 |
|
 |
 |
|
Ramon Illarramendi
Martin bakarrik
Arrazoi du aitak, harro xamarra nago, eta edozer gauza esaten dut noski. Eta jakiten duenean zer egin dudan nik? Zer ote da pasako hemen? Orain daukadan mokollo polit hau pasako zait. (Bere buruari) Eser hadi, Martin. (esertzen da) Geroxeago jarriko dituk tresna horiek. Hara zer egin dudan: goizean aitak esan dit zizareetara joateko. Hartu ditut aitzurra eta potoa, atera naiz kalera, eta berehala gainean nuen Tiburtxioren semea, (nire moduko alproja bat) eta, jakina zegoen, denbora guztia jostatzen galdu dut. Nola etorri orduan zizarerik gabe? Hilko ninduen aitak. Zer egin dut? Etorri naiz etxera isil-isilik, eta Mariak apalean aitarentzat ardoa erosteko utzi duen dirua ostu dut, Bittorri zizareak erosteko asmoarekin; irten kalera, eta lehengo alprojarekin tabernara sartu, bat-baterako gauza zen. Topatu ditugu han gure moduko lagun batzuk; batek hau eta besteak hura, bertan gelditu naiz: pixka bat harrotu nintzenerako, banituen jokorako lagunak. Hor ikusi ditut istiluak! Haien begien itxi-irekiak; batek eskuin eta besteak ezkerra, larri ibili dituzte nire erreala zupatu arte. Zer egingo dugu, bada? Pazientzia hartu beharko... Hau irrintzi egiteko gogoa daukat! Animo, Martin, eta datorrena datorrela; lotsagabeentzat mundua. Orain irrintzi, eta gero garrasi. (Altxatzen da eta ondoren irrintzika)
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |