17. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  Josepe albaiteroa »  17. Irudia

Ramon Illarramendi





Hamazazpigarren Irudia




Lehengoak, gobernadorea, alkatea, botikarioa, erregidore bat edo beste, eta herriko jendearen tartean, Prantxiska eta Prudentxi.





Josepe: Hemen da (beti ibiltzen zaio aurrean, traban gobernadoreari. Lehendabizi eranzten dio txapela, baina ezer esan gabe gobernadoreak ere egiten dio zeinua; han dabil, Josepe aurretik duela, zokoak miratzen).

Josepe: (Jendeari) Edozein atrebitzen da honi arratsalde onak ematera, nola hasi ere ez dakit.

Doote: Hori izango da, Mañuel, gobernadorea; gizaseme ederra, euskaldun aurpegia du.

Mañuel: Josepek egingo du horrekin ere bereetatik bat; zaindu diezaiogun.

Josepe: (Alkateari) Aitatu al diozu ezer ere?

Alkatea: Txist, isilik, isilik. Oraintxe ailegatu da eta denbora izango dugu nahikoa gero ere.

Josepe: (Gobernadoreari alde guztietara erreparatuaz). Jun...! ez haiz hi ere nik uste bezalakoa. (Jendeari) Gure modukoa da. (eta gobernadorea bazterrak ikusten, gorde eta azalduaz iruditegitik, beti Josepe aurrean enbarazu egiten diola; gordetzen dira).

Mañuel: Gaur Joseperen kontura nahiko barre egin liteke.

Doote: Eta noiz ez?

Mañuel: Hemen datoz orain ere. (Josepe aurretik jira eman eta noiznahi ia gobernadorea aurpegian ukituaz. Alkatea arrimatzen da Mañuel eta Dooterengana, Josepek erreparatu gabe).

Alkatea: Mañuel, nolaz etorri zara?

Mañuel: Nikolas, nire aurreko numeroa, azaldu delako.

Alkatea: Gizona... azaldu da beraz. Non zen? Frantzian?

Mañuel: Ez dut uste. Baionatik etorri dela esan du behinik behin berak. (Gobernadorea makurtua dagoela miratzen, Josepek, alkatea delakoan, arropatik tiratuaz esaten dio, alkatearengatik, gobernadorea delakoan).

Josepe: Adi ezazu, adi ezazu, Braulio, hori baino gobernadore azkarragorik ez bada hona etortzen, istegian zerriak egon litezke. Gonak gustatzen zaizkio horri ere. (Uzten dio arropatik eta gobernadorea altxatzen da harriturik, baina Josepe dago alkateari begira, ezagutu gabe) Arrano horrek Dooteri nolako zeinuak egiten dizkion. (eskua ateratzen du gobernadorearen arropak ezin harrapaturik) Gizona, zer ari zara horrenbeste denboran makurka? Kredoa esaten, edo zer? Edo beldurra al duzu horri hitz egiteko? (Nonbait ere heltzen dio besotik ikusi gabe, eta eramaten du esanaz) Gizona, goazen, zer demontre! Horren muturrak ikaratzen zaitu? Neronek esango diot.

Gobernadorea: Baina, gizona, zu eroren bat zara.

Josepe: (Erreparatuaz dena nahastua). Ai jauna! barka biezat! Alkatea zelakoan ari nintzen; gainera, uste nuen egietan berori belarrimotza zela, horra.

Alkatea: Josepek bereetatik bat egin du; hori traketsa! Hauek lotsak hartu behar ditu batek horrengatik! (Arrimatzen da gobernadorearengana).

Gobernadorea: Uste al duzu euskaldunik ez dela izaten gobernadore, edo zer?

Josepe: Barka biezat, bada, horra. Eta orain fabore txiki bat eskatu behar diot.

Gobernadorea: Ea zer duzun.

Josepe: Bada, horra, jauna; zerriak ateratzea agintzen badu herri barrendik, galdua nago; nire bizimodua horretatik ateratzen dut eta, ni bizi naizen artean, besterik ez bada ere, uztea eskatzen diot, horra, fabore txiki hori bakarra.

Gobernadorea: Ez da gaizki; nik esango dut denbora bi hilabetekoa edukitzeko, baldin zuk denbora horretako hil nahi baduzu, kito gelditzen gara.

Josepe: Zerriek zer gaitz egiten dute, bada, gobernadore jauna? Badira hemen hanka bikoak gaiztoagoak.

Gobernadorea: Begira, nik ez dut zure lezio beharrik zer egin behar dudan, eta aurrera. Isilik; ikus ditzagun beste bazterrak. (Gordetzen dira).

Mañuel: Goazen, Doote. Joseperen astakeriak ikusi behar ditugu. (abiatu eta berriz jiratuaz) Hemen dira orain ere. (Sartzen dira, Josepe aurrean).

Gobernadorea: Baina gizona, lotarazi egingo zaitut baldin eta gehiago trabarik egiten badidazu.

Josepe: Nik baino hobeto inork ez dio, bada, istegietako berri erakutsiko.

Gobernadorea: Antza baduzu, bai, maiz samar ibilia zarela tartean.

Josepe: (Jiratu eta gobernadorearen hanka, berearen azpian hartzen dio). Albaiteroa naiz, jauna.

Gobernadorea: Ai, ai, nire hanka! Ez zara albaiteroa, zu mandoa zara; lotu berehalaxe gurdi horri eta jarri jendea gainean, geldi dadila behin. (Mañuelek eta jendeak lotzen diote karroari)

Alkatea: Barka biezaio, lotsa handi hori eman gabe.

Gobernadorea: Oi, oi, oi! Ez! ez! Gaizki dago karro hori hor traban, eta kastigatuaz eraman dezala bazter bateraino, igo gainera batzuk. (Jartzen dira gainean Doote eta Prudentxi, Mañuelek belarritik heltzen diola).

Mañuel: Arre, arre!

Josepe: (Eramanaz eta marruz) Traba askatu karroari, Mañuel. (Jendeari). Ahal badut, gobernadore tripaundi hori azpian hartu behar dut. Hau tratua! Hau lotsa!

Mañuel: Arre, arre.



JAISTEN DA BURTINA











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org