 |
|
 |
 |
|
Ramon Illarramendi
Lehengoa eta Doote.
Doote: Jose...! negarrez...? okerren bat edo?
Josepe: (Alaiturik) Doote... zer zabiltza? Zerbitzatzera joan zarela eta nolaz etorri zara?
Doote: Bai, ederki eman ere. Ni zerbitzatzera... nork... nork esan dizu hori?
Josepe: Herri guztian beste jolas-biderik ez dabil, nola goizean etxetik, amak ez dakiela, zerbitzatzera joan zaren.
Doote: (Jendeari) Nork zabaldu ote du, Prudentxik inori ez zion bada esango? (Joseperi) Ez, ez, Josepe; bestela, behar batera joan naiz.
Josepe: Pentsatzen nuen, bai, juizio gehixeago izango zenuela baina.
Doote: Josepe, honen dotore... Zer da gaur? Elizan zerbait funtzio al da?
Josepe: Ez Doote, ez; gobernadorea dator oraintxe laster, eta guk, herriko erregidore deituenek, behar diogu lagundu herria nolatan dagoen erakusten-eta... Mañuel joan da beraz?
Doote: Noski, hala uste dut nik.
Josepe: Zuzenduko dute ederki. Kenduko dizkiote harrotasunak eta fanfarroikeria; merezi ere badu, trapu bat egina dago. Baina zu, Doote, zu zarenarekin neskatxa formala, argia... nola jarduten duzu harekin? Zer bizimodu eraman behar zenuke? Ez duzu ikusten jornal-biderik ez daukala, izanda ere modu txarretan hondatzen dituela? Bizimodu tristearen jabe zinateke horren mendera ezkero eta, Doote, nik ez dut nahi, Doote, inolaz ere zu gaizki izatea; presarik ez dago, oraindik gazteak gara... zu, eta zure amak ere ondo pentsatzen du, ez da hiru egun esan didala, josten, sukaldean eta emakume batere denak ikasi behar dituen gauzak ikasi behar zenituzkeela; ontza-urre bat altxatua daukat zure amaren desio hori konplitzeko. Bai, Doote, bai; juizio pixka bat, buru pixka bat izan behar da mundu honetan bizitzeko, txorakeriak dira gaztearen nahitasun horiek; haizea bezala dira, ezkongaitan hego-haizearen modura eta ondoren horma-haizea baino hotzago; gainera, gosea eta jipoiak senarrarengandik. Zer deritzozu, Doote?
Doote: Ez dakit bada nik, Josepe; horiek denak hala izango dira baina... Prudentxik eta gainerako nire lagunek zer esango lukete? eta Mañuel gizajoak pena ematen dit, ez litzaidake ahaztuko behin ere, Josepe.
Josepe: Ahaztu?... bai, bai; erraz gainera. Begira, Doote, hemen gauzak garbi esan behar dira. Mañuelekin ezkonduz gero, inorekin ez duzu traturik izango, eta zera... Doote... zuk behar zenuke... zera... zerbait horrela koarto batzuk dituena; nik ere behar nuke etxean norbait lagun, eta uste dut erreparorik ez duzula izango, baizik... poz handi bat hartu duzula iruditzen zait, Doote, je! je! je! Konforme zaude ala? (Doote isilik beti burua makurtuarekin) Bai, bai, bai; interes puskatxo bat ere badut eta. Begira, Doote, gerora zeratzen garenean, ez duzu izango etxeko garbitasun pizarra egin eta tertulian Prantxiska alkatearen emaztearekin egon besterik; elizara ere eseri aulkiarekin joango zara eta etxean ere ez duzu behinik behin zezin eta zikirokiaren eskasiarik izango; eraztuna ere behatzean ibiliko duzu, On Kamiloren emazteak bezala, eta neskatxa ere aurkituko dugu baldin eta iruditzen bazaizu. Zer deritzozu, Doote? (Hau lotsatua, mantalaren hegala ahoan duela).
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |