|
Ramon Illarramendi. Bateko Urrea
(Lehengoa eta On Usabiyo)
ON USABIYO Zer dira deiadar horiek? (harriturik) Zer da hor?
SANTI O! nagusia! nagusia! (inguratuaz eta On Usabiyo itzurika hanka zainetan makilarekin joaz).
ON USABIYO Alde, alde hemendik.
SANTI (Saltoka). Oi! oi! oi! ia ito naizela, libratu, libratu.
ON USABIYO Dantza, dantza (jotzen du).
SANTI Nagusia! berori ez da, bada, gizon gaiztoa; behin ere umeari eskurik jatxi gabea!
ON USABIYO Baina bai makila (jotzen du).
SANTI Nagusia, jo beza mahaia, haserre dagoenean bezala, ni ikaratzeko; baina ni ez jo.
ON USABIYO Txantxetan ari naiz.
SANTI Has bedi, bada, zinetan.
ON USABIYO Bai eta berehala (jotzen du gehiago)
SANTI (Antsia tristez) Oi! oi!... besterik ez bada ere galtzerdiengatik, nagusia! hautsiko dizkit eta besterik ez dut!
ON USABIYO Ongi da gaurko, aski da, orain nolaz zauden horrela behar dut jakin.
SANTI Ia ito naizela!
ON USABIYO Igeri ez al dakizu?
SANTI Bai jauna, iaioa naiz oso urpera joaten, baina urrikaldu bedi nitaz.
ON USABIYO Oraintxe noa (askatzen du),
SANTI Buf...! (Igeritan bezala iruditegiaren jiran), buf...! a a a!
ON USABIYO Igeri al zabiltza, gizona?
SANTI Ez, haizea biltzen arnasa hartzeko.
ON USABIYO Hauspoa nahi al duzu ekartzea?
SANTI Bai, baina Martinen sutegian, buf, haaau... gosea, nagusia! berori opila balitz.
ON USABIYO Geldi zaitez, gizona, geldi zaitez.
SANTI Horra ba, gelditu (gelditzen da).
ON USABIYO Ekarzu bata, bizarra eta behakariak. (jendeari) Zer ibili ote da gaur hau etxe honetan?
SANTI Bai, jauna, bai; berehala (erantziaz ematen dizkio).
ON USABIYO Zer da eskaileretako gorritasun hori?
SANTI Gorritasun hori, nagusia... gorritasun hori... ezin liteke, ezin liteke.
ON USABIYO Ezin litekeela, zatoz nirekin, ikusiko duzu.
SANTI Baina, nagusia, badirudi berorren ernetasunak nire burura sartu direla; ez al daki gorritasun horirik ez dela, gorritasuna gorri, eta horitasuna hori. (Kentzen du bizarra eta hartzen dio On Usabiyok eskutik).
ON USABIYO Ez daukazu ilea hartzeko gogo txarra.
SANTI Nik ilea hartzeko, baina berorrek bizarretarainoko guztia hartzen dit.
ON USABIYO (bata eta bizarra jantziaz). Zer egin duzu kanpoan nintzen artean?
SANTI Ez dut ezer egin (jendeari). Horra, orain bateko urrea... kale.
ON USABIYO Ez al da inor izan?
SANTI Bai, jauna; izan dira bi, bat baserritarra eta bestea herriko sendakina dela esan du; eskritura baten bitartez berori ezagutzera etorri dela eta...
ON USABIYO Eta joan al zen?
SANTI Bai, baina ez bedi estutu; justiziako batekin etorriko dela esanaz joan da.
ON USABIYO Justiziakoarekin? Zer zuen bada?
SANTI Ez dakit, baina hizketa haserrea behinik behin.
ON USABIYO Ongi da, ongi da; zoaz, zoaz orain zeure lanera eta utz nazazu bakarrik nire kontutxoak moldatzen.
SANTI (Jendeari). Nik irabaziek behinik behin moldatu beharrik ez dute, (joaten da).
|