03. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  TestimonioFaltsua »  03. Irudia

Ramon Illarramendi



HIRUGARREN IRUDIA



Joxe Bakarrik



Zer egingo zuen bada tristeak, lo! Ez daki, oraindik, zer neke eta penak sufritzen dituzten gurasoek umeak hazten! Ez bada alferra delako, ez horixe! Ez du gupidarik lana goizetik arratsera egiteko; bai, egin behar ere bai! Nik behar bezalako alaba bat dut; zintzoa, garbia, langilea, umila eta leiala. Hamar urtetako gelditu zen amarik gabe; eta geroztik, egiten ditu lanak inoren laguntzarik gabe. Ez nintzen gaizki gelditu! seme bat, hor dago ezkonduta baserrian, bestea, alprojakerian nonbait hor ibiliko da, eta nire Maria... beti nire aldamenean, nondik eta nola lagunduko didan. Harra baino gehiago ez da gelditzen, baina oso kontentu bizi da; gaztearen kontuak; orain baditu hogei urte, eta bere kontzientzia garbiak merezi duen gaztetxo batek segitzen dio. Aitak ez dio utzi nahi Mariarekin hitz egiten; baina Iñaxio nola den bere izena, debeditua dago, abiatu den bidean segitzeko; eta Maria ere bai. Baina aitaren esanak eta ahaleginak!

Bera nola izan baitzen Ameriketan, eta diru pixka bat nola egin baitzuen, penatxo du ardit baten jabe ez denaren gizon izan beharra bere semea. Ez da saiatuaren faltan geldituko!

Uste dut alferrik izango duela, baina jarriko ditu traba franko. Ez nuen uste horrelako gizonik zenik munduan. Ez du horrek kontzientziarik eta lotsarik ere; gaixtoz ez daki zer egin; ez dira haren belarritarako, inoren kontsejuak; berea eta berea besterik ez du egiten. Baina Iñaxio... berak Mariari esan dio orain denbora gutxi dela, hitz hauekin: «Ez estutu Maria, ez du nire aitak gauza horrekin nahi duenik egingo. Aitak seinalatu behar dit niri emaztegaia? Ez, hori ez; nire bihotzak ez du zure bihotz garbia besterik desiratzen; bada ez dut ezagutzen eta maitatzen ez dudan gauzaren beharrik; zuretzat biziko naiz, zuretzat nire bihotza, nik ez dut nahi diruzko ezkontzarik, nahi dut bakarra... nahitasunezko ezkontza. Hor konpon bitez dirudunak, eta diruzaleak. Ez dugu diru beharrik; osasuna da munduko interesik ederrena, eta hau eskatu behar dugu eta lana gupidarik gabe egingo dugu...»

Ez dirudi aita haren semea, ez; beste bihotzik du Iñaxiok.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org