|
Ramon Illarramendi
BIGARREN KOADROA
Iñaxio bakarrik; sartzen da nekatua.
Hau lanbide tristea sortu zaigu lehengo penak aski ez direla! Nire aitak ahaleginak egiten ditu nire ezkontza Mariatxorekin galarazteko, baina ez zaio baliatuko. Zenbat eta gorroto gehiago daukan guretzat aitak, orduan eta nahitasun gehiago diot Mariari. O!... Zer mirabe garbia eta paregabea! Eta zer bihotz eta sentimendu onak dituen! Asko eta asko maitatzen dut. Inola ere ez nezake pagatu niregatik eramaten dituen sufrimenduak. Asko sufritu beharra izan du orain artean; baina bukatu behar dute denboraz dohakabe penagarri hauek. Aitak gaur, orain denbora gutxi dela, topatu nau nire gelan liburutxo bat irakurtzen ari naizela. Oso haserre antzekoa sartu da; igarririk bere haserrea, galdetu diot zer dakarren, edo zer pasa zaion. Aditu nire hitza, eta nigana etorri txit supitatua... ergaiko gauza zen. Nola nik ez nekien ezer, harriturik begiratzen nion begi larriekin; baina aita ez zen urrikaltzen nitaz. Ezagutu nuen zerbait gauza ez beharra gertatu zitzaiola; galdetu diot zer duen eta erantzun dit errabia handiz: «Zu, seme gaiztoa, zu, elkarturik neska zirtzil lotsagabe harekin, moldatu zarete nire etxean neuzkan diruen jabe egiteko; aisa nauzue engainatu etxeko jendeekin batu eta, baina pagatu behar duzue. Zu, eta zure neska txar hori, mikeleteen erdian joan behar duzue gaur kartzelara, bai; lotsa ederraren jabe egin zarete. Biak loturik, elkarrekin, joan behar duzue; horiek izango dira zuen ezteiak. Jakin dezala jendeak garbiro zuen bekatua». Nik hitz hauek entzun nituenean, ez nekien zertatik hasi nire edo gure kontzientzia eskudatzeko, ez genuen horrelakorik pentsatu, ezik gutxiagorik ere. Gure eskuak ez dira behin ere zikindu gurea ez denaren jabe eginaz. Ez, ez nekien bada zertatik hasi, eta esan nion: «Ez aita, ez dugu guk berorren ondasun beharrik eta ez egin gu lapurtzat. Ostu badizkiote, besteren bat izango da, eta ez gu». Nahi nuen esan gehiago, baina han joan da mehatxatuaz eta marmar dariola. Gu kartzelara kulparik gabe? Ez horixe! Agudo ibili beharko du, gure besoak lotu nahi badituzte. Orain nire Mariatxorengana noa, berri triste hau adieraztera. Nire asmoa da lehenbailehen herri honetatik alde egitea; ez gara gainerakoan bakean biziko. Izan bitez interesak beretzat, baina Maria ez... izango da beti eta beti... (Bihotz gainean eskua jarri eta) niretzat. Badakit gaixoak ez didala ukatuko bere laguntzarik nahi dudana egiteko; hain da umila tristea! Ez duzu merezi gaitz askorik, baina ez duzu aspaldian bake handirik! Noan, denborarik galdu gabe; zergatik aita honezkero mikeleteengana joan da eta. (joaten da)
|