15. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  TestimonioFaltsua »  15. Irudia

Ramon Illarramendi



HAMABOSGARREN IRUDIA



Lehengoak eta bi mikeleteak



ANDRES Hemen ginen, On Antonio!

ON ANTONIO Badakizue zertara ekarrarazi zaituztedan; barkatuko nion, baina harkaitza baino gogorragoa da; bada sokaz ondo lotu eta... ostikopean eraman nire begien aurretik.

MARIA Barka iezadazu, Andres, Jaungoikoagatik; joango naiz bakarrik, kupi zaitezte, nitaz ez bada ere, nire etxekoengatik!

ON ANTONIO Ez da orain denbora; lotu! lotu! eta gogor. (On Antonio hasten da gelak miratzen maiz sartu eta atereaz).

MARIA Andres, faborez! Zer esango dute ni kalean ikustean bi gizon armaturen erdian? Nire denborako lotsaren jabe egiten naiz, ez zaitezela izan horren gogorra, gogoratuko naiz beti eta beti!... O!... nire bihotzaren saltoak! Ezin naiteke gehiago oinaren gainean egon! Andres, urrikal zaitez bihotzik baduzu; aitortzen dizut zinetan kulparik ez dugula; badakizue, nik esan gabe, gu zein garen! Ezin dut gehiago! Ezin irentsi dut gauza hau!

ANDRES Kupitzen nauzu, Maria; barkatuko nizuke poz handiarekin, baina badakizu; agintariaren aginteak... zorrotzak izaten direla.

ON ANTONIO (Gelako atetik) Zer? Ez al zarete atrebitzen zirtzil hori lotzera?

MARIA Bai, gizona, lotu nire beldur bazarete, ez naiz joka hasiko!

ANDRES Gogorra nintzen, Maria, baina trantze honetan uste dut nire ama lotu behar banu ere, nire bihotza ez litzatekeela horrela limurtuko.

DOMINGO Ez, ez dut gehiago sufrituko, ez dut utziko kulparik gabeko emakume garbi hau itxura horretan eramatea: ni ateratzen naiz honen jabe.

ANDRES Begira ezak gero, Domingo, zer egiten duan.

DOMINGO Ez dit axolarik, galduko ditut armak eta denak, baina ez naiz honi lagundu gabe geldituko.

ON ANTONIO Zer, hori ere badugu?

DOMINGO Gauza handia iruditzen al zaizu?

ON ANTONIO Bai handia bezala ere.

DOMINGO Niri ere handia iruditzen zait Maria presondegira eramatea, eta horrengatik lagundu nahi diot. Aditu al du?...

ON ANTONIO Harritzen naiz zuk egiten duzuna egitea.

ANDRES (Domingo-ri) Utz itzak txorakeria horiek; egingo diagu bakarrik bidaltzeko modua, eta ez hadila estutu.

DOMINGO Nola? Ezin liteke; ez dakizu bera gurekin batean etorriko dela?

ANDRES Arrazoi duk; ez dik alde egingo gugandik.

ON ANTONIO Tira, tira, Andres; ez niri ernegarazi, lotu txorakeria gutxirekin.

MARIA Lotu! Andres, lotu! Ez niregatik zure familiara negarrik eraman! Ez du gizon horrek bihotzik!

DOMINGO Ez, nik ez! Datorrela nigan erantzungarri guzia...

ON ANTONIO (Arrimatzen da, eta heltzen dio armatik Domingori). Beharko utzi.

DOMINGO Hori, nahi badut.

ON ANTONIO Baita nahi ez baduzu ere. (On Antoniok kendu nahi dio arma baina Domingok heltzen dio gogor)

DOMINGO Begira, poliki, poliki! E?...

ON ANTONIO Nire barren guzia kiskaltzen daukat... Nik barkatu hiri? Ez. (Arma eskutik kentzen dio.) Uzten duk edo bertan hilotza nahi duk gelditu? (Armarekin apuntatuaz).

DOMINGO Tira, gizon lotsagarria, tira; ez dut axolarik hil eta ere.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org