01. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  TestimonioFaltsua »  01. Irudia

Ramon Illarramendi



LEHENENGO IRUDIA



Joxe bakarrik



Gaur, gaur dira sei urte nire anaia maitea Pedro ito zela! Jaungoikoak zerua diola! Bai, zer egun tristea zen egun hura! Zer trantze estuak ikusi genituen! Ikaratzen naiz gogoratu hutsarekin; bi lagun triste haien deiadarrak! Zortzi lagun atera ginen goizeko hiruretan, izar eta ilargi ederrarekin! Ez genuen uste gertatzea gero gertatu zitzaiguna! Nork pentsatu behar zuen goiz eder hark bihurtu behar zuela arratsalde ikaragarri hartan? Atera ginen txit alai, Jaunari eskerrak emanez eguraldi ederragatik, itsaso zabalera; geure lanean ordu batzuk egin genituenean, abiatu ginen etxe aldera. Abiatu ginenerako, haize kontrario batek gure txalupa jirabiratu zuen. Denak larri ginen; ahal zuenak heldu zion txalupari; baina bik ez; nire anaia eta Bartolo, bi gizonik zaharrenak; ez zuten izan indarrik guregana hurbiltzeko. Biak, larritasun ikaragarri harekin, elkartu ziren sendokiro, heldu zioten elkarri eta, o!... (Eskuak aurpegiraturik) Zer ekantza, edo erretratu tristea daukadan gogoan.

Begiak beren lekuetatik ia aterean, eta kolore ikaragarri harekin, eskatzen ziguten laguntza.

Ezin hitz egin zuten, ahoa irekitzen bazuten hitz egiteko, ur gaziak itxiarazten zien. Nahi genien lagundu, baina ez zen baliatu gure desiorik.

Urak zeramatzan, apartatzen gugandik, bi gizon haien gorputz batatuak! Urrutiratzen ziren bezala, indarrak ere ahitzen zihoazkien gizajoei; igarri zutenean berengandik aparte zeukatela salbazioa, eta urrutitik... (Negarrez) urrutitik! hasi ziren gu despeditzen, altxaturik besoak, bagen apar tartean aienatu ziren artean! Lagun maiteak! (Egoten da pixka bat begiak idortuaz) Gu, Jaungoikoak nahi zuelako, libratu ginen heriotza triste eta ikaragarri hartatik. Beste herriko txalupa batek milagro batez ikusi gintuen, eta lasterka zen etorri gu jasotzera; eskerrak haiei. Berehala jaso gintuzten berenera; eta emanik zituzten arropak eta jan-edanak, konturatu ginen; baina ez nahi orduko etxeratu! Eta, non dira geroko haien emazte eta umetxoen negarrak? Ez, ez da erraz gertaera honen erabakera esaten! Gaur behintzat goiz asko nire mezatxoa entzun nuen, haien arimaren onerako!











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org