12. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  Josepe albaiteroa »  12. Irudia

Ramon Illarramendi



BIGARREN KOADROA





Hamabigarren Irudia




(Iruditegiak koadro honetan behar du agertu kamio bat, hau da herri berekoa, eta azaltzen dira Mañuel eta Doote).



Mañuel: Gure ametsek, Doote, ez daukate probetxurik; ez dugu pentsatutakorik egingo.

Doote: Ez duzu beraz soldadu joan behar, Mañuel? Zergatik da hori?

Mañuel: Nire aurreko numeroa zuena azaldu delako. Ez zara gogoratzen nola Antoniok itzuri egin zuen Frantziara? Baina nonbait gurasoek izkiribatu diote nik nola aurreratzeko asmoak nituen soldaduskan eta nonbait iruditu zaio hori gauza errazen bat dela; dudarik gabe asmo horretan azaldu da, inork uste gabean, seguru nago; eta ni nola deitzen ninduten haren ordez, jakina den bezala, etxera bidali naute; baina ez dugu ezer ere galdu; moroetara doaz eta haien orpo zikinak ikusteko gogorik ez dut nik.

Doote: Eta zer dira moroak? Egun horietan izen hori besterik ez da entzuten.

Mañuel: Moroak? beltzak edo antz hartakoak behinik behin.

Doote: Jox... moroak eta gainera beltzak dira, e? Eta, Mañuel, zer egiten dute horiek beren parajean?

Mañuel: Kazetak dioenez, lo beti.

Doote: Beti?

Mañuel: Bai; oinutsik eta atorra hutsik daude behinik behin beti eta...

Doote: Jesus, Jesus, horiek moroak! Arrima gaitezen etxe aldera, Mañuel, eskerrak Prudentxik bakarrak dakiela, bestela lotsatuko nintzateke herrira azaltzea; eta jendeak igarri ez diezaion, Mañuel, joango naiz ni orain eta zu geroxeago abiatu. Aditu?

Mañuel: Bai, bai; zoaz.

Doote: Beraz, gero arte. (Joaten da)

Mañuel: Agur Doote; horra jimolatu, ederra gertatu zait; orain albaiteroak hartu behar duen pozak neurririk ez du! Nola gezur bat antolatuko ote dut? (egoten da pixka bat pentsatzen) A, esango diot banaka hartu gaituztela probaketan eta ni etxera bidaltzen nautela soldaduskako erneegia naizelako. Galdetuko du orduan: «ez zenuen ba soldadu guztien nagusi izateko asmoa?» eta erantzungo diot baietz, baina esan didatela hobea dela ni gero, nire herriko erregidore izatea, ni baino astoagoak makina bat izaten direla (eta bera bat behinik behin). Noan, noan, nolanahi ziria sartuko diot. (Joaten da eta altxatzen da burtina)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org