|
Ramon Illarramendi
Maria belaunikatua dagoela, sartzen da On Antonio isil-isilik.
ON ANTONIO Belaunikatua dago ja! ja! zerbait jakin eta damutua. Hobe du, bai; dirudien bezala aitortzea; gainerakoan pagatuko du. Ote da inor besterik etxean? (begiratuaz) Ez dirudi, Joxe arrantzan izango da, eta Iñaxio gaur ez zen etorriko; zerbait igarri du hark ere, etorri ez denean! Ederki etorri zait, bakarrik bere burua ikusten duenean, inoren laguntza gabe, ikaratu eta aitortuko duela uste dut. Ikusiko dugu; damutua dagoela dirudi. (Deika) Maria!...
MARIA (Altxatzen da eskapa egin nahian; baina On Antoniok heltzen dio esku batetik). O!... On Antonio! Zer du garai honetan etxe honetara etortzeko? Nork ekarri du?
ON ANTONIO Bakarrik etorri naiz; badakizu, arrazoiarekin dabilena ez da ikaratzen non-nahi sartzea.
MARIA Zer arrazoi du berorrek?
ON ANTONIO Zer arrazoi dudan? Orain ikusiko duzu. Zuk nire semeari burua berotu diozu niri dirua lapurtzeko! Ez da egia?
MARIA O! Uste du berorrek Iñaxiok eta nik horrelako txarkeriarik egiteko grinarik dugula?
ON ANTONIO Aski; ez naiz ni hona hizketara etorri, aitortu hemen, bestela...!
MARIA Bestela, zer?
ON ANTONIO Ikusiko duzu nola aitortuko duzun; onean nahi ez baduzu, nik jakingo dut zer egin zurekin.
MARIA Ai, On Antonio, bai, bai, ez dauka gupida handirik inori horrela osasuna galarazten ibiltzeko. Iruditzen zaio, beraz, kulpa dudala? Ongi egiten du, errezelorik badauka; baina, denborarekin erantzungo dio aurpegira jendeak orain niri iraitzi nahi didan kargu izugarri hori!
ON ANTONIO Ez duzu aitortu nahi? bada zure hezurrak presondegian geldituko dira. Ez zara ezkonduko, ez! Zure gazte denbora eta uste dut bizia ere han utzi beharra izango duzula!
MARIA Nola liteke, On Antonio, ez den gauza aitortzea?
ON ANTONIO Ez dut gehiago zure ahotik hitzik entzun nahi. Akabatu dira hemengo festak! (Oihuka) Andres igo zaitezte...
MARIA Horra, mikeleteak! Jesus, Jesus! Hau lanbide tristea sortu zait!
ANDRES (Sototik) Hemen gatoz.
MARIA Zer, bi gizon dakartza ni, emakume triste bat, kartzelara eramateko? Fabore txiki bat eskatzen diot, On Antonio; azkenekoa izango da. Joango naiz bakarrik; ez ni utzi, On Antonio, bi gizon armaturen erdian eramaten.
ON ANTONIO Erdian eta gainera, eskuak atzera amarratuak dituzula, joan behar duzu; ez duzu amurrik eman nahi, bada ez naiz zu baino bat ere gutxiago. Onari, ontasuna, eta zu bezalako gaiztoari horrela, penak ematea gustatzen zait.
|