07. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  Josepe albaiteroa »  07. Irudia

Ramon Illarramendi





Zazpigarren Irudia




Lehengoak, Prudentxi eta Doote, hau besapean fardel bat duela, malkoak idortuaz.





Prudentxi: Neska, ez honela negarrik egin, hori ez dun ezer ere, aspertzen haizenean, etorri agudo, neska.

Doote: Prudentxi, amak ez dakiela noan; itzuri noan etxetik. Jaungoikoaren izenean! ez honelako ezer esan ni hemendik joan bitartean, ez gero inori aitatu ezer ere.

Prudentxi: Nik? Ez, ez; esan hitzake apaizari baino seguruago ere kontu guztiak, niregandik inork ez din jakingo.

Alkatea: Zer dugu, Doote? erdi negarrez, zer duzu?... okerren bat? amarekin haserretu edo?...

Prudentxi: Ez, on Toribio; Manuel soldadu joan zaiolako izan behar du.

Alkatea: Mañuelekin zerbait ba al zuen? (Joseperi) Nik uste nuen zurekin tratatzen zuela, Josepe.

Josepe: (Ezin asmaturik) Bai... nirekin... nik...

Prudentxi: Ez; horrek amarekin tratatzen du, Dooteren amarekin.

Josepe: Berritsu hori, isilik ezin egon.

Prudentxi: Bukatzen utz iezadazu, trakullu. Zer da hori? Dooteren amarekin tratatzen du alaba bereganatzeko. (Dooteri) Baina, neska, Manuel ederragoa eta mardulagoa zagon! (Joseperi) Gainera, zuri ez dizute utziko gurasoek, gizona, oraindik gaztea zara-eta.

Doote: Hago isilik, neska.

Prudentxi: Gizasemeari mutur gogorra jarri behar zaion, mutur gogorra.

Josepe: (Dooteri) Baina, Doote, ez duzu gizon-gairik faltako, ez; ez behinik behin zeure burua horrengatik estutu, gainera Mañuelekin ezkondu, eta zer egin behar zenuke? Ez duzu ikusten juiziorik sekula ez duela izango?

Prudentxi: A neska! Hire lekuan banengo...

Josepe: Nahi duzu isilik egon, berritsu!

Prudentxi: Hobe duzu, bai, horrekin duzun, bestela...

Josepe: Bestela, zer?

Prudentxi: Epelak kantatuko nizkizukeela.

Josepe: Zuk?

Prudentxi: Bai, nik.

Alkatea: Probestuarekin etorri beharko dut.

Josepe: Zuk kanta iezazkiozu «karabinero bibotes»-i, nahi baduzu.

Prudentxi: Zure aldean, badauka zer ikusi... kirten gabeko kriseilua dirudi gero berak...

Josepe: (Jotzera bezala) Eta zuk...

Alkatea: E! e! geldi, geldi; Josepe, zuk gehiago egiten duzu horrekin horrela mokoka aritzea, jakinik hori zer den.

Prudentxi: Goazeman, neska, batek eruntako San Paskasio zirudin eta besteak, berari erreberentziaka sendatzeko eske ari dena, bere hanka urgin eta oker horrekin.

Doote: Agur, agur, beste bat arte.

Alkatea: Zoazte ondo.

Josepe: Agur Doote.

Prudentxi: Eta lagunak ez al du balio?

Doote: Goazeman, Prudentxi, goazeman (Joaten dira Doote eta Prudentxi).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org