|
Ramon Illarramendi
Burtina altxatzerakoan, azaltzen da Mariaren etxeko sukaldea; kanabera batzuk pareta kontran daudela; eta bera, iruditegian ezker, sillan eseria, aldamenean sehaskan haur bat daukala.
MARIA Nire Iñaxio onak ez du egunik huts egin ni ikusi gabe atzo artean. Txit triste nengoen okerren bat ote zuen etorri ez zenean; baina ez, gaur Balbinok ekarri didan kartatxo honetan esaten dit nola, bere aitaren agintzaren bitartez, egon behar izan zuela mendi aldean maiz nitaz oroituaz, begiak apartatu gabe gure herrialde honetara. (Hemen hasten da denboralea eta jotzen du trumoiak isil xamar) Trumoiak jotzen ote du?... hala izango da, horixe behar genuke orain! Aita itsasoan eta, etorria izango ahal da! (Haurrari eraginaz) Irakurri behar ditut berriz; bertsotan izkiribatua dago. (Haurrari eraginaz ateratzen du kolkotik papera eta hasten da kantari, haurrari lo harrarazteko amek kantatzen duten doinuan).
Looo...
Nire maitea, nire bihotza
nahi dut nik zuk jakitea,
Aitak agindurik haserre handiz
nintzen joan mendi batera;
Obeditua nahi dut nik izan
nahiz dela orain eta gero,
izanagatik aita gogorra
biontzat egun bat ezkero.
|
(Jotzen du trumoiak pixka bat gogorrago).
Denbora gogortzen ari da! Nahiago nuke aita etxean balego.
(Haurrari begiratuaz eta kantatuaz)
Lo...
Beharki batez kanpo aldean
izan dut pasa beharra,
entzunik aitaren agintza zorrotz
gau bat zu gabe, izarra;
|
Lo...
Ai zer tristura sentitzen nuen
ikusirikan gordetzen,
eguzki ederra mendi atzean
dizdiz ederrak ahitutzen.
|
(Trumoiak eta tximistak) Jesus, Maria! Hau denbora jartzen ari du! Horrela segitzez gero, ez da Iñaxio etorriko.
(Paperari begira kantatuaz).
Nire begiak aurkitzen ziren
eguzkiari begira,
nola zihoan oso poliki
egongo zinen tokira;
|
Lo...
Batean gogoratu zitzaidan
zuloan egonagatik,
zu ikustea txit erraz zela
aurreko mendi hartatik.
|
Lo... (Denboralea doa gogortzen).
Hauek trumoi eta tximista ikaragarriak! Ikaratu behar du bakarrik egotea! Etorriko ahal da laster aita edo Iñaxio!...
(Kantari)
Salto biz bertan aurkitu nintzen
desio nuen lekuan,
baina alferrik zela maitea
etorri nintzen kontuan;
|
Lo...
Bihotz handi izanagatik
zuretzat beti, Maria,
luzea zen han txiki gelditzen
ikusitzeko kalea.
|
Lo...
Etorri zen beltz gaua tristea
eta ilundu nire parea,
barren-barrendik hots egin nizun
adio, nire Maria!
|
(Haurrari) Neure maitea, zer lo ederra daukazun! Zer gauza ederra den horrelako haur isilak izatea! Ez zait iruditzen nirea ez dela! Zer polita dagoen, bere ile kixkurrarekin! Ez daukazu, gaixoa, zure aurrean dagoena bezalako sufrimendurik!
Zure aita, guk ikusten ditugun bezalako komeriarik ikusi gabe ezkondu zen. Ez da gaitz guk baino eragozketa gutxiago izatea! Ahalegin egin faltan ez dira geldituko! (Leihotik begiratuaz) Hau denboralea etorri zaigu; eta aita oraindik etorri gabe! Lagunen batekin egongo ahal da!
Eta Iñaxio?... laster honezkero etorriko ahal da; ederki zaletua nago hitz aspertu bat egiteko. Gaur ere zerbait esango zion aitak ohiturarik galdu gabe. Beti aita errietan, nirekin jolasten duelako! (Jotzen du trumoiak gogor) denboralea handitzen, eta ez aitarik eta Iñaxiorik ez da ageri! Non ote dira? Jesus ona, lagun iezadazu trantze...!
|