|
Ramon Illarramendi
(Egintza honetarako, iruditegiak aurkeztatu behar du herriko plaza danbolina eta jendearekin, hauek dantzan, Mañuel eta Doote izkina batean hizketan; gelditzen da soinua.)
Prudentxi: (Arrimatuaz) Doote... ez al dun gaur dantzatu behar?
Doote: Ez neska; gogoa behar din dantzarako
Prudentxi: Zergatik ba?
Doote: Ez dakin Mañuel gaur soldadu doala?
Prudentxi: Horregatik dantzatu behar din bada, azkeneko eguna duelako.
Doote: Azkeneko eguna?... Prudentxi... ez dut uste.
Prudentxi: Esan nahi nuen azkeneko eguna soldadu bitartean.
Mañuel: Oraindik ikusi behar nauzue (besoan zeinua eginaz) hemen urreko galoiak dizdiz ederra eginaz; joan orduko egingo naiz gutxienez arrantxeroetako kozinero.
Prudentxi: (Algaraz) Ja!... ja!... ja!... Nahi bai!, ni bikarioaren madre de giltzas bezala.
Doote: Hau Prudentxi! Hau Prudentxi! Beti gaitakoa!
Prudentxi: Zer egingo dun bada, neska? Ni ere hementxe nagon nire gizon-gaia sarjentu egin arte; aspaldian hura ere hartan zagon; baina haren bibote beltz-gorri haiek oraintxe aspertu naiten.
Doote: Ez daukan nahitasun handirik karabinero gizajoarentzat.
Prudentxi: Hara Doote, egia esaten dinat; gehien-gehiena harekin hitz egiten dinat erdaraz jolasteagatik, asko gustatzen zaidan.
Doote: Honezkero, beraz, ederki ikasi dun.
Prudentxi: Berak baino gehiago zekinat, hobe liken Mañuelek nire hogeitatik bat baleki; ez litizken hartu behar dituen bizkarrekoak hartuko.
Mañuel: Zuk ere, Prudentxi, hartuko zenituen beraz?
Doote: Mañuel... horiek aurretik balakatu, eta ondoren fartsak bilatzen dituzte; ederki nabaritzen ditut gure goiko señor Fernández eta bere emaztea.
Prudentxi: Dena dela; ni behinik behin izango naun, hi sekula izango ez haizena.
Doote: Zer izango haiz bada?
Prudentxi: Sarjentuaren emaztea jakina dun, bada, zer izango den.
Doote: Zer dun bada? Sarjenta?
Mañuel: Bai, eta senarra kola.
Doote: Orain (jotzeko zeinua eginaz) egurra falta; neska, utz iezagun bakean, eta joan hadi Jaungoikoaren grazian.
Prudentxi: Banoan, bada, irradako bat egitera.
Mañuel: Hori neska! Zer da hori?
Doote: Beti alai; beti pozez (segitzen dute isilik hizketan).
Prudentxi: (Antonio soinu jotzaileari) Tira, tira, alferrak! Ordua da eta kalejira egin dezagun.
Antonio: Zaude, basoerdia hustu artean.
Prudentxi: Osoa izan bazen, bihar goiz artekoa bazenuen.
Emakume bat: Bai, zalea dun eta, gutxi edaten.
Beste bat: Gutxienez hiru baditu.
Tabernaria: Hitz horiek poliki, e, Prudentxi!
Prudentxi: Barkatu Mikela (lagunari). Horiek protestanteak ditun, bataiorik ez diten entzun nahi. (Antoniori) Tira, tira, Antonio, hasi agudo (jendea batak besteari esku emanaz eta Antonio jotzen hasten da, jendea ujuka); Eufa! eufa! hau sasoia, mutilak! (besteak irrintzika eta saltoka joaten dira).
|