|
Ramon Illarramendi
(Josepe bakarrik azaltzen da txit apaindua, erloju kate zintzilo handiarekin, bastoi borladunarekin eta zapataren azpian, egurra bota kolorekoa duela, bi hankak berdintzeko).
Josepe: (Patxada handiarekin) Hona ni hemen, gobernadoreari laguntzeko prest; ez da edozein ibiltzen gero gobernadorearekin. Gaur hankaren gainean ezin egon naiz eta hori... azpitik postiatua nagoelarik hanka batean. Bazkaritan ere ezin egon nintzen, saltoka nenbilen, ez dakit zer dorpekeria egin ditudan etxean. Arrebak esan didanez, ogiaren ordez botilaren tapa ahoan sartu dut, ja! ja! ja! ardoa platerera bota, koilararen kirtenarekin ogia ebakitzen hasi, kafeari pitarra bota eta katua jo beharrean, arreba bera jo. Nik ez dakit behinik behin zer gertatzen zaidan, gobernadorea burutik ezin kendu; badut zerekin ere bai. Gobernadoreari laguntzen gero... eja! ez dela edozein ibiltzen. Noan oraintxe herriko etxera; (abiatu eta berriz jiratuaz) gainera Mañuel soldadu joan da... ja! ja! (eskuak igurtziaz) Doote ere oraintxe niretzat da, orain aisa neureganatuko dut, batez ere honela, dotore ikusten nauenean. Suerte izugarria dut (Joaten da eta jaisten da burtina, iruditegirako puskatxo bat gelditzen dela).
|