10. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  TestimonioFaltsua »  10. Irudia

Ramon Illarramendi



HAMARGARREN IRUDIA



On Antonio eta bi mikelete; Inaxio etorri zen lekutik.



ON ANTONIO Beraz, mutilak, esanak esan, e?...

ANDRES Bai, bai, ez du gure faltarik aurkituko.

DOMINGO Seguru dago Iñaxio eta Maria direla kulpa dutenak?

ON ANTONIO Bai, seguru nago, eta izan ezta ere, zu zure agintariaren agindua egiteko zaude; zuek egongo zarete beheko sotoan, nik deitu artean. Nik ikusiko dut neska txar horrek aitortzen duen beren bekatua. Ez du aitortu nahiko noski... eta orduan, deituko dizuet sokaz amarratu eta eramateko.

DOMINGO Ez al da aski, emakume triste bat presondegira eramateko, bi gizon armaturen errespetua?

ON ANTONIO Aski bada ala ez bada, nahi dut nik lotsa handi bat ematea, eta lotuta joan behar du. Aditu al duzu?

DOMINGO Ondo dago, on Antonio, ondo dago, baina uste dut horrek baino kulpa gehiago dituztenak eraman izan ditugula soka askorik gabe.

ANDRES Beraz, badakik kulparik ez dutela?

DOMINGO Nire kontzientziarako, ez, zergatik badakit aski ongi zein diren.

ANDRES Aski! aski!

DOMINGO Aski, bada, gizona.

ANDRES Iñaxio ere lotu behar al dugu?

ON ANTONIO Ikusiko dugu hor dagoen eta nola mintzatzen didan; baina uste dut neska traste hori eramatearekin aitortuko dutela. Zer erremedio gelditzen zaie? (Andres eta biak gelditzen dira hizketan isilka).

DOMINGO (Bakarrik) Hau gizona! Behin bakarrik ez du Mariaren izenik ahotik atera oraindik, gaizki esateko ez bada. Kulparik ote dute? Ez, ez da inola ere posible bi aingeru horiek horrelako bekaturik egitea! Ez naiz eratu egun horietan hizketatzeko moduan, baina ez dira horretarainotu, ez; zerua horren seguru baleuka On Antoniok...

Hau pena; bi ezagunik handienak nire bazterrean umil eta lotsaz beteak eraman beharra! Non dira orain hamabost eguneko kontu eta umore eder haiek? Anaia bat bezala nindukaten, nire aurrean ez zuten isilkakorik, dena biak bakarrik bazeuden bezala aritzen ziren hizketan eta... Nola liteke ez nik jakitea oraingo lotsagarrikeria hau? On Antonio gizon gosetia da; eta lehenago sinistuko dut bera gezurretan dabilela ezkontza galarazteagatik. Zeinek ostu behar zizkion horri diruak?... Nire kontzientziak ez dit agintzen horiek presondegira eramatea; eta nire beharra da... laguntzea.

ON ANTONIO Abiatu behar dugu, mutilak; eta... (Abiatu eta berriz jiratzen da) badakizue nolaz baliatu diren?

ANDRES Nola?

ON ANTONIO (Arrimatzen dira bi mikeleteak) Esango dizuet; etorri zaizkit bi gizon abere polit batekin, erosi nahi dudan. Hain zen polita zalditxo hori, eta konpondu gara ondo xamar. Eskuetan nola ez neukan dirurik, igo naiz nire gelara kontutxoa pagatzeko diru bila. Bai, ederki neurtu dizkidate pausoak!...

ANDRES Orduan, egongo ziren erne?

ON ANTONIO Bai, hala zeuden, bai! Nire kutxa ireki dudanerako, deitzen zidaten oihu handiz. Harriturik zer gertatzen zen, lasterka atera nintzen nire gelatik, kutxa ixteko denborarik gabe...

ANDRES Zer pasatzen zen bada?

ON ANTONIO Zer pasako zen! Bi gizon tratulari haiek ijitoren batzuek izan behar zuten, nire semearekin elkartuak, niri joko hori egiteko...

ANDRES Bai, bai! Eta oihu haiek zertaz ziren?

ON ANTONIO Ni jaisteagatik.

ANDRES Eta ijitoak behean al zeuden, edo alde egin zuten?

ON ANTONIO Behean egon?... ni sotoan agertu nintzenerako, tokitan zihoazen zaldi eta guzi... Eta hori aski ez dela, zer uste duzue egin didatela?

ANDRES Zer?

ON ANTONIO Ostu dizkidate lehengo zaldiaren tresna guziak; ez didate gaizki barre egin! Badakit, bai... etxeko mirabea ere elkartua egongo zen! baina orain ez diot ezer esan, gero konponduko dugu.

ANDRES Ijito madarikatu horiek, makilaka hil artean ez dago gauza onik. Gaiztoz ez dakite zer egin!

ON ANTONIO Hori aski ez dela, non duzu geroko tragoa?

ANDRES Arrazoi faltarik ez du, On Antonio!

ON ANTONIO Nire pena eta errabiarekin, joan naiz nire kutxa ixtera konfiantza guztiarekin; eta orduan konturatu naiz zer zen tranpa guztia! Ez dakit nola gelditu naizen ikara harekin erori gabe, buruz diruak edo zakutxo paperezko billeteekin zegoan leku mila aldiz gogoz begiratutako hartara. Semea etxera etorri denean, bere gelan hartu dut txit estu, baina zeinek aitorrarazi?

ANDRES On Antonio, ni behintzat gaiztoa izango nintzateke.

ON ANTONIO Bai; besteak ere bai!

DOMINGO Ez du beraz aitortu nahi? Bada hori egia baldin bada, nik agintzen diot Iñaxiori egia esanaraziko diodala.

ON ANTONIO Zuk? Ez zagok esku txarretan gauza.

DOMINGO Aitortuko dit egia, ni hemen nagoen bezain seguru.

ON ANTONIO Hori nahi nuke baina... ez. Nola?

ANDRES Ez da erraz izango.

ON ANTONIO (Haserre) Kartzelan aitortuko dute. Gogor hartu gero!

ANDRES Gogortasunean ez dit inork eramango.

ON ANTONIO Ez dago barkaziorik; bat aski ez bada, lotu biak; ikusiko dugu zein diren fanfarroi horiek.

ANDRES Umilduko dira, bai.

ON ANTONIO Beharko!

DOMINGO Bada niretzat, ez dute kulparik.

ON ANTONIO Niretzat bai, hor duzu soka? (Andresi)

ANDRES Hemen dut, bai, jauna.

ON ANTONIO Goazen bada; Brauliorenean ardo xurrupa bat egin eta... gora.

ANDRES Eta Joxe etxean badago?

ON ANTONIO Hura, berriz... kateekin lotuko dugu.

DOMINGO Eta hi grilloekin (jendeari).

ON ANTONIO Goazen denborarik galdu gabe; eta gogor, mutilak! (Joaten dira)

HIRUGARREN KOADROA













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org