10. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  Josepe albaiteroa »  10. Irudia

Ramon Illarramendi





Hamargarren Irudia




Prantxiska eta Prudentxi. Hau sartzen da iruditegira presaka.





Prudentxi: Oraintxe neka-neka egin naiz. Errotako bentaraino lagundu diot Doote tristeari, inori ez esateko egiten zidan. Nik? ezta... erreko ninduketela jakinda ere. (abiatzen da presaka)

Prantxiska: Prudentxi, nora zoaz horren presaka, emakumea?

Prudentxi: Goiz guztia kanpoan daramat. (biek tartea ezin aurkiturik beren isilkakoak bata besteari adierazteko) Honezkero nire ama luzetsia dago.

Prantxiska: Denbora ederra gaur, Prudentxi.

Prudentxi: O! Honezkero nire ama ni honenbeste denboran kanpoan eta, nola ote dago?

Prantxiska: Ez dizu errieta handirik emango, ez; baina denbora, denbora aproposagorik ezin izan liteke.

Prudentxi: Dooteren ama ez al duzu ikusi aspalditxoan, Prantxiska?

Prantxiska: Ez; ni alkate jaunarekin egon naiz eta ez dut ikusi.

Prudentxi: Zer ordu dugu orain, Prantxiska? Iruditzen zait egun guztia etxetik kanpora daramadala.

Prantxiska: Denbora ere halakoa dago. Ez ahal du baldinbetan euririk egingo!

Prudentxi: Egin izan bazuen, ai zer bustialdia neukan! Ez dut, bada, euri estalkirik ere hartu.

Prantxiska: Eta, Prudentxi, arratsaldean etxean egon behar al duzu?

Prudentxi: Goiz guztia kanpoan daramat eta, nola aterako naiz?

Prantxiska: (Isil antzera) Ba al dakizu gaur zein heldu den hona, Prudentxi?

Prudentxi: (Isil antzera) Eta zuk, ba al dakizu zeinek alde egin duen hemendik goizean?

Prantxiska: Gero esango didazu. Gobernadorea heldu da; ez inori esan, zergatik ez da komeni jendeak jakitea. Alkateak berak esan dit, baina ez inortxori esan gero, e? Ezekiela, Martxelin, Gergori eta zuri bakarrik esan dizuet oraindik.

Prudentxi: A, Prantxiska, Prantxiska! Hori ez da ezer ere; hori baino handiagoa dakit nik; inori ezin esan niezaioke eta ez diot esan, gainera, bidean; izan ere, orain arte ez dut inor topatu, baina zuri esango dizut, zergatik badakit zuk isilik gordeko duzula eta.

Prantxiska: A bai, Prudentxi, horixe bai nik; alkateak ere horrexengatik esan dit gobernadorearen etorrera; esan ezazu, esan ezazu beldurrik gabe.

Prudentxi: (Belarrira) Doote goizean etxetik joan dela zerbitzatzeko etxerik topatzen ote duen, hari laguntzen nintzen goiz guztian eta... ez diozu igarri orain artean?

Prantxiska: Ez nik, baina zer du, amarekin haserretu, edo zer?

Prudentxi: Ez, bestela; Mañuelen inguru samarrean izateagatik.

Prantxiska: Adi ezazu, Prudentxi. Ez ote da gero amak (zeinua eginaz) piskorrillo dantzatzen duelako? Jakiten nituen gero nik kontuak, biek, ama-alabek maiz izaten zituztela okasioak gauza horren gainean.

Prudentxi: Zerbait, inoizka aditzen nuen, baina ez nuen sinestatzen. Ezekielarena bai, hori badakit seguru herenegun bertan urrutira joan gabe gertatu zitzaion.

Prantxiska: Zer?

Prudentxi: Zer? Askotan bezala egin zaio min zuria, eta tristea erori zenean sendakina bertan izatea gertatu zen, eta jakina den bezala, gorputza freskatzeko, arropak askatu zizkion eta gaizoari txikiko botila bilatu zion kolkoan.

Prantxiska: Horra!... (bi eskuak elkar joaz).

Prudentxi: Zaude, zaude, eta sendakina bere presa hartan ari zen oihuka ura! ura! agudo ur freskoa! eta hala dio bere titili-tatalarekin Esekielak: «On Ignazio, besterik ez bada ere, tantotxo batzuk urari».

Prantxiska: Bai zera!

Prudentxi: Hau egia da; neronek ez nuen ikusi, baina Martinak esan zidan Josepek esan ziola Antoni Iñasiri, kontatzen nabarituta.

Prantxiska: Banuen gero errezeloa... askotan, hau lurrinaren usaina! iruditzen, eta behin galdetu nion: «Zer duzu usain hori, Ezekiela?» Eta esan zidan: «Askotan, igurtzialdi bat ematen diot gorputzari izpirituarekin...» «Zer duzu bada? kolperen bat?» esan nion eta esan zidan, freskura guztiarekin: «Ez, erreuma etortzeko beldurra». Baina, Prudentxi, errementariareneko ezkonberriagatik ez al duzu ezer jakin?

Prudentxi: Nik nekiena zen neskatxak berrogei ontzako dotea bazuela, eta mutila bankuan lehendabizikoetakoa zela.

Prantxiska: Neskatxarena behinik behin gezurra da; alaba ezkondu bazen, bere aita txanpon bila kanpoan ibili behar izan zuen.

Prudentxi: Zure senar Brauliori kendu al dizkio?

Prantxiska: Ez, lehenagoko botoak ezkero, ez dugu jolasten elkarrekin.

Prudentxi: Nori kendu ote dizkio, bada? Alkateari?

Prantxiska: Ezta ere.

Prudentxi: Ezta ere. Erretore jaunari?

Prantxiska: Bai aizu... eskatu besterik ez zeukan.

Prudentxi: On Martini?

Prantxiska: Berehala emango zion On Martinek.

Prudentxi: Ez da bada izango Josepe albaiteroa? edo botikaria? edo Migel errotakoa, On Klaudio apaiza, Santi harakina edo horietakoren bat ere?

Prantxiska: Ez, ez; ez da horietakoa, denei galdatu diet, eta ez dela haiengana izan diote. Nori kendu dizkion ez dakit, baina gure neskame Urtsulak esan dit iturrian esan diotela; eta mutilarena, zu, Prudentxi, mutilarena, bankuan lehendabizikoetakoa zela... baina ez guk dirua daukagun bankuan, Prudentxi; arotz bankuan esan nahi omen zuen, orain hala dio, eta gainera lehendabizikoetakoa bai, baina ez ofizioan eta jornalean, baizik esan nahi omen zuen lehendabizikoa atean sartu eta aritzen zena zela. O! Ikusi behar dira, noski, hango negarrak eta hango istiluak... bazuten horiexek fanfarroikeria ugari, baina ederki makurtuak egon behar dute, noski, orain...

(Hasten dira biak batean hizketan eta isiltzen da Prantxiska)

Prantxiska: |Gainera besterik txist... ixo... zaude nik esan arte... Gainera |beste-

Prudentxi: |Zuzmurrak...

Prantxiska: |rik ere izan behar du; erretore jaunak sermoi-aldiren bat |emana dela uste dut. Ea, ea zuk dakizuna zer den, gero |esango dut nik.

Prudentxi: Ez, ez, zuk esan.

Prantxiska: Esan, esan, emakumea.

Prudentxi: Zertarako? Esan, esan zuk (biek batean)

Prantxiska: |Zertarako ari gara... txist ixo, nik esango dut orain. Erdika |zerta-

Prudentxi: |Zuzmurrak baziren...

Prantxiska: |rako ari gara? Nik badakit Silberik berak, Silberi |mandatariak esana, sehaska Donostiatik berak ekarria dela.

Prudentxi: Begietara negarra etortzen zait emakume triste haren bizimodua gogoratuta.

Prantxiska: Niri ere bai, Prudentxi. Uste al duzu gozoz egon nintzela kontu horiek entzuten? Nahiago nuke horrelako kontuak aitatzea baino, elizako ateetan Felisarekin egunero ordubete hizketan egon.

Prudentxi: Aldi ederrak egiten dituzue lehenago ere. Noan, honezkero nire etxekoak, zer pentsatuta ote daude?

Prantxiska: Esan iezaiozu amari nirekin topo egin duzula eta antz emango dio orduan denbora non pasa duzun.

Prudentxi: Banoa, banoa. Agur Prantxiska, gero arte.

Prantxiska: Agur; ni ere banoa senarraren bila (joaten da Prudentxi eta abiaturik Prantxiska) noan, noan hauek kontuak, hauek kontuak! (Batek leihotik edo kalean, baina hau ez da ikusten)

Bat: Noraino, Prantxiska?

Prantxiska: Senarrarengana noa. (isil antzean) Gobernadorea dator arratsaldean eta kaleak miratzen hari lagundu behar diote alkateak eta erregidore argienek; ez gero inori esaten ari!

Bat: Esan dit Martxeliñek lehenago, Prantxiska.

Prantxiska: Ez zizun esango Doote goizean etxetik alde egina dela horratik; hori nik bakarrak nekien.

Bat: Zelatan oraintxe nengoen, Prudentxi Gregoriari kontatzen ari dela, eta dena entzun diot.

Prantxiska: Inori ez esateko egiten zidan gero, eta ni baino lehenago denei kontari ari da. Agur, agur, gero arte (joaten da).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org