANA Gure aitona defuntuak barrengo patriketan ibiltzen zituen horrelako gauzak.
SANTI Eta hil al zen?
ERROMANA Ez.
SANTI Ez al zen hil?
ERROMANA Ez, behi gaizto batek hil zuen.
SANTI Baina, baina, barrengo patrika, nolatan erregistratuko ote dugu ba?
ERROMANA Hori ere hala da.
SANTI A! nire jakinduriarako gauza zailik aurkitzen ez da, eta horretako ere bilatu dut erremedioa.
ERROMANA Bai? Ea nola.
SANTI Nik altxatuko dut bata buruz gainera e... eta zuk atera orduan bateko urrea.
ERROMANA Hori da.
SANTI (Altxatuaz) Ezer ikusten al duzu?
ERROMANA Bai, zure galtzipurdiko petatxua.
SANTI Patrikarik ez?
ERROMANA Ez; baina zaude pixka bat horrela, berehala topatuko dut. (Hau gogakaia etorri zait burura! eta egin behar diot pixka bat txuliatzeko. Soka bat baneuka, a!) (lepoko musuzapia kenduaz) Kontuko diot nik batari zu nekatu gabe, aditu?
SANTI Bai, bai.
ERROMANA (Lotzen dio bata eta gero algaraz) Hori itxura jarri diot! Porrua dirudi. Orain zigor batekin dantzarazi egin behar dut. Ja! ja! ja!
|