05. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  Josepe albaiteroa »  05. Irudia

Ramon Illarramendi





Bosgarren Irudia




(Alde batetik alkatea, botikaria eta erretorea, bestetik kintoak binaka herriko artezkaria aurretik dutela. Mañuel eta Krispiñ beti harrokerian, besteak umilkiro, bat negarrez; eta herriko jendea ere aurkitzen da plazan).



Oharpelaria: Eup! eup! eup! eup! Ikasi mutilak! Altoooo!

Mañuel: Ez, ez; aurreraino, neskatxetaraino goazen.

Oharpelaria: Alto! alto! niri obeditu behar didazue. Donostiara bitartean nire mendean aurkitzen zarete.

(Krispiñ irrintzika eta Mañuel dantzako zeinuak egiten hankak gutxi mugiturik eta beste bat musuzapiarekin malkoak idortzen)

Mañuel: Oharpelaria: eta karrakala noiz dugu?

Oharpelaria: Berehala. Alkate jaunak eta erretore jaunak hitz batzuk egin behar dizkizuete; ondoren karrakala (hasten da ilaran ondo jartzen).

Mañuel: Aizak hi, Krispiñ, harrapa ezak hau. (Oharpelariarengatik) Ez duk horrelako pultsularirik, ez, inguru hauetan.

Krispiñ: Horren gogorra...

Mañuel: Ez duk ikusi? Alkate jauna, erretore jauna eta denak jaunak ditik honek; ikusiko duk, ikusiko duk gu etortzerako alkatea haizeak hartzera bidaliko ditek. Potoak aginduta, eta nahi duk ez duela orain bezala orduan alkateari deitzen «On Toribio»? Orduan deituko ziok Toribio, eta ba al dakik zer egingo niokeen orduan?

Krispiñ: Zer?

Mañuel: (Buruari hatz eginaz ezin asmaturik) Nola esaten du bada sakristauak hi?... a!... TORIBIO SAKA la mingañ.

Oharpelaria: Hara, hara! Alkate jauna eta erretore jauna heldu dira guregana.

Mañuel: Ea hi: jaun asko eta txanpon gutxi: ea mutilak, estakaren gisa zuzen-zuzen; has gaitezen ikasten.

Alkatea: Mutilak!

Mañuel: E! e! e! Erdaraz, erdaraz.

Alkatea: Zertarako duk hik erdaraz, tutik ez dakik-eta.

Mañuel: Aditu al duk, Krispiñ? Tutik ez omen zakiat erdaraz. Hobe likek nik hainbat baleki.

Alkatea: Mutilak: badakizue nora zoazten; beti kontuan ibili behar duzue errespetua zeuen nagusiari; ez zarete hemen probestuekin bezala libratuko, han gogorkiro hartuko zaituztete, beragatik bada, mutilak, kontu handia eduki dezazuen jakinaren gainean jartzen zaituztet.

Mañuel: E! e! Oharpelari jauna (diruaren zeinua eginaz) ez gero ahaztu; papera egin hemen.

Erretorea: Neure kristau maiteak: bazoazte gizajoak zeuen gurasoak eta senideak etxean malkoz beteak utzirik, erregearen zerbitzura; eduki ezazue, bada, beti Jaungoikoagan fedea; ez ahaztu behin ere gau-egunetan zeuen orazioetan; berak lagunduko dizue beti. Zuek zoazte, neure kristauak, blasfemia ikaragarriak bat ez bezala esaten diren tokira; ez nuke nahiko, gazteak, handik etorri ondoren haien kutsu nazkagarri hori zuei nabaritzea, uste dut aski juizio izango duzuela. Bada, mutilak, ea orain zoazten bezain jatorrak etortzen zareten. Banoa, bada, gazteak, elizara, zuen onagatik erregutzera eta agur, ikusi arte.

Denak: Agur, erretore jauna (joaten da).

Mañuel: Eta... koartoak?

Oharpelaria: Orain emango dizuet pezeta bina. Hori eman dit alkate jaunak zuentzat.

Mañuel: Hi, Krispiñ, lehendabiziko egunetik bina pezeta; bi urte igaroz gero zenbat izango ote dugu... eta, Oharpelari jauna, ilusio ez al dugu egingo hemen, jendearen aurrean.

Oharpelaria: Nahi duzuen bezala; ni tropan, orain zuek zoazten bezala, izana naiz. Nahi baduzue, egingo dugu saiotxo bat, berdin trenerako nahiko denbora badugu.

Mañuel: Ni jarriko naiz buru, berdin han ere hala izan behar dut eta (Oharpelariari) berorrek erakutsi zer egin. Zer iruditzen zaio, alkate jauna?

Alkatea: Ondo da, ondo da.

Mañuel: Esaiok ba, Krispiñ, hik ere zerbait botikariari.

Krispiñ: ¿Qué te faese, boticario? (Honek barre egiten dio).

Mañuel: Ingelesez esan al diok, motell? Ez ziok igarri zer esan dioan.

Krispiñ: Ez; igarri gabe barre egin dik.

Mañuel: Tira, mutilak, jarri ondo binaka.

Oharpelaria: Mañuel; lehendabizi errebista, hau da, beraren aurrean miratuaz, eman jira bat edo beste.

Mañuel: (Abiatzen da eta negarrez dagoenari isil antzean) Aizak hi, bi pezeta horietatik bat eman behar didak, bestela masaileko guztiak hiretzat dituk.

Bera: To biak (marruz)

Oharpelaria: E! e!... zer da, zer da hor?

Mañuel: Bizia hago. (Oharpelariari) Kontu egiteko eman dit, inork ostu ez diezaion.

Oharpelaria: Orain, lehendabizi esan behar duk... «Batallón firme».

Mañuel: «Bakallo... prime», honela?

Oharpelaria: Hago isilik eta har itzak buruan.

Mañuel: Bizkarrean ez al da igual? (patrikako sosari pasarekin soinua eraginaz).

Oharpelaria: Ondoren... «En su lugar descanso» (esaten ditu bizi samar) gero... «Media vuelta a la derecha»... «presenten armas» zerbait horrela dituk, orain ez nauk ondo gogoratzen baina zuentzat ondo zoak, nahikoa baduk. (Besteari) Orain zuei (Hasten da Mañuel zortzikoaren zeinuak egiten eta Krispiñ ere bai) Krispiñ, hago geldirik.

Krispiñ: Mañuelek kuerdala ematen dit (begiratzen dio honi eta batean gelditzen da).

Oharpelaria: (Mutilei) «Batallón firme» esatean (eginaz) hau egin behar duzue (bitarte guztian Mañuel eta Krispiñ ari dira Oharpelariak bezala egin nahian, baina egiten dute gaizki) «En su lugar descanso» esatean, berriz, honela... eta «media vuelta a la derecha» esatean, honela. Jarri beraz, mutilak, eta Mañuelek hots egingo dizue.

Mañuel: (Oharpelariari) Lehendabizikoa nola da?

Oharpelaria: (Bizi samar) «Batallón firme». Agudo ahaztu zaik, motell!

Mañuel: (Oihuka) «Bakallo... prime» (mutilak, nola egin ez dakitela) eta bigarrena?

Oharpelaria: (Isil eta bizi samar) «En su lugar descanso».

Mañuel: «Hor zuloan eskastxo». (Herriko jendea algaraz) Eta, orain?

Oharpelaria: Lehendabizi, errietan emanaz, jarraraz itzak ondo.

Mañuel: (Oihuka) Gezurra zirudik, mutilak, horren moldakaitzak izatea. (Bati errietan) Hi, Kosme, hanka horiek.

Kosme: Nahastu egin zaizkiguk. (Ezin berezirik bezala) Hago pixka bat.

Mañuel: Jarri. Orain zer da?

Oharpelaria: «Media vuelta a la derecha».

Mañuel: «Meria vuelta al derecha» (batzuk ezkerrera, besteak eskuinetara, etab.) «Beste hamar» (Krispiñek ematen ditu asko) Hi haiz mutila, Kosme, hik bakarrik dakik, eufa! (bera saltoka).

Oharpelaria: Aski, aski, (gelditzen dira; Mañueli) Hik hots egin bezala hauek egiten ditek; denek gaizki; zeinek esan dik «beste hamar»?

Mañuel: Berorrek esan dit (isil antzera) «beste hamar!»

Oharpelaria: «Beste hamar» ez, gizona, esan diat «Presenten armas!» Bada, mutilak, abiatu behar dugu, jarri ondo eta goazen, agur eginaz zeuen ezagun guztiei bidean joanik. Jarri. Eup! eup! eup! eup! etab. (abiatzen dira baina gelditzen dira neskekin jolasean, oharpelaria doa aurrera, negarrez dagoena bakarra ondotik duela).

Jendea: Agur Mañuel, agur Kosme, agur Batista, ikusi arte, agur, agur, (musuzapiak eskuetan harrotuaz).

Mutilak: Agur, agur; etorri arte:

Oharpelaria: (Kintoa atzetik duela) Tira, mutilak, trena gainean dugula, zabiltzate azkar!

Mañuel: Alderdi ederra: gu trenaren gainean egon beharrean, trena gure gainean (Berak eta jendeak) Agur, agur, etab. (Joaten dira eta jendea ere bai; gelditzen dira alkatea eta botikaria).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org