 |
|
 |
 |
|
Ramon Illarramendi
Lehengoa eta Iñaxio
IÑAXIO Maria, Maria!
MARIA Hemen zinen, Iñaxio! Zer duzu horrelako larritasunarekin?
IÑAXIO Zer dudan, Maria? Berri txarrak!
MARIA Horren txarrak? Banuen beldurra, bai! Noiz akabatu behar du zorigaizto madarikatu honek!
IÑAXIO Laster!... Maria, gauza bat behar dizut esan, baina... beldurtzen naiz.
MARIA Beldurtu?
IÑAXIO Beldurtzen naiz, jarriko ez zarelako nik nahi nukeen gauza egitera.
MARIA Ni bai, Iñaxio; zurekin hiltzeraino!
IÑAXIO Gutxiagorekin erremediatuko dugu.
MARIA Baina, zer da? Zer pasatzen zaizu? esan iezadazu agudo, Iñaxio.
IÑAXIO Begira, Maria! Ukatzen badidazu, okerrago izango gara.
MARIA Ukatu nik zuri? Ez, behin ere ez dizut ukatuko. Ni zurekin joango naiz, zure pausoen ondoren. Sufritu behar bada, nahi dut sufritu zurekin batean. Nola nik utz nezake, nire laguntzarik gabe, niregatik horrenbeste lanbide eta pena eramaten dituena? Inola ere ez!
IÑAXIO Hori nahi nuen jakin, Maria; bada nire etorrera gaurkoa horren estu eta larria zen... aita baino lehen etortzeagatik. Maria, gauza beharra da txit gaur etxe honetatik alde egitea. Aitarekin izan dut gaur... Lapurtzat egin gaitu!... (esan nahi luke baina presarekin ezin du bukatu) ...Ez dizut orain esango! Kartatxo bi egitera noa, eta presta zaitez ni etorri artean.
MARIA Zeinentzat?
IÑAXIO Bat gure morroi Balbinorentzat eta bestea zure aitarentzat; lasaitu daitezen gure falta nabaritzean.
MARIA Eta nora zoaz karta horiek izkiribatzera?
IÑAXIO Aldameneko estanko horretara; horko andrearekin konponduko naiz.
(Abiatzen da; eta ikustean haur bat sehaskan, harriturik galdetzen dio) Norena duzu haurtxo hau, Maria?
MARIA Nire iloba, Iñaxio...
IÑAXIO A!... anaiarena izango da, e?...
MARIA Bai; badakizu nola baserrira ezkondu zen; bada ekarrarazi egin dut kontu egiteko. Honi begira jarri, eta nire penak kontatuaz, honek lagundu behar balit bezala egoten naiz; gaixoa! (Haurrari musu emanaz).
IÑAXIO Eraman ezazu, Maria, haur hori gelara; nik izkiribatuta utziko diot zure aitari, lehenbailehen jaso dezaten bere gurasoek.
MARIA Zoaz bada agudo, lehenbailehen etortzeko.
IÑAXIO Denbora gutxi barren etorriko naiz; laster arte, Maria! (Joaten da).
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |