|
Ramon Illarramendi
Lehengoak eta Joxe; hau sartzen da On Antonioren alaba txikia besoetan daukala, honek eskumuturrean zaku txiki bat lotua, eta biak bustiak. On Antoniok, ezaguturik bere alaba, arma lurrera bota, eta salto batean gaineratzen zaio Joxeri.
ON ANTONIO O... Neure alaba maitea. Ikusten al duzue kulparik duten, edo ez? Nondik edo zertara dakarzu neure alaba etxe madarikatu honetara?
JOXE (Patxada handiarekin) Txist... Poliki, poliki, hitz horiek, adiskidea!
ON ANTONIO Zergatik?
JOXE Adi beza, eta gero esango du zergatik.
DENAK Bai, bai, esan!
JOXE Esango dut bada. Gaur, denboralea nola baitzegoen, ez naiz itsaso zabalera irten. Denboralea izan arren, nire etxean nola ezer ez dagoen ni tabernara joateko, atera naiz itsasoa gogortzen hasten zen tokiraino, arrain batzuk ateratzen ote nituen. Nire bateltxoan triste xamar ari nintzen maiz itsaso zabalera begiratuaz; halako batean sentitu ditut garrasi izugarriak; igarri diot norbait larri dabilena, begiratu alde guztietara, baina, alferrik; ez nuen inor ikusten.
ANDRES Ume gaixoa hotzak dago! Ekarzu hona; nik ohera eramango dut pixka bat berotu dadin.
ON ANTONIO (Ikusten duenean alabak eskutxotik daukala zakutxoa oihu handiz esaten du). Nire diruak!
ANDRES Egon, gizona, ez estutu; ez dizugu ostuko, hor izango dituzu gero ere.
ON ANTONIO Bai... baina kontatu egin nahi nituzke. (kentzen dio zakutxoa haurrari).
IÑAXIO Gero kontatuko ditu; orain adi dezagun Joxek esaten digun gertaera, eta zu; Maria! (gero aitari) Uzten dio, aita, itzurtzeko beldurrik gabe Mariari, Andresi arrebatxoa oheratzeko laguntzen?
ON ANTONIO Niregatik, nahi duen guzia.
IÑAXIO Beraz, lagundu iezaiozu, Maria; eta zuk, Joxe, buka ezazu agudo hasi zaren gertaera. (Ateratzen dira Andres eta Maria, hau haurra besoan daukala, laztanduaz).
DENAK Esan, Joxe, esan.
JOXE Nola inor ikusten ez nuen, eta garrasiak gero baino larritzen ari ziren, ebakirik amarrak abiatu naiz nora ez nekiela. Uste gabeko batean, ikusi dut arrokatik ia putzuratuan zegoela nexka txiki bat. Abiatu naiz eginahal guztian beregana, eta ia bertaratu naizen garaian: indarrak ahitu eta erori da putzura.
DOMlNGO Gizajoa!
JOXE Ezin nuen ura nahi bezain aisa ebaki, eta nahi adina indar egin ere ez. Gatazka larri hartan nenbilela, arrauna hautsi.
DENAK Nola?
JOXE Ez dakit nola; orduan itsuturik neure burua, saltatu naiz putzura ea harrapatzen ote nuen; eta bertaratu naizenean, gorde zait ur gainetik.
DENAK O!...
JOXE Baina Jaungoikoak nahi zuen ni ere zanbullaturik nire atzaparra trabatzea, eta ekarri dut nire etxera, on ustean, aldeago zelako. Orain, On Antonio, berorrek erabakiko du bere iritzian, ongi edo gaizki egin dudan.
ON ANTONIO Mila esker, Joxe; mila esker zor dizut egin didazun mesedeagatik. Baina diru horiek! Nolaz zituen nire alabak?
JOXE Harriturik nago ni ere, On Antonio. Ikusi diot zakutxo hori, baina ez naiz deliberatu ikustera.
|